CONTENIDO PATROCINADO

Berriozarren prest dira bost eguneko jai egitarauaz gozatzeko

Udako oporrak amaitzear diren honetan, Berriozarren prest dira txupinazoa bota eta bost eguneko jai egitarauaz gozatzeko. Asteazkenean bertan, 400 pertsona baino gehiago biltzen dituen gazte bazkaria egingo dute eta, igandera bitartean, adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira.

Asteazken arratsaldean botako dute jaietako txupinazoa Berriozarren.
Asteazken arratsaldean botako dute jaietako txupinazoa Berriozarren. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jaietako txupinazoa asteazken arratsaldean botako dute eta aurten Txori Zuri dantza taldeko ordezkariak izango dira ohore hori izango dutenak, 45 urtetan herriaren eta euskal kulturaren enbaxadore izateagatik. Txupinazoa baino lehen, ordea, 400 pertsona baino gehiago biltzen dituen gazte bazkaria egingo da Ilargi plazan.

Gainontzean, aurtengo jai egitarauak hain arrakastatsua izaten ari den ildo berbera jarraituko du, batez ere herritarren parte-hartzea eta herriko kolektibo, peña eta erakundeen inplikazioa bilatuz, horiek gabe ezinezkoa bailitzateke jaiak antolatzea. Aurten, gainera, kaleko musika emanaldiak eta haurrentzako jarduerak indartu dira.

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira Nafarroako Emaileen Plazako jai gune berria (besteak beste, Kiki Ball, gazteentzako DJak edo Bandaren kontzertua jasoko dituena), edota bermut formatuko musika ikuskizunak; ostiralean, adinekoei eskainita, Jubilatuen Elkartean eta larunbatean, joten erronda batekin.

Haurrentzako jarduerak ere indartu egin dira, Maestro Turrillas plazan izango duen kokaleku berrian. Gainera, hilaren 29an, osteguna, neska-mutil nagusiek Berriozarko alde zaharreko kaleak hartuko dituzte, Hulargi eta Txori Zuriren eskutik, berriozartar guztientzat xarma berezia duen dantzaldi tradizional eta herrikoiaren protagonistak izanik.

Iazko aurrekontua gaindituz, aurten Udalak 110.000 euro baino gehiago bideratu ditu jaien egitaraua osatzen duten ekintza ezberdinak antolatzera. Horretaz gain, azpimarratzekoak dira jaietan ekitaldiak antolatzen dituzten herriko taldeei hitzarmenen bidez ematen zaizkien ia 16.000 euro, peñen jardueretarako diru-laguntzak (7.860 euro) edo jaien aurreko jarduerak (10.000 euro inguru).

Berriozarko alkateak, Iker Mariezkurrenak, dei egin die herritarrei zein bisitariei jaietan modu osasungarri eta jasangarrian parte hartzera, saltoki txikiei eta tokiko ostalaritzari lagunduz, baita jaietan egongo ez direnak gogoratuz eta adinekoei maitasun berezia erakutsiz.

Berriozar, eraso sexistarik gabeko herria

Bestalde, aurten ere Berriozarko herriak indarkeria matxista ororen aurkako jarrera erakutsi du, emakumeen aurkako inolako manifestaziorik onartuko ez duela berretsiz.

Horrela, Berriozarko Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, eta herriko Talde Feministarekin batera, jaietan eraso sexisten aurkako protokoloa garatu du. Edozein erasori aurre egiteko telefono bat (660344692) edukitzeaz gain, ostiralean eta larunbatean, 21:00etatik 02:00etara Ilargi Plazan puntu more bat jarriko da.

Helburu berarekin, Berriozarko Udalak bat egiten du Nafarroako Gobernuak antolatutako “Berriozarren gozatu, partekatu eta errespetatu” kanpainarekin.

Berriozarko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Berriozarko Udala, A-zero Kopiagintza.