INFO

Lokarrik eta ELAk bat egin dute Herrirak deitutako #M18Plazara ekimeneko mobilizazioekin

Lokarrik eta ELA sindikatuak bat egin dute Herrira mugimenduak deitutako #M18Plazara ekimenarekin eta aldarrikapen egunaren harira antolatu diren elkarretaratzeetan parte hartuko dutela iragarri dute.


Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, bere atxikimendua adierazi dio Herrira mugimenduak hurrengo maiatzaren 18rako deitu duen ekimenari. Modu horretan, elkarretaratzeetan parte hartuko duela iragarri du eta bere kolaboratzaile guztiak deialdian parte hartzera gonbidatu ditu.

Giza eskubideen errespetua «giltzarria» da Lokarriren ustez «errespetuan, berdintasunean eta aniztasunean» oinarritutako bizikidetza eraikitzeko. Ildo horretan, presoak errespetua merezi duten giza eskubideen subjetu direla adierazi du.

Gobernu espainola giza eskubideen hitzarmenak eta zigorren betetzearen inguruko nazioarteko arauak beteko dituen egoera batetik urrun ikusten du Lokarrik. «Urruntzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzeari uko egitea edo zigorren luzapena horren eredu garbiak dira», azaldu du.

Egoera honekin amaitu egin behar dela aldarrikatu du eta, beraz, espainiar Gobernuak presoei tratu gizatiarra emateko agindua betetzeko neurri «eraginkorrak» ezarri behar dituela iritzi du. «Agindu honekin betetzen ez duen heinean, herritarren mobilizazioa garrantzitsua izango da iraganeko estrategiak alde batera uzteko», gaineratu du.

ELAk ere bat egin du

ELA sindikatuak ere atxikimendua adierazi dio ekimenari. Bere ustez, legezkoa da sakabanatze politika amaitzea, gaixorik dauden presoak askatzea eta ‘Parot doktrina’ gisa ezagutzen denaren aplikazioa baztertzea.

Ohar bidez adierazi duenez, Gobernu espainol eta frantsesak kolektibo horri ematen dioten «tratu berezi eta salbuespenezkoa gizalegearen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkakoa da», eta «agerian uzten du espetxe-politika horren arduradunek ukatzen dutena, hots, pertsona hauen status politikoa».

Bestetik, «preso politiko» terminoa erabiltzen dutenen aukako jazarpenagatik ere kezkatuta agertu da.