‘Inception’ (2010), ‘Looper’ (2012), ‘Don Jon’ (2013) eta ‘The Walk’ (2015) filmetako protagonistak, Joseph Gordon-Levittek, egingo du Edward J. Snowdenen papera. AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionaleko (NSA) agente ohiak bere herrialdeak martxan zuen zaintza masiboaren programen berri eman zuen.
Berarekin batera agertuko dira filmean Shailene Woodley (‘The Descendants’, 2011, ‘Divergent’, 2014), Melissa Leo (Zilarrezko Maskorra 2008an Frozen River filmean egin zuen lanagatik) eta Nicolas Cage (gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra 1995ean ‘Leaving Las Vegas’ filmarengatik), besteak beste.
Stonek berak idatzi du gidoia Kieran Fitzgeraldekin batera, Luke Hardingen ‘The Snowden Files’ eta Anatoli Kutxeranaren ‘Time of the Octopus’ liburuetan oinarrituta. Hala, Stonek AEBetako pertsonaia eta gertakari gatazkatsu bat lantzen du beste behin, iraganean ere egin duen bezalaxe: Vietnam –‘Platoon’ (1986), ‘Born on the Fourth of July’ (1989)–; bere herrialdeko presidenteak –‘JFK’ (1991), ‘Nixon’ (1995) eta ‘W.’ (2008); ‘Wall Street’ (1987); ‘World Trade Center’ (2006), irailaren 11ren inguruan; edo telebistarentzat egin zuen seriea, ‘The Untold History of the United States’ (2012-2013), Zinemaldian osorik ikusi ahal izan zena.
Filmean NSAren dokumentu sekretuak filtratu zituen gizonaren gorabeherak kontatzen dira. Dokumentuak sekretuak ziren, eta gaur egun Snowden Errusian bizi da, errefuxiatu gisa.
Alemanian, AEBetan, Txinan eta Errusian filmatu dute lana. Open Road etxeak estreinatuko du filma AEBetan irailaren 16an, Wild Bunch arduratuko da nazioarteko banaketaz eta Vertigo Films Estatu espainoleko banaketa egiteaz. Urriaren 7an estreinatuko da filma Estatuan.
Zazpigarren bisita
Stonek Zinemaldira egiten duen zazpigarren bisita izango da, eta bere film bat Sail Ofizialean dagoen aurreneko aldia. 2012an Donostia saria jaso zuen hiru Oscar sari eta bost Urrezko Globo dituen New Yorkeko zuzendariak, bere ibilaldiaren aitortza gisa, Zinemaldiak 60 urte betetzen zituen urtean.
Datozen asteetan jakinaraziko dituzte antolatzaileek Sail Ofizialeko beste film batzuen izenak.