NAIZ

«Turisten kopurua ikusirik, segurtasunak kezkatzen nau», dio Larraineko auzapezak

«Holtzarteko zubiranzko zirkulazioa handia da eta beldur naiz azkenean D26 errepidean zerbait gertatuko dela». Larraineko auzapez berriak, Jean-Dominique Iriartek, nabarmendu du Larraineko lurretan kokaturik den natur eremuak turisten artean duen arrakastak segurtasun eta hondarkinen kudeaketa arazoak sortu dituela Zuberoako herrian.

Jean-Dominique Iriart Larraineko auzapeza. (Guillaume FAUVEAU)
Jean-Dominique Iriart Larraineko auzapeza. (Guillaume FAUVEAU)

«Jende kopurua ikusirik, segurtasunak kezkatzen nau, bereziki ibiltari kopuru handia ikusirik, zubiranzko zirkulazioa handia delako. D26 errepidean zerbait gertatuko da azkenean eta deiadarra jo nahi dut. Hainbat kilometrotan bi auto lerro ikusten ahal ditugu usu, bata goiti joaten eta bestea jausten. Herriko bi aparkaleku pribatuak beti beteak dira eta errepide ondoko auto uztea anarkikoa da», azaldu du auzapez izendatu berriak Kazeta.eus atarian.

Lurralde administratibo zabal baten arduradun, Jean-Dominique Iriartek aitortu du Herriko Etxean langile eta idazkari banarekin «biziki zaila dela lekuaren segurtasuna eta osasun egoera bermatzea».

Izan ere, gehiegizko jendetzak urririk den leku turistikoaren eta inguruen garbiketari eragiten dio. «30 kilometrotan zakarrontzi bakarra duen eremu bakarra dago, eta hau kontraesan zuzenean da garapen jasangarriarekin», deitoratu du auzapezak, gisako eremu gehiago galdegitearekin batera.

Euskal Elkargoa lurralde osoan turistak banatzeko eta barnealdean turismoa sustatzeko garatzen ari den kanpaina uda sasoi honetan eragin zuzena izaten ari da Holtzarteko gunean.

«Bisitariak barnealdera igorri aitzin, publikoa errezibitzeko egiturak egokiak diren egiaztatu beharko litzateke. Konpetentziak dituzten jendeek haien ardurak hartu behar dituzte», kexu da Alain Iriart eta horren arduraduntzat jo ditu Pirinio Atlantikoetako departamendua, Euskal Elkargoa eta Bil Ta Garbi sindikatua.

Deiadarra jotzeaz gain, Larraineko auzapez berriak batez ere autoritateen laguntza eskatu du. «Trabatze arazo hau ez da berria, baina sasoi honetan nabarmenago azaldu da. Leku batzuetan itomen sentimendua dago» onartu du Euskal Elkargoan turismoaren ardura duen Daniel Olçomendy Izurako auzapezak.

Elkargoaren baitan, ekintza esparru ezberdinak galdegiten dituen arazo transbertsala dela deritzote: turismoa, mugikortasuna, ingurumena eta hondarkinen kudeaketa. Alta, aterabideak aipatzen ditu Olçomendyk: «Lehenik, auzapezarekin turista kopurua neurtu behar dugu. Ondotik, aterabidea autobus ttipiak jartzea izaten ahal da, edo baita aparkaleku gehigarriak jartzea ere. Hondarkinei begira, dispositiboa osatu beharko litzateke».

Jakinarazi duenez, mendiko jendetasunik ezaren gaia lantzen ari dira Euskal Elkargoan.

Bere aldetik, Pirinio Atlantikoetako departamenduak «gaia landuko» duela hitz eman du eta soilik auto-gidarien segurtasunerako errepideen mantenuaz arduratzen dela oroitarazi du.

Edozein gisaz, Larraineko auzapeza laguntzeko prest azaldu da, autoa uzteko dekretuak eginez eta baita hesitzeko materialaz laguntzeko ere.