Martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herrietan egin behar diren herri-galdeketak babesteko ebazpen proposamen bat adostu dute EAJk eta EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hala aurkeztu dute batzarkide taldeetako bozeramaile diren Maria Eugenia Arrizabalagak eta Xabier Olanok.
Ebazpena bihar aztertuko dute Osoko Bilkuran, eta aurrera atera beharko litzateke, bi taldeen artean gehiengo osoa dute-eta.
Adostutako testuan, Euskal Herriko herritarrei «etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna» babesten dutela adierazten dute.
Era berean, «demokrazia herritarron erabakia» dela azpimarratzen da eta, beraz, eskubide hau gauzatzea «demokraziaren agerpen gorena» dela aldarrikatzen dute. Honela, erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak «aldarrikapenetik gauzatzera» egiteak duen balioa nabarmendu dute. Honela, herritarrei babesa agertu eta galdeketetan parte-hartzeko deia egin die.