naiz

Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia Lannemezango espetxera gerturatu dituzte

Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal preso politikoak Lannemezango espetxera lekualdatuak izan dira, Etxeratek jakinarazi duenez. Agirregabiria Fresnesen aurkitzen zen, etxetik 930 kilometrotara, eta Garitagoitia Poissyko espetxean, 950 kilometrotara.

Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia euskal presoak Lannemezango presondegira gerturatu dituzte, Etxeratek baieztatu duenez.

Agirregabiria santutxuarra, Fresneseko espetxean zegoen, sorterri duen Euskal Herritik 930 kilometrotara. Garitagoitia, bilbotarra ere, aldiz, 950 kilometrotara zegoen, Poissyn.

Hauekin, bederatzi dira dagoeneko frantziar Estatuan Mont-de-marsan eta Lannemezango espetxeetara gerturatu dituzten euskal preso politikoak. Lehen biak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Saint Maur eta Osnyko kartzeletatik Mont-de-Marsanera lekualdatu zituzten otsailaren bukaeran. Martxoaren hasieran, berriz, beste hiru preso lekualdatu zituzten: Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra. Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonneko kartzelan (550 kilometrora) aurkitzen ziren eta Salaberria, aldiz, Alençongo espetxean (830 kilometrora).

Era berean, martxoaren amaieran, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal preso politikoak Lannemezaneko espetxera gerturatu zituzten. Biak SaintMaur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora.

Hauetako bi, dagoeneko, aske geratu dira. Salaberria Donostiara itzuli zen 10 urteren ostean eta Mendizabal Arrasatera bost urteko espetxealdiaren ostean. Gerturatu dituzten presoetako biri, zigor luzeak ezarri zizkion Parisko epaitegiak.