Ofizialki onartuak izan gabe jarraitzen duten sakabanaketak hildako 16 lagunak gogoratu ditu larunbat honetan ‘Gutun mezulariak’ izeneko ekitaldiak Gernikako Lizeo antzokian.
Ikuskizuna hasi baino lehen, Urtzi Errazkin Etxerat Elkarteko bozeramaileak «elkarbizitzan aurrera egiteko» dispertsioak eragindako biktimien aitortza «ezinbestekoa» dela nabarmendu du.
«Gorrotoa eta mendekua lehentasun bezala hartzen duten estatuen aurrean», auzolana, oinarrizko lana, instituzioen eta eragile politiko eta sozialen parte hartzea eta mobilizizaioak aldarrikatu ditu Errazkinek.
Horregatik, gaurkoan José Maria Gorroño Gernikako alkatea, Ainhoa Salterain eta Jesús Lakerikagogeaskoa (EAJ), Jon Iñarritu, Julen Arzuega eta Egoitz Garmendia (EH Bildu), Pili Zabala eta Eneritz Madariaga (Ahal Dugu-Podemos), Ibon Arbulu eta Kizkitza Gil de San Vicente (Sortu), Leire Txakartegi eta Arrate Elkoro (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Ana Perez eta Saioa Arrien (Steilas), Igor Mera eta Iratxe Alvarez (ESK), Unai Ortega eta Mikel Gorostiaga (CNT), Luis Fuentes (CNT), Xabier Arriaga eta Amets Ladislao (EHNE), Maite Aristegi (Etxalde), Agus Hernan eta Teresa Toda (Foro Soziala), Anais Funosas (Bake Bidea), Inaxio Oiartzabal (Sare), Ainara Esteran (Egiari Zor), Mikel Casado (Hitz eta hotz), Eneko Calle (Paz con dignidad) eta Altsasuko Gurasoak, Addameer eta Euskadi-Cubako ordezkariak bertan izan dira.
Lizeoa beteta, sakabanaketak eragindako biktimen senideekin eta euskal preso politikoen senide eta lagunak ahaztu gabe, gaurko eguraldiarekin asteburuan kotxea hartu dutenak, hain zuzen ere. Tragedia horietan islatzen baita espetxe politika honekin ahalik eta lasterren amaitzeko beharra.
Argiak itzalita, lau agerraldi nahiko izan dira injustizia kontatu eta sentitzeko. Oholtzan, besaulkia, mahaia eta lanpara, partitura, harpa, txalapartarekin batera, irakurritako lau gutun gogorren artean arnasbide melodikoa izan direnak.
Lehenengo gutuna, motxiladun haur batena, kitarraren laguntzarekin rap baten bidez kontatu da. Sakabanaketak justizia ulertzeko zailtasuna eragin dio haurrari, amatik urrun sentitzearen ulertezintasuna, baita motxilan daraman zama kentzeko ezintasuna.
Bigarrena, alzheimerrak bidai luzeak egitea galarazi dion amamarena. Jon Maiak irakurritako mezua ahanzturaren aurkako alegatua izan da: «Alzheimerra txarra izango da, baina okerragoa da amnesia politikoa».
Hirugarrena, espainiar Estatuak 1989an espetxe politika aldatzeko hartu zuen erabakiaren kontrako gutuna izan da, kaiola urrun jartzearen aurkakoa, eta errepidean bizitza galdu dutenak gogoratu dituzte, 1989an Aranda de Dueron hil ziren Rosa eta Arantza, Leonen hil ziren Pilar eta Alfonso, eta hortik aurrera hil diren eta guztira 16 diren hildakoak: «16 malko, 16 lore, ahaztezinak diren 16 biktima».
Laugarrena, espetxe politikarekin amaitzeko eskaera izan da, off ahots baten bitartez irakurritakoa. Sakabanaketa senideentzat kondena bat dela salatu dute, 30 urte daraman kondena: «Titular iragankor batean azkar esan daiteke, baina denbora motel-motel igarotzen da».
Lau gutun, lau sufrimendu eta konponbidean aurrera egitekon 16 hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatzeko helburua, baita lau gutun horiek azkenekoak izango direlaren desira.