EH Bildu: «Gehiengo plurinazionala egongo bada, agenda plurinazionala egon beharko da»
Nerea Kortajarenak (EH Bildu) Gasteizko Parlamentura mota guztietako proposamenak ekarri dituztela gogoratu du, testuinguruak planteatu dieten egoerei erantzun zein aipatu izan duten herri erronkei aurrea hartzeko.
Etorkizunari begira, bost erronka estrategiko proposatu ditu EH Bilduk «herri honen zati honen modernizazio prozesu horretarako»: burujabetza estrategikoa, testuinguru energetiko eta ekonomiko globalean gakoa izango dena; energian, elikaduran eta industrian baldintza, tresna eta helburu propioekin jardutea; ongizate egiturak aldatzea, erronka demografikoari erantzuteko eta zaintzaren krisiari behingoz heltzeko; «herri honen zerbitzura» jardungo duen ezagutza sistema berritu, hezkuntza sisteman eta unibertsitate eta ikerketa sisteman transformatuz; identitate komunitario indartsu bat, kohesio soziala bermatuko duen identitate komunitarioa indartuz; eta Segurtasun eredu propio bat.
Lizarra-Garaziko adierazpenetik 25 urte betetzen diren honetan, Kortajarenak «momentu historiko honetan Euskal Herria herri bezala» aritu behar dela nabarmendu du. «Estatu espainiarrean zein frantsesean lurralde auziak protagonismoa hartuko du datozen hilabete eta urteetan. Estatu frantsesean 2024an aldaketa Konstituzionala gauzatzeko negoziazioak irekita dituzte kanakiar herriko ordezkariekin», gogoratu du.
Estatu espainiarrean ere nabaria da, Kortajarenaren esanetan, «estaturik gabeko nazioek jokatzen dugun papera; izan ere, Euskal Herriko eta Kataluniako independentista eta subiranistarik gabe ez da Espainiako Estatuan gobernu aurrerakoirik egongo». «PP-VOX eskuin muturreko aliantzari ateak ixteko konbentzimendu horrek berak legegintzaldi berri bati bide emango diolakoan gaude, baina ez da nahikoa izango. Gehiengo plurinazionala egongo bada, agenda plurinazionala egon beharko da», azpimarratu du.
«Eta honek, ezinbestean, Estatu espainiarrean existitzen diren arazo nazionalen inguruko eztabaida eta irtenbide demokratikoen inguruan hitz egitea ekarriko du. Aukera historiko hau aprobetxatu egin behar dela uste dugu, eta anbizioarekin egin behar dela», azpimarratu du.
«Beraz, EH Bilduren eskua luzaturik dago elkarlanerako eta akordio historiko zabal bat erdiesteko. Gure proposamena irekia da, alderdikerietatik at kokatzen da eta momentu historikoak eskatzen digun anbizioa eta zuhurtziarekin egina dago. Euskal Herriak bere nazio izaera aitortua behar du, errespetatua eta demokratikoki adierazia. Bide hau, Lehendakari jauna, denen artean egin behar dugu. Borondate guztiak bilduta. Gonbitea luzatzen dizuegu, Lehendakari jauna, baita ere borondatea duen alderdi orori», nabarmendu du.