@aagirrezabal
Lesaka

Stephen Cummingsek, azken uneko erasoarekin, bi besoak altxa ditu Lesakan

Dimension Data taldeko Stephen Cummingsek Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa bereganatu du, hain berea duen azken kilometroko eraso bati esker. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan eta Mikel Landa arabarrak jarraitzen du buruan.

Stephen Cummingsek tropelari aurre hartu dio Lesakan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Stephen Cummingsek tropelari aurre hartu dio Lesakan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Amaiera ederra izan du Euskal Herriko Itzuliak hirugarren etapa honetan. Eraso ugari izan dira azken kilometroetan, baina berezkoa duen azken kilometroko esfortzuan nagusitu da Stephen Cummings ingelesa. Azken mila metrotan sartuta jo du erasoa Dimension Data taldeko txirrindulariak eta bi besoak altxatu ahal izan ditu Lesakako helmugan.

Ihesaldiaren eta esprinta nahi zutenen arteko lehia ikusteko aproposa zen gaurko ibilbidea. Gasteizetik abiatu dira txirrindulariak eta Sakanan barrena Nafarroan sartu dira, iparraldera egiteko. Azken kilometroetan Aritxulegi, Agina eta Piedad gainditu behar zituzten, tropelak kontrolatzeko ibilbide zaila.

Ihesaldi horren bila atera dira hasieratik Blel Kadri (Ag2r), Sam Oomen (Giant), Daniel Teklehaimanot (Dimension Data), Domingos Gonçalves (Caja Rural) eta, atzo moduan, Stefan Denifl (IAM). Hala ere, atzean Orica-GreenEDGE eta Trek taldeek, Simon Gerrans eta Fabio Felliniren aukerak baliatu nahirik, kontrolpean izan dituzte.

Aritxulegin gora hautsi da ihesaldia eta Denifl eta Oomen nabarmendu dira. Aldi berean, atzetik mugitu egin dira De Plus, Cataldo, Rolland, Simon Yates eta Dani Navarro. Azken honek, lehenbiziko etapan erakutsitako egoera fisiko onari jarraiki, bakarrik geratu da buruan Piedadeko aldapetan.

Gainetik helmugara bederatzi kilometro baino ez zeuden, baina tarteak oso txikiak ziren. Honela, azken hiru kilometroetan sartuta tropelak aurretik zeuden guztiak irentsi ditu. Aurreko lanak ordainduta, ez zegoen esprinta kontrola zezakeen talderik eta geldiune bat baliatu du Cummingsek tartea ireki eta helmugan metro batzuekin agertzeko.

Itzulia irabazteko hautagai nagusien artean ez da alderik izan. Piedadeko azken metroetan saiatu dira Pinot eta Samuel Sanchez, baina ez da diferentziarik izan. Beraz Mikel Landa murgiarrak jarraitzen du sailkapen nagusiko buru. Biharkoan, ordea, espero dira aldeak. Lesakatik abiatuta Orion izango dute helmuga eta Aiako aldapa gogorrak hiru aldiz gainditu beharko dituzte, bi azkenengo 15 kilometrotan sartuta.