Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Jakes Esnalek aurkezturiko bigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertuko dute gaur

Jakes Esnal presoak baldintzapeko askatasunean ateratzea eskatuz aurkeztu duen bigarren eskaera aztertuko du, gaur, kartzela zigorren betetzeaz arduratzen den frantziar auzitegiak. Ile-de-Re ko espetxean dagoen presoak 28 urte bete ditu kartzelan. 2008az geroztik bermepean libre izan behar zuen presoaren egoera salatzeko Bagoaz kolektiboak elkarretaratzea deitu du, 19.00etan, Donibane Lohizuneko geltokiaren aitzinean.

Jakes Esnal, ‘Xistor’ Haranburu eta Jon eta Unai Paroten askatasuna eskatzeko manifestazioa egin zuten apirilean Donibane Lohizunen. (Bob EDME)
Jakes Esnal, ‘Xistor’ Haranburu eta Jon eta Unai Paroten askatasuna eskatzeko manifestazioa egin zuten apirilean Donibane Lohizunen. (Bob EDME)

Ion Kepa Parot eta Xistor Haranburu bezala, bizi arteko zigorra ezarri zion frantziar justiziak Jakes Esnali. Beraiek bezala 1990ean atxilotu zuten Unai Paroti, berriz, bete beharreko 40 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak.

Bagoaz kolektiboak salatu duenez, Esnal, Parot eta Haranburuk orain arte luzatu dituzten baldintzapeko askatasun eskaera guziak errefusatu dituzte frantziar epaileek. Alta, Maritxu Paulus-Basurco abokatuak auzi berri honen karietara oroitarazi duenez 2008. urteaz geroztik bermepean libre izateko baldintzak betetzen ditu egun Ile-de-Re-ko espetxean dagoen Esnalek. 

Presoak bideokonfederentziaz jardungo du ateak itxita izanen den auzian. Paulus-Basurcok NAIZi azaldu dionez, Esnalek baldintzapeko askatasunean atera ahal izateko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu. Hala nola, lan eta etxebizitzari buruzko bermeak aurkeztu ditu presoak. 

Ezohiko legedia bertan behera utzi

Kondena luzeak bete dituzten presoen egoerari buruz oharra egin du Bagoaz kolektiboak, euskal jendarteak askotan preso horiek «egun bat gehiagorik» ez dutela kartzelan igaro behar aldarrikatu duela karrikan oroitu duela. 

Egoera politiko berriari erantzunez, ezohiko legedia bertan behera utzita espetxe politika errotik aldatzeko eskaera berretsi du hamar elkartetik gora biltzen duen kolektiboak. 

Kondena luzeak bete dituzten presoak eta eritasun larriak dituzten espetxeratuen egoera azpimarratu du bereziki Bagoazek. Finean, gizarteari zuzenduriko mobilizazio deia egin du kolektiboak, frantziar Gobernuak agindutako lehen lekualdaketen ondotik –euskal presoek osatzen duten kolektibo erdia Mont-de-Marsan eta Lannemezaneko espetxeetan dago–  preso guztiak lehenbailehen bertaratu daitzatela aldarrikatzeko.