Ez da arraroa mahai bat boto-txartelez beteta ikustea, eta nola jende multzo batek txartel horiek gutun-azaletan sartzen dituen, gero herriko buzoi guztietan banatzeko; edozein hauteskunde bezperetan alderdietako militanteen ohiko eginkizuna izan da. Baina gaurko honek zerbait berezia dauka. Ez dira boto-txartelak, eta horiek sartzen ari direnak ere ez dira alderdi jakin bateko militanteak. «Nahi duzu euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan?» galdera azaltzen da txartelean. Eta horixe da igande honetan goierritarrek erantzun ahal izango duten galdera, baiezkoarekin, ezezkoarekin edo boto zuriarekin. Gutun-azaletan sartzen ari direnen artean, preso baten ama, EAJko zinegotzi bat, militante feminista bat, politikan jardun gabeko gazte bat… herritar arruntak, erabakitzeko eskubidea defendatzea dutenak lotura.
2014. urtea zen, ekaina. Gure Esku Dago plataformak giza-kate baten bidez Iruñea eta Durango lotzea proposatu zuen, burujabetasunaren aldarrikapenari ikusgarritasuna emango zion ekitaldia izango zelakoan. Baita izan ere, 50.000 lagun behar baitziren errepidean, 123 kilometroko argazki harrigarria osatzeko, eta nabarmen gainditu zen kopuru hori. «Badago masa kritikoa, aurrera jotzeko moduan gaude», izan zen antolatzaileek ateratako ondorioa. Ondoren, beste ekitaldi handi batzuk burutu dira, baina ez datorren hilekoarekin konpara daitezkeenak: herri kontsulta bat, 34 herritan. Nolatan jauzi hau, nolatan lortu da horrelako ekimen bat burutzea? Bada jende askok, banan-banan edo taldeka, aurrera egitea erabaki duelako, herrietan antolatu delako, beldurrak eta inertziak alboratu eta herritarrei ahotsa emateko ordua iritsi dela uste duelako.
Goierriko 22 herritan hedatuta dago gaur egun Gure Esku Dago (GED) dinamika. Lokalak bilatu, bilerak egin, materialak prestatu, ekitaldi publikoak burutu… etengabeko lanean murgilduta daude parte hartzaileak azken hilabeteotan.
Adosteko fasearen zailtasunak
Eskaileraren lehenengo maila, «ehuntzea» izeneko fasea, galdeketaren aldeko sinadura bilketa izan zen, Goierrin alderik alde egin zena. Eskualdean dituen 70.000 biztanletik 8.700ek sinatu zuten. Babes hori jasota, bigarren maila zetorren, «adostea» fasea: zer galdetu erabakitzea. Erraza dirudi, nahikoa litzateke aditu talde batek proposamena egitea eta GEDk onartzea. Di-da, astebeteko kontua. Baina ez, bide zailagoa, baina berritzailea eta demokratikoagoa aukeratu zuten: izaera, ideologia, jatorri… ezberdinetako 27 laguneko «galdera batzordea» osatzea. Gizon eta emakume, bertako eta etorkin, euskal hiztun eta erdal hiztun, abertzale eta ez abertzale. Denetarik. Eta berriro bilerak, oraingoan eskualdeko eragileekin eta banakoekin. 180 lagun bildu ziren otsailean Idiazabalgo pilotalekuan, batzar irekian, galderaren gainean hausnartu eta proposamenak egiteko.
Aportazio guztiak bildu eta lau ardatz nagusitan sailkatu zituen galdera-batzordeak: beldurrak eta kezkak, aukerak, zergatik galdeketa, eta zertarako. Joan den apirilaren 10ean Legazpiko Latxartegi zineman eman zuen batzordeak lan horren emaitza, galdera, hain zuzen ere: «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?», hori izango zen ekainaren 19rako aurreikusitako kontsultan erantzun beharrekoa. Gero, Espainiako hauteskunde orokorrak berriro deitu zirelarik ekainaren 26rako, hilaren 5era aurreratu behar izan da Goierriko eta beste hainbat tokitako galdeketa. Horrela hasten da hirugarren fasea, «erabakitzea».
GEDeko Angel Oiarbidek oso garbi adierazi du herriari galdetzea ez dela abertzaleen kontua, demokratena baizik: «Hemen edozein astakeria esatea libre dela dirudi, baina demokrazian gu baino askoz denbora gehiagoan bizi izan diren herrialdeetan, Eskozian kasu, ezin duzu esan, lotsagorritu gabe, herriari galdetzea abertzaleen kontua besterik ez dela», dio Beasaingo GEDren egoitzan. Eskozian 2014an egin zuten erreferenduma, eta independentziari ezezkoak irabazi zuen; kontua da inork ez zuela zalantzan jarri galdeketaren legitimotasuna, ez independentistek eta ez unionistek. Katalunian ere galdeketa eginda daude, baina Oiarbideren ustez euskaldunok gure bide propioa egin behar dugu, kanpoko esperientzietatik ikasita baina geure eredua sortuz.
Gutun-azaletan txartelak sartzen ari direnetako bat Iosu Idigoras da, EAJko militantea. «Bakoitzak bere pentsaera dauka eta norberaren aldera jotzeko joera, jakina, baina Gure Esku Dagoren meritua hori izan da, puntu amankomun baten inguruan herri ekimena martxan jartzea. Batzen gaituena bilatu dugu, ez banantzen gaituena. Duela urte batzuk, Euskal Herrian bizi zen egoeragatik, ezinezkoena zen batera aritzea, baina orain badaiteke eta horretan ari gara».
Aniztasuna oinarri
Aniztasuna da GEDk bereziki zaintzen duen alorretako bat, esan bezala, eta hori nabarmen ikusten da hainbat eremutan, sindikalgintzan, esaterako. Goierriko lantegi nagusietak o enpresa-batzordeek atxikimendua erakutsi diote galdeketari. Sinatzaileen artean, sindikatu hauen ordezkariak: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO. Baiezko botoaren aldeko ekitaldiak ere ari dira egiten eskualdean, esate baterako Independentistak sareak joan den ostiralean Urretxun egindakoa, “Euskak Estatuari bai!” lemapean.
Bitxia da ikustea nola, galdeketaren aurreko asteotan, aspaldidanik politikatik aldenduta zebilen hainbat lagun berriro ere animatu egin den parte hartzera, prestaketan laguntzera. Eta badago, bai, laguntza beharra, edo elkarlanarena, hobeto esanda. Alderdi politikoek ondo olioztatuta izaten dute hauteskundeetarako makineria, eskarmentua dute eta bitartekoak ere bai, baina GED herri ekimen bat da, eta galdeketa prestatzea lan latza dela jabetu dira.
Gauza asko izan behar dira kontuan, kontsulta berme guztiekin egin nahi bada bederen, eta dudarik ez dago bermeak eta seriotasuna ikur dituztela Gure Esku Dagon. Alderdi praktikoa ere hor dago: milaka txartel, milaka gutun-azal, dozenaka hautetsontzi, kartelak, argitalpenak, botoa emateko lokalak, mahaietarako jendea, dena eskuratu edo inplikatu beharra dago. Bitxikeria bat: ekainaren 5ean erabiliko diren lokaletako batzuk gaur egun itxita dauden dendak dira, eta egun bakar batez erabiliko badira ere egun horretarako asegurua egin beharra dago. Publizitatea, mahai inguru eta bestelako ekitaldiak, hedabideekin harremanak… horiek denak ere egin beharrekoak dira, ekaineko egun handira begira.
Zumarragako egoitzan –herritar batek utzitako lokala– txartel guztiak gutun-azaletan sartuta daude dagoeneko eta «akabo!» egin du oihu pozez norbaitek. Bada ez, orain ehunka “Elkarrekin” aldizkari hauek lautan tolestu behar dira, eta tolestutako aldizkari bakoitzean gutun-azal bat sartu, buzoietarako bidean jarri aurretik. Irribarrea seko ezabatu zaio lana bukatutzat ematen zuenari. «Burujabetzaren bidea erosoa zela uste al zenuen?», egin dio txantxa eginkizun hauetan eskarmentu luzea duen batek.
Eta galdeketaren ondoren, zer? Bada, Oiarbideren hitzetan, oraingo olatu honen ondoren hurrena etorriko da. Eta handiagoa izango da, oraingoan Gipuzkoako Goierrin, Debagoienean, Azpeitian, Aramaion eta Ispasterren burutuko bada, datorren urtean beste toki batzuetara iritsiko baita hautetsontziak jartzeko ordua. Konfiantza transmititzen du berak, zuzen ari dela dakienaren konfiantza. «Ez diogu beldurrik izan behar etorkizunari. Gaur irudikatzen duguna bihar errealitate izango da, pausoz pauso joanda», diosku. Idigorasek ere mezu berbera bota du: «Galdeketaz gaindi, gai baldin bagara denon artean proiektu politiko, sozial eta kultural sendo bat jorratzeko, elkarren arteko ezberdintasunak naturaltasunez integratuko dituena, ez da egongo estaturik ekidingo duenik guk izan nahi duguna izan gaitezen».
Electos de EH Bildu votarán sí y animan a decidir para cambiar
EH Bildu de Goierri hizo pública su lectura de esta jornada con una comparecencia anteayer en la que se unieron electos de todos los municipios del valle, en el Palacio Igartza de Beasain. Además de agradecer el trabajo de todos quienes están participando en la organización de este día, animaron a «decidir para construir una sociedad más justa». Comenzaron recordando que «han pasado ya 85 largos años desde que hicimos la primera apuesta a favor del derecho a decidir [en alusión a 1931] y en diferentes municipios de nuestra comarca declaramos que deseábamos ser dueñas de nuestro futuro. Llegado el siglo XXI, siendo la voluntad de construir sociedades democráticas mayor que nunca y la necesidad de cambio más necesaria aún, debemos situar en la base de todo ello el derecho a decidir».
Añade EH Bildu que este domingo optarán por dar un sí al Estado vasco, «porque tenemos la certeza de que es el único proyecto que asegura el futuro y el bienestar de la ciudadanía vasca. Queremos ser ciudadanas libres en un pueblo libre», remarcaron todos estos electos y electas.GARA