NAIZ
JERUSALEN

Dozenaka zauritu Jerusalemen, Israel ustezko erasotzaileen etxebizitzak eraistera joatean

Gauean hil da Jersualemen sinagoga baten aurka izandako erasoan larri zauritu zenetako bat. Bost dira, beraz, erasoaren ondorioz hildakoak, israeldar poliziak hil zituen bi erasotzaile palestinarrez gain. Erantzun gogorra iragarri zuen Netanyahuk eta bart erasotzaileen senideen etxeak eraistera joan dira soldadu israeldarrak. Herritarrek aurre egin diete eta dozenaka dira zaurituak.

Palestinar gazte bat atzo soldadu israeldarren gas negareragiledun ontzia soldaduei «itzultzen». (ABBAS MOMANI  / AFP)
Palestinar gazte bat atzo soldadu israeldarren gas negareragiledun ontzia soldaduei «itzultzen». (ABBAS MOMANI / AFP)

Harriak eskuan soldaduei aurre eginez izan dira astearte iluntzean Jerusalem ekialdean bizi diren palestinarrak. Hiri beraren mendebaldean atzo izandako erasoaren ondorioz zazpi dira, jada, hildakoak, bi pallestinar erasotzaileak eta bost israeldar; bart hil baita larri zauritu zenetako bat.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erantzun gogorra iragarri zuen eta tentsioak gora egin du inguruan. Lehen erantzuna erasotzaileen senideen etxebizitzak eraistea izan da, baina inguruko herritarrek aurre egin diete soldaduei eta liskarrak izan dira azken orduetan.

Dozenaka dira Jerusalemgo auzo ezberdinetan izandako zaurituak. 10 gutxienez al-Ram inguruan eta beste 25 Sur Baher auzoan, hiriaren hegoaldean. Beste bost zauritu izan dira Urif hirian, Nablusen hegoaldean.

Hebron inguruan ere errepide kontroletan erasoak izan dira eta erasoa izan eta gutxira erasotzaileetako baten 10 senide atxilotu zituztela adierazi du Addameer eskubideen aldeko taldeak.

Lau hilabeteko tentsio gorakada

Netanyahuren hitzak entzunda, hala ere, erantzun larriagoa espero da hurrengo orduetan. Israelgo Gobernuak Mahmud Abbas Aginte Palestinarreko buruari egotzi dio erasoa, honek gaitzetsi egin duen arren. Abbasek probokazioekin ez jarraitzeko eskatu dio Netanyahuri. PFLP (Palestinaren Askapenerako Herri Frontea, ingelesez) taldeak hartu du bere gain atzoko erasoa.

Azken hilabeteetan nabarmen gora egin du tentsioak Palestina eta Israelen artean. Uztailaren 2an Jerusalemgo muturreko juduek palestinar nerabe bat bizirik erre zuten, hiru israeldarren heriotzaren mendeku gisa, poliziak Hamas izan zenik ukatu zuen arren. Hilabete beranduago palestinar batek bere autoarekin tranbiaren zain ziren israeldar batzuen aurka egin zuen, horietako bat hilez. Poliziak gidaria hil zuen. Hilabetera polizia israeldarrak eragindako zaurien ondorioz beste gazte palestinar bat hil zen eta liskarrek ez zuten etenik izan. Bi hilabetean ia 800 palestinar atxilotu zituzten israeldarrek.

Urriaren azken astean hainbat eraso egin zituzten palestinarrek autoz israeldarren aurka. Azaroaren 13an Israelgo Gobernuak Jerusalemgo kolonietan etxebizitza gehiagoren eraikuntza iragarri zuen. Hiru egun beranduago, kolono juduek autobus gidari palestinar bat torturatu eta urkatu zuten.