Mikel Zabalzaren heriotzetik 30 urte betetzen direnean, bere kasuaren inguruan egin duten ‘Galdutako objektuak’ proiektu dokumentala aurkeztu dute Iruñeko Katakrak gunean. Bertan ‘Zabalza kasua’ deritzona eta torturak Euskal Herrian izan duen inpaktua uztartuko dituzte.
Ahotsa.info, Eguzki Bideoak, Filmotek, Piztu.info eta hainbat norbanakok hartuko dute parte eta 2016ko irailean prest izatekotan direla aurreratu dute. «Dokumental honetan Zabalza kasuarekin lotutako oro kontatu nahi dugu, bizi izan zutenei gogoratu eta gazteei eta deus ez dakitenei honen berri emateko», azaldu du Miguel Angel Llamas, ‘Pituk’.
Trailerra
Gaurko ekitaldian, ahotsa.infok zabaldu duenez, hauez gain, Mikel Zabalzaren senideek hartu dute parte eta eskerrak eman nahi izan dituzteurte hauetan jasotako babesagatik. «Gaur egun ia inork ez du eztabaidan jartzen gertatutakoa, baina egia osoa jakin beharra dugu».
Beraiekin batera izan dira hainbat eragile ere. Euskal Memoriako Arantxa Erasunek, bestetik, torturapean zendu diren beste hainbat herritarren izenak ekarri ditu gogora «eta herri honen memorian merezi duten tokia» eman behar zaiela aldarrikatu.
Egiari Zor elkarteko Nagore Mujikak, aldiz, «Mikelen heriotzean erantzunkizunak izan zituzten guztien izen eta abizenak» jakitea eskatu dute. Era berean, bertsio ofizialak «ez hanka ez buru» ez duela azpimarratu dute.
30 urte dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu zuenetik. Intxaurrondora eraman zuten, ETAko kidea izatea leporatuta. Ordu batzuk geroago, Bidasoa ibaiaren inguruan ihes egiten saiatu zela adierazi zuten. 20 egun eta gero agertu zen bere gorpua, behin eta berriz ikustatua izan zen toki batean.
Eta egun haietatik ona ekarri dute proiektuaren izenburua. Zabalzaren ama Intxaurrondora joan zenekoa da. Semearengatik galdetu eta «bila ezazu galdutak objektuen artean» erantzun ziotenekoa.
Heriotzaren inguruan itzalak izan dira gehienbat, eta lan honekin argi pixka bat eman nahi diote kasuari. Hala ere, gogora ekarri dutenez, «asko eta argiak dira Intxaurrondon eta torturapean hil zenaren frogak».