NAIZ
DONOSTIA

Aldundiak azalpenak eskatuko dizkio Federazioari Idiazabal-Elgoibar partidan gertatuagatik

Goipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatu Denis Itxasok azalpenak eskatuko dizkio Futbol Federazioari, Idiazabal eta Elgoibar taldeen arteko partidan euskararen inguruan epaileak izan zuen jarrera dela-eta. Epaileak jokalariei euskaraz egitea debekatu izana ezin dela onartu nabarmendu du.

Idiazabalgo Arizkorreta futbol-zelaian izan ziren gertaerak.
Idiazabalgo Arizkorreta futbol-zelaian izan ziren gertaerak.

Denis Itxaso diputatu nagusiorde eta Kultura eta Kiroleko diputatuak oharra kaleratu du, herenegun preferente mailako Idiazabal eta Elgoibar taldeen arteko partidan epaileak izan zuen jarreraren harira. Izan ere, euskaraz hitz egitea debekatu zien jokalariei epaileak. 

«Ofiziala den hizkuntz baten inguruan honelako mesfidantza eta aurreiritziak ulertezinak dira», adierazi du Itxasok.

Foru Aldundiak elkartasuna azaldu die bi taldeetako jokalariei eta horrelako jokabideak eta aurreiritziak gaitzetsi ditu.

Denis Itxasok nabarmendu duenez, «ahaleginak egiten ditugu kirola euskara sustatzeko tresna baliogarria izan dadin eta honelako gertaerek mesfidantza sortzen dituzte».

Hori dela-eta, gertatutakoa salatzeaz gain Federazioari azalpenak eskatuko dizkiola iragarri du.

«Kirola euskararen normalkuntzarako topalekua dela eta berdintasunaren balioa, baita hizkuntz-berdintasunarena ere, sustatzeko dela uste dugu eta horregatik, azalpenak eskatuko dizkiogu Federazioari», esan du.

«Ezin dugu onartu»

Euskara nahiz gaztelania «erabateko normaltasunez» erabiltzeko deia egin du Itxasok. «Euskara hizkuntz ofiziala da eta epaile honen jokabidea ezin dugu onartu», nabarmendu du.