NAIZ
ARRASATE

EH Bildu, presente Isaias Carrascori egin zaion omenaldian

Isaias Carrasco omendu dute larunbat eguerdi honetan Arrasaten, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Omenaldian izan dira, lehen aldiz, EH Bilduko ordezkariak –Maddalen Iriarte eta Ainhoa Beola–. Ekitaldia hasi aurretik Carrascoren alarguna eta seme-alabak agurtu dituzte koalizioaren ordezkariek.

Maddalen Iriarte, PSE-ko kideekin batera. (ARGAZKI PRESS)
Maddalen Iriarte, PSE-ko kideekin batera. (ARGAZKI PRESS)

Hamar urte dira jada Isaias Carrasco PSE-ko kidea ETAren atentatuan hil zenetik. Ordutik, urtero egiten diote omenaldia alderdikideek Arrasaten, hura bizi zen herrian. Bada larunbat eguerdi honetan egin diote urteroko omenaldia, eta bertan izan dira lehen aldiz EH Bilduko kideak.

Maddalen Iriarte eta Ainhoa Beola izan dira koalizioaren ordezkarian omenaldian, non, besteak beste, Idoia Mendia PSE-ko idazkari nagusia, Patxi Lopez lehendakari ohia edota Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria izan diren. Oroimen ekitaldia hasi aurretik, Carrascoren alarguna eta haren seme-alabak agurtu dituzte Iriarte eta Beolak.

Mendia izan da ekitaldian hitza hartu duena. Honen esanetan, «demokraziak inposizioari» irabazi zion PSE-ri esker, hala nola «oroimenak ahanzturari» ere, eta gaineratu du egin gabe dagoela oraino «euren ideiak bazterrean utzi gabe terroreari aurre egin zietenei zor zaien omenaldia».

«Badira oraino zenbait galderei erantzun behar dietenak ere. Zertarako? Zer lortu zuten hainbeste min eraginda? Zergatik kostatzen zaie tragedia honetan duten ardura aitortzea? Zergatik ez onartu Euskadi eurak gabe altxatu izan dugula?», luzatu ditu galderak PSE-ko idazkari nagusiak.