Naiz+ Naiz+

TxalpartAPP aplikazioa

Kazeta.info Amikuzeko bi gaztek, Damien Urrutyk eta Iban Lamarquek, Txalaparta musika tresnaren Iphone eta Ipad-endako lehen aplikazioa sortu dute. Aplikazioa TXALAPARTAPP du izena, eta posibilitatea emaiten du musika tresnaren soinu eta sentsasio berdinen sortzea.

Aplikazioaren sortzaileek nabarmendu dutenez, "edozoin momentuan sakelatik ateratzen ahal da txalaparta". Aplikazio berria heldu den azaroaren 1ean, goizeko 10etatik goiti telekargatu ahalko da AppStore-ean. Informazio gehiago http://www.txalapartapp.com helbidean.

Bi gazte amizkutarren esanetan aplikazio berriak "txalaparta nahi duzun lekutik eta nahi duzunean" jotzeko parada eskaintzen du. 4 ttakun ezberdin proposatzen ditu aplikazioak txalaparta jotzen laguntzeko. Maila apala izanda edo musika tresna tradizionala honi buruz ezagutza aski altua izan, txalaparta maite dutenek badute zer jo Iphone edo Ipad-a baliatuz.
Bi sortzaileek asmatu duten aplikazioari buruz xehetasunak emanez webgunea sortu dute. Bertan, txalapartari buruz zonbait azalpen historiko jaso dituzte.

Bertan azaldu dutenez, "bi euskarriren gainean jarritako zurezko ohol horizontalek osatzen dute txalaparta. Egur erabilienak haltza, gaztainondoa eta lizarra izan dira. Txalaparta lau makilez jotzen da, txalapartari bakoitzak bi makil dituela. Tradizioaren arabera, jole bat "ttakuna" ("tukutuna" edo "bia") eta bestea "herrena" ("urguna", "pikatzailea" edo "bata"). Lehenengoak oreka edo ordena ezartzen du bigarrenak desoreka sortzen duen bitartean".

Txalapartak ukan duen bilakaera aipatu dute ere. "Txalaparta zahar gehienek ez zuten bi edo hiru ohol baino gehiago izaten, baina egun dozena bat oholez osatutako txalaparta afinatuak ere aurki daitezke, eta horiei esker doinuak eta akordeak jo daitezke".