1987ko urtarrilaren 23an, 12 euskal preso politiko Daroca, Ocaña eta Huescako kartzeletara eraman zituzten Herrera Manchakotik. Biharamunean, 'Egin' egunkariak lekualdatze horien berri eman zuen bere lehen orrialdean, eta egun berean, Herreratik beste lau preso eta Alcala Mecotik beste bat eraman zituzten; Almeriara, lehenengo laurak, eta Darocara, bosgarrena. Euskal presoen eta haien senideen zigorra nabarmen areagotu zuen sakabanatze eta urruntze politikaren hasiera izan zen. 36 urtez luzatu zen espetxe politika hura, eta eragin handia izan zuen gatazka politikoan.
Ordurako, Euskal Herritik urruntzea ez zen kontu berria euskal preso politikoentzat. 1978tik Soria, Puerto de Santa Maria, Carabanchel, Herrera Mancha edo Paris inguruko kartzeletan izan ziren, baina multzo handitan. 1986an haietako bakan batzuk Langraizko espetxera eraman zituzten eta mugimendu hura «gizarteratze» politikarekin lotu nahi izan zuen Madrilgo Gobernuak. Hala ere, hara eramandakoek berek gezurtatu egin zuten bide horri heldu ziotela, eta politika hura salatu zuten.
Duela 37 urteko urtarril hartan barreiatutakoek protestak abiatu zituzten beren egoera salatzeko, eta otsailaren 10ean, euskal preso politikoen multzo handienak zeuden kartzeletan planto bat egin zuten, eta jarraian itxialdi luze bat zeldetan.
Urte hartan bertan antzeko beste hiru lekualdatze izan ziren, bakoitza hamar lagunetik gorakoa, gehienak euskal presorik ez zegoen kartzeletara. Hurrengo urtean jarraitu zuten lekualdatzeek, kartzela gehiagotara. 1989ko uda aurretik hasita zenbait hilabeteren epean, Herrera eta Carabanchel, emakumezkoen kasuan, dispertsioaren bi kartzela gehiago ziren, preso politiko kopuru txiki banarekin. 1989ko urte amaieran 500 euskal preso politiko baino gehiago zeuden 79 espetxetan sakabanatuta, tartean Mallorca, Eivissa, Ceuta, Melilla, Tenerife, Salto del Negro eta Estatu frantseseko espetxe urrunenak.
Sakabanatzea muturrera eramanda, espetxeetako moduluetan ere banatu zituzten, eta sakabanatzearen barruan, sakabanatze hori emakumeek jasan zuten modurik latzenean, gizonezkoak baino askoz gutxiago zirenez gero.
Iazko martxoan amaitu zen sakabanatzea.
Elkarrizketa politikoak Aljerren
1989ko 23an, ETAk eta Gobernu espainiarrak adostutako «elkarrizketa politikoetarako mahaia» eratu zuten Aljerren. 'Egin'-ek eman zuen horren berri, euskal erakunde armatuaren agiria argitaratzeaz batera. Agirian, ETAk, hamabost egun lehenago abiatu zuen aldebakarreko su-etenaren azken egunean, bi hilabeteko menia iragarri zuen.
Modu ofizialean aitortutako lehen akordioa izan zen, bederatzi puntutan gauzatua, hartarako «gutxieneko baldintzak» bete baitziren. Edonola ere, erakunde armatuak honela ohartarazi zuen: «Ez dugu itxaropen faltsurik edo konponbide magikorik hauspotu nahi, ez dugu halakorik egin behar».
Bederatzi puntu horiek ordura arte alde biek adostutakoa jasotzen zuten: gatazka politikoaren inguruan eztabaidatzeko mahaia osatzea, Aljeriako Gobernua elkarrizketen eta horietatik sortu litezkeen konpromisoen bitartekari eta moderatzaile izatea, aldian-aldian elkarrizketen bilakaeraren berri ematea eta bi hilabeteko distentsio aldia zabaltzea, besteak beste.
«Distentsio aldi» hartan, Eugenio Etxebeste, Belen Gonzalez eta Iñaki Arakamak osatutako euskal ordezkaritzak eta Rafael Vera eta Juan Manuel Eguiagarayk osatutako ordezkaritza espainiarrak bost bilera egin zituzten.
1989ko martxoaren 22an elkarrizketek pauso bat eman zuten negoziaziora bidean, eta 27an ETAk hiru hilabeteko beste su-eten bat iragarri zuen. Apirilaren 4an, baina, eten egin zuen, Gobernuak bi aldeen artean hitzartutako testua aldatu baitzuen. Elkarrizketak eten ondoren, Espainiako Gobernuak Aljeriatik kanporatu zituen han ziren euskal errefuxiatuak, eta ETAren ordezkaritza Dominikar Errepublikara bidali zuen.
Gregorio Ordoñez, atentatuan hila
Sei urte geroagoko egun berean, 1995eko urtarrilaren 23an, Gregorio Ordoñez Gipuzkoako PPko presidentea, Donostiako zinegotzia eta Gasteizko parlamentaria hil egin zen ETAk egindako atentatu baten ondorioz. Bere alderdiko beste hiru kiderekin Donostiako La Cepa jatetxean bazkaltzen ari zela, gizon bat laurak zeuden mahairaino hurbildu eta tiro egin zion Ordoñezi buruan.
Ordoñez Donostiako Alkatetzarako hautagaia zen, bere alderdiko presidente Jose Maria Aznarrek izendatua. Erakunde politiko askok gaitzetsi zuten gertaera, baita Juan Carlos I.a erregeak eta Gobernu espainiarrak ere.
Ordutik beste 21 kargu politiko hil ziren ETAren atentatuetan, tartean Miguel Angel Blanco Eibarko zinegotzia, ETAk bahitu ondoren, sakabanatze politika bertan behera uzteko eskatuz.
Hura ez zen kargu politiko baten aurkako lehen atentatua izan, ordea. Diktadura garaian, Luis Carrero Blanco Gobernu espainiarreko presidentea hil zuen ETAk 1973ko abenduaren 20an, eta hurrengo urteetan beste hainbat politikari frankista ere bai. 1980an ETA pm-k UCD alderdiaren aurkako kanpaina armatua iragarri zuen, eta alderdi haren zuzendaritzako zenbait kide hil ziren erakunde haren atentatuetan. 1984ko otsailaren 23an, Komando Autonomoek Enrique Casas PSOEko senataria hil zuten.
Lehenago, baina, ezker abertzaleko politikariak izan ziren Estatuaren indar armatuen eta gerra zikinaren jomuga, hala nola Tomas Alba eta Mikel Arregi, hurrenez hurren Donostia eta Lakuntzako zinegotziak, 1979an hilak; Xanti Brouard Gasteizen parlamentari zela 1984an hila; Josu Muguruza, Madrilen diputatua, 1989an hila; edo Josean Cardosa postaria, zeinari 1989an HBko kide bati bidalitako bonba-gutunak eztanda egin zion.
Ipar Euskal Herriko Elkargoa, abian
Urtarrilaren 23a egun historikoa izan zuten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako biztanleek. 2017ko egun horretan Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa abiatu zen, hango hiru lurraldeak bere barnean hartzen dituen instituzioa, hainbat hamarkadatan Administrazio frantses jakobinoaren jarrerari aurre egin ondoren sortu zena, GARAk hurrengo egunean azpimarratu zuenez.
Jean-Rene Etchegaray, Baionako alkatea, instituzio berriaren presidente hautatu zuten. Elkargoaren lehen biltzar hartan Iruñeko eta Gasteizko gobernuak izan ziren, baita Eudel eta Udalbiltza ere. Azken honen presentzia nabarmendu zuen Elkargoaren presidenteak, Euskal Herriko instituzio nazionala izaki.
Ipar Euskal Herriko 158 udalerriak hartzen dituen Elkargoa eratzeko bidea ez zen erraza izan, baina ekinez, elkarrizketak fruituak eman zituen eta herritarren euskal atxikimenduak nahitaezko bi oztopoak gainditu zituen, udalbatzen % 70en eta herritarren % 66ren babesa lortuta.
Instituzio hori, jakina, ez zen iritsi Frantziako Estatuaren egungo antolamenduarekin hausturatik; hala ere, Euskal Elkargoak, alde batetik, balio sinboliko handia du, Ipar Euskal Herriko euskaldunen lorpen historikoa baita; bestetik, praktikan, aukera bat da elkarrekin aurrera egiteko, urteetako erabateko immobilismoaren ondoren.
‘Etorkizuneko Artefaktua 1977-2024’ dinamikaren baitan, Etchegaray bera elkarrizketatu dugu. Atzo argitaratu genuen NAIZen Maite Ubiria lankideak lehendakariari egindako elkarrizketa. Hona hemen izenburu nagusia (eta esanguratsua) eta elkarrizketari lotura: «Egungo instituziotik harago joateko nahirik ba ote dudan? Bai, bai eta bai».