Zigor Garro euskal preso politikoa Mont-de-Marsaneko espetxera gerturatu dute. Oreretarra 2006tik dago preso eta orain arte etxetik 680 kilometrotrara dagoen Saint Maurreko presondegian aurkitzen zen.
Zigor Garro euskal preso politikoa Saint Maurretik Mont-de-Marsango espetxera lekualdatu dute https://t.co/enTAUBRs6Z
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 27, 2018
Duela bi aste ere Euskal Herrira ekarri zuten, kasu horretan, Zokoan amari azken agurra emateko. Garrori bi urte eta erdiko espetxe zigorra geratzen zaio betetzeke.
Bere aldetik, Julen Mendizabal preso politiko arrasatearra Osnyko espetxean zegoen, sorterritik 927 kilometrotara, eta Mont-de-Marsanera lekualdatu dute, Etxeratek jakinarazi duenez. Mendizabali zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta hilabete pasatxo falta zaio kondena betetzeko.
Julen Mendizabal euskal preso politikoa Osnytik Mont-de-Marsango espetxera lekualdatu dute https://t.co/0VNX0j3ocV
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 27, 2018
Lakua: «Presoen gerturatzea legearen barnean eman daiteke»
Lakuako bozeramaile den Josu Erkorekak «albiste ona» dela nabarmendu du eta «presoen gerturatzea legearen barnean eman daitekeela» frogatzen duela. «Pauso bat» bezala definitu du eta, kazetariek hala galdetuta, espainiar Gobernuarengandik erantzunik egonen den ez dakiela azpimarratu nahi izan du.
Iñigo Urkulluren Gobernuak presoen gerturatzea «distentsio neurri positibotzat» duela gehitu du Erkoreka eta neurri hauek Lakuak «bultzatu» dituela baieztatu.