Barakaldoko Udalak eman du salaketaren berri. Hedatutako informazioaren arabera, bart jazo zen sexu erasoa, Barakaldon. Biktimak Udaltzaingoari esandakoaren arabera, lau gaztek egin zioten eraso sexualki, trasteleku baten barruan.
Guztiak dira adingabeak, eta Udaleko iturrien arabera «nabaria» zen biktimari zerbait gertatu zitzaiola. Hala, ospitaleratu egin zuten hau, eta Ertzaintzaren esku geratu da ikerketa.
Berria jaso izan bezain laster deitu dute eledunen bilkura Barakaldoko Udalean datorren astearterako, 10.00etan hasita. Bertan, deitoratu egingo dute erasoa, eta Amaia del Campo alkateak elkarretaratzea egitea proposatuko die gainerako talde politikoei. Hau ere asteartean izango da, 18.00etan.
Gobernu taldeak, bere aldetik, «emakumeen askatasunaren aurkako eraso hau» salatu du eta biktimaren esku jarri ditu beharrezkoak diren udal zerbitzu guztiak. Era berean, antolatu den elkarretaratzean parte hartzeko eta ahotsa altxatzeko dei egin die herritar guztiei.