1977/2024 , 20 de Enero

Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bazen mediku bat Ondarroan, arrainontziak sendatzen zituena

Ia hiru hamarkada atzera eginez gero, gaur egunera arte bizirik iraun ez duten ofizioak aurki daitezke, lanbide hilak. Alazne Basañez kazetariak ofizio bakan baten kronika ekarri zuen Ondarroatik 1996ko urtarrilaren 21eko 'Egin'-en alera.

 

Ondarroako portuko artxiboko irudia; 2002koa.
Ondarroako portuko artxiboko irudia; 2002koa. (Jon URBE | FOKU)

Itsasgizon eta itsasandre zaharrek baino ez dituzte oroituko 1996an jada galbidean zen ofizioarenak. Juan Beristain ondarroarra izan zen, hark esatea maite zuen eran, arrainontzien medikuntzan azkenetako ordezkaria. Hark zuen belarririk finena, eta gai zen barkuei izokina uxaraziko zuten soinuak entzuteko, pazientea auskultatzen duen doktorearen antzera. Arrainak hartu ezinean zebiltzan arrantzaleen kezkak konpontzen zituen, barkuen eztulak sendatuz.

Itsasgizon eta itsasandre zaharrek baino ez lituzkete oroituko 1996an jada galbidean zen ofizioarenak, Alazne Basañez kazetariak ez balitu orduan kronika batean jaso. Luma finez ezagutzera eman zion 'Egin'-eko irakurleari Beristainen ofizioa, eta Ondarroako portuaren garai hartako argazki zehatza dakarte gaur lerrook. 'Egin'-en argitara eman zen kronika berreskuratu dugu, osorik, irakurleek ere aditu ditzaten duela 28 urte arrainontzien tripek egiten zituzten orroak. Abant:

Arrainek ere ez dute zaratarik maite

Porturatu diren untzien inguruan sortzen da aktibitatea goizeko lehen orduetan. Ondarroako Kofradiaren salmenta aretoko joan-etorrian lasaitzen ari da. Hamarretarako, hiru kaxa sardina besterik ez dira geratzen. Kanpoan, aldiz, joan-etorriak etengabeak dira. Santoñako itsasontzi batean arraina deskargatzen ari diren bitartean, ondokoan garbiketa lanetan ari dira, gau osoko lanaren ostean lotara joateko presaz. Inguruan, garabien artean, agure bat agertzen da. Izotz pusketen artean galduriko sardinak jasotzen ditu plastikozko poltsara.

Soinu ezberdinek osaturiko zaratapean, zarata bera bilakatu da protagonista, hau baita Juan Beristainen ofizioaren funtsa.

Portuak dira ondarroar honen lantegiak, eta baxurako untzien bihotzean burutzen du lana. Hots ez-harmonikoen iturburua deskubritzea da bere zeregina. «Atuna sentsibilitate handiko arraina da, bista luzea duena, eta gauza arrarorik sumatzen badu, ez da hurbiltzen».

Hegaluzea eta zimarroia era tradizionalean harrapatzeko asko hurbildu behar da, eta untziak hots ez-harmonikoak egiten baditu, ez da gerturatzen. «Kanaberekin aritzen direnek asko arrimatu behar dute atuna eta zimarroia harrapatzeko. Askotan, anomaliarik badago, arraina ez da arrimatzen maluta botatzen denean. Behean, makinetan, errodamenduak gaizki daudelako, bonbek kabitazioak dituztelako edo fuga estatikoak eman direlako izaten da hori». Honelakoak gerta ez daitezen, Beristainek azterketa osoa egiten dio untziari itsasoratu baino lehen. «Zarata sortzen duena konpondu, eta gero bakartu egin behar da, kanpora atera ez daitezen».

Kantauri osoan ofizio honetara dedikatzen den bakarra izan da orain dela bi urte arte, Bermeon beste bat hasi arte. Historia errepikatzen dela dirudi. Bera hasi zenean, Bermeon Alberto Aurrekoetxea zebilen, 'Frai Alberto' izengoitiaz ezaguna zena. Beristaini batzuek 'cura' esaten diote, baina berari ez zaio gustatzen, medikua nahiago du.

Batetik bestera

Urte asko egin ditu lan honetan. «14-15 urterekin hasi nintzen tailerrean txalupak muntatzen. Garai hartan, bazegoen Bermeon zarataren gorabeherarekin hasi zen bat. Arrantzalea zen eta ikusi zuen atunak gauza arraroak egiten zituela, arrimatu eta gero alde egin, eta horrelakoak. Bera hasi zen aparatuekin». Untziak entregatu aurretik egiten zituzten berrikuspenetan zaratarena ere kontuan hartzen zuten tailerrekoek. Ordurako, sonometroa, azelerometroa, dezibelak eta erresonantziak neurtzeko tresnak eta bibrazioak aztertzeko aparatuak ere bazituen Beristainek. «Denboraldi batean lan asko zegoen, eta herriko txalupak bakarrik aztertzen genituen, erbestera joateko modurik ez zegoen. Handik denbora batera, tailerra zarratu egin zen eta aparatuekin hasi nintzen txalupak ikusten».

«Ez da erakuts daitekeen ofizioa. Tranpa asko daude eta sufritutakoak erakusten dizu»

Gaur egun Donibane-Lohizunetik Asturiasera dabilen bakarra da. Ekainean hasten da eta egunean hiruzpalau untzi aztertzen ditu. «Gehiago ikus daitezke, zortzi eta hamar ere bai, baina gaizki. Ondo ikusteko, hiru nahikoa dira. Barruan, makinetan, tenperatura oso altua izaten da eta momentu txarrak pasatzen dira».

Azoresetan era tradizionalean diharduten untziak dira denboraldiaren hasiera markatzen dutenak. Itsasoratu baino lehen, Beristainek aztertu egiten ditu. «Txaluparen beheak ikusten ditut, ea distirarik duten. Hala balitz, azidoekin belztu egiten ditugu. Atunak bista luzea du, eta distirarik ikusten badu ez dago harrapatzerik. Kolorea egonkortu egin behar da. Gero, helizea, lema... Barrukoa ikusi ondoren, txalupa itsasora eramaten dugu, arrantzan erabiliko dituzten lanabesak barruan daudela. Orain, aztertu behar da zenbat bueltatan den zarata. Adibidez, milioi bat bueltatan zarata egiten badu 900.000 eta 1.100.000 bueltatan arrantza egiteko esaten diet».

Ekainaren 22tik aurrera ematen diote hasiera kosterari maluta biziaz arrantzatzen dutenek. Prozesua antzekoa da barrualdean. Itsasoan, berriz, aldatu egiten da. «Txalupa arrantzarako moduan jarri behar da: abant. Orduan, aztertzen ditut bonbak, motorrak, isolatzeak... Patroiari gaizki ikusi dudanaren berri ematen diot eta tailerrera eramaten ditu, adibidez, bonbak, errodamenduak... Zubia ere aztertu egin behar da. Honek teknologia handiko tresneria du, eta masak fuga estatikoak eta halakoak sortzen ditu».

Gizona nigarrez

Untziak beharrera atera eta, arazoak badituzte, porturatu egiten dira berriro, eta Beristainek beste azterketa bat egiten du. Ofizio honetan gauza asko ikusi ditu. Behin, Asturiasetik hots egin zioten, itsasoan zegoen untzi batek arazoak zituela eta ez zuela ezer harrapatu esanez. «Kotxea hartu eta bertara joan nintzen. Gaueko hamarretan edo iritsi nintzen eta patroia txalupako jantokian nigarrez aurkitu nuen. 'Zer gertatzen da?' galdetu nion. 'Txalupa utzi eta etxera noa', esan zidan. 'Trankil hartu, zeozer egingo dugu eta'. Hasi nintzen lanean eta bekatuak aurkitu nituen. Tailerrak itxita zeuden eta neuk konpondu nituen, mekanikoa izan naiz eta. Lasai joateko esan nion. Ikusi behar da 50 urteko gizona nigarrez!».

Ofizioa norbaiti erakutsi dion galdetzerakoan, erakusterik ez dagoela erantzuten du. «Sufritutakoak erakusten du. Txalupa asko muntatu ditut eta horien sekretuak ezagutzen ditut. Ez da erakuts daitekeen gauza bat. Gertatu da aparatuekin ibili eta ezer ez lortzea. Tranpa asko daude».