Andoaindik, Martin Ugalde Kultur Parketik, abiatu zen atzo arratsaldean Korrika 18. Euripean abiatu zen euskararen aldarria Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko duen lasterketa, baina jendetzak girotutako berotasunean ondu zen atzoko irteera. Andoaindik Goierri alderako bidea hartu zuen Korrikak eta goizaldean, Zegama atzean utzi ondoren, Altsasura joan da.
Urdiain, Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Uharte Arakil eta Irañetatik inguruetan ibili da goizean. Elur eta itzotz artean egin dituzte korrikalariek eguneko lehenengo orduak, baina harrera benetan beroa jaso dute.
Lakuntzan, esaterako, suziriekin eman die ongietorria Korrikari. Orritz dantza taldeko kideak, bestalde, pertsonaia mitologikoen mozorroekin egin dute bat euskararen aldeko aldarriarekin.
Lekunberrin korrika egiteko arazo ugari izan dira, baina Korrikak aurrera egin du. Zenbait bizilagunek orduak egin dituzte antolakuntzako furgonetaren atzetik korrika. Jonek, esaterako, hiru orduko saioa egin du, Irurtzundik Ultzamaraino.
Etxarrirako bidea lasai joan da Maider Iantzi GARAko berriemaile bereziak esan duenez. Puntual egin du ibilbidea, eta zenbait momentutan aurreratuta ere joan da.
Eguerdian heldu da Iruñerrira, eguraldia lagun eta giro ederrean.
Antsoaindik pasa denean, adibidez, etxe kaleratzeen aurkako aldarriak edota Biurdana ikastetxearen masifikazioaren aldarriek bat egin dute euskararen aldeko mezuekin. Joaldun gaztetxoak ere animatu dira puntu honetan beren metrotxoak egitera.
Bide bazterretan zein etxeetako leihoetan, animo mezu ugari jaso dituzte korrikalariek, eta une hunkigarriak sentitu dira.
Arrosadia, Iturrama, Zizur Txikia, Barañain... Horiek izan dira Iruñeko Alde Zaharrera abiatu baino lehen gurutzatu dituzten lekuak.
Korrika bera handi egiten duten deitaile txiki asko izan dira ibilbidean zehar: euskarari emanda kilometro asko egin dituzten lagunak –30 ere egin dituztenak badira–, tarteka agertu den ikurriña erraldoia, nonahi entzun diren kantuak, bide bazterretatik jasotako txaloak...
Alde Zaharrean ere jende ugari ibili da, Iruñea eta Nafarroa ere euskararen alde daudela aldarrikatzeko.
Larunbatean Ipar Euskal Herrira iritsi baino lehen, Lizarrarako bidea hartu dute korrikalariek.