INFO
Entrevista
Angel Oiarbide
Gure Esku Dago

«Guk sinesten dugun adina dago gure esku: etorkizuna»

Horrexek ematen digu lan gehien euskaldunoi: gure esku dagoela sinesteak. Baina gauzak, pixkanaka, aldatuz doaz Angel Oiarbideren esanetan. Ekainaren 8a bide horretan mugarria izango delakoan dago.

Angel Oiarbide. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Durangotik Iruñera bitarteko 123 kilometroak elkarri eskua emanda osatzea da erronka. Baikor da. «Pentsa gauzak nola aldatu diren: iaz ekimena aurkeztu genuenean ez ginela iritsiko zioten batzuek, eta, orain, erdi txantxetan, laburregi geratu garela diote», kontatu du Angel Oiarbidek.

Herriz herri egin dituen aurkezpenetan «poztasuna, esperantza, ilusioa, konplizitatea...» ikusi ditu herritarren begietan. «Sentitu egiten da, zabaldu egiten da», dio. Eta Angel bera ere, sentipen horretaz elikatzen da. Izan da esker onez hurbildu zaionik. «Adineko pertsonek zera diote: ‘Ez nuen uste ilusioa berriz sortuko zitzaidanik’. Bizitzaren perspektiba hain zabala duenak hori esatea handia da. Gauzak ondo egiten ari gara», adierazi du, konbentzimendu osoz.

Ekainaren 8a mugarria bai, baina ez da helburua. Bidearen hasiera izango da. «Urte askoan egon gara Quebecera begira. 2014ko udan eta udazkenean munduko kamera piloa egongo dira Eskoziara eta Kataluniara begira. Testuinguru horretan sekulako aukera daukagu ekainaren 8an besoa altxatu eta ‘gu ere hemen gaude’, ‘guk ere erabaki egin nahi dugu’ esateko», dio.

Iaz egitasmoa aurkeztu zenutenean irudikatzen al zenuten gaur egungo egoera?
Oso gustura gaude. 2013ko ekainaren 8an aurkeztu genuenean sinatuko genuen honek hartu duen zabalkundea izatea. Zenbat jende inplikatu den! Irudikatu irudikatzen genuen, baina lan asko zegoen egiteko agertoki honetara iristeko. Lehenengo Idiazabalen bertan eta ondoren Goierrin egin genuen bidea. Euskal Herriko eragile mordo batekin hausnartu ondoren hasi ginen Gure Esku Dago dinamikarekin. Herriz herriko aurkezpenetan nire sentsazioa argia izan zen: «ze herdoilduta gauden, artikulazio guztiak ze gogortuta ditugun...». Horixe zen gure errealitatea.

Giza katea burujabetza prozesuetan erabilitako teknika da. Duela 25 urte herri baltikoetan erabili zen eta ondoren Kataluniako Diada egunean.
Bai, herrialde baltikoetan Katalunian bezala 400 kilometro ez, 800 egin zituzten. Gure ekintza guztiek herritarrak dituzte protagonista. Giza kateak ere bai, halaxe izango baita Euskal Herriaren etorkizunean ere.

Zer dago gure esku?
Guk sinesten dugun adina dago gure esku: etorkizuna. Nelson Mandelak zioen errealitatea hor dagoela, aldatzen den arte. Guk geuk barneratzen badugu gure herriaren etorkizuna erabakitzea gure esku dagoela, alferrik ibiliko dira kanpoko eragileak. Herritarrok sinesten badugu, horrela izango da.

Gure Esku Dago egitasmoa abertzaleen topagunea bakarrik izan ez dadin saiatu zarete. Agerpen publikoetan lortu da, herrietan ere bai?
Bai. Euskal abertzaleak daude, abertzaleak ez diren euskaldunak daude, eta nazionalista espainolak direnak ere bai. Mugimendu honetara gehitu diren pertsona asko alderdi politikoetako militantziatik kanpo zeuden herritarrak dira. Era honetako gaietan orain arte pausurik eman ez duten pertsonak. «Elkarrekin aritu gaitezke, zergatik jartzen ditugu hainbeste lubaki batzuen eta besteen artean?», diote. Izan ere, lubakiak ez dira benetakoak, artifizialak dira.

Nazioen Mundua plataformaren aurkezpen egunean, Idiazabalen, bi pertsona agertu ziren frontoian: bat EAJko zinegotzia eta bestea ezker abertzaleko ordezkaria. Biek irudikatzen dituzte sentsibilitate desberdinak eta biak dira pertsona errespetatuak herrian. Eskema guztiak hautsi ziren! Ordura arte eremu birjina zen eta gero ikusi da fruituak ematen dituela. Idiazabaldik Goierrira pausua eman genuenean 35 pertsona izan ziren aurkezpenean. Ametsik onenean ere ez genuen pentsatzen antzeko ezer ikusterik... Hain sinetsita geunden euskaldunon artean elkarlana ezinezkoa zela! Sinesmen horrek jarrera jakin bat dauka atzetik... Esadazu zein etorkizun geneukan. Gainera, gezurra zen! Nolatan iritsi gara horretara?

Gure Esku Dago aurrerapausoa da zentzu horretan?
Ekainaren 9ko egunkariak eskuan izatera itxaron gabe ja esan dezakegu dinamika arrakastatsua izan dela.

Sentipen hori transmititu al dizuete herritarrek?
Makineria martxan jartzeko beharrezkoa den gasolina, ilusioa, oso garesti egon da. Eta orain ikusten ari gara. Adin eta sentsi- bilitate desberdinetako pertsonen motibazioan ikusten da. «Bazen garaia!», behin eta berriz ari gara entzuten. Bizkaian, Ezkerraldean, gertatu den fenomenoa izugarria da. Bertakoek hala diote. Aurkezpenetara joan eta herritarrek eurek egiten dute komentarioa: ‘Denetarik zagok! Zein ederra!’. Bitxia da, baina herri denetan ohartarazten dizute beren herria ‘oso zaila’ dela, eta, ostean, aurkezpen guztietan izaten da positiboa izan den sentsazioa.

Gainera, Euskal Herrian badaukagu eredua: kooperatibak. Nik ez dut ezagutzen kooperatiba bat bere osotasunean euskal abertzalez osatuta dagoenik. Kooperatiba guztietan dabil sentsibilitate ezberdinetako jendea eta elkarrekin hartzen dituzte enpresaren norabidearen gaineko erabakiak. Hori egunero gertatzen da. Kolektibitate handiago batean, zergatik ez?

Zeintzuk izan dira gakoak?
Orain arte, gelan ikasleek bezala, ordezkariak geneuzkan jendartean. Hasieran ardura arindu egiten digute ordezkariek, baina epe motz batean ahaztu egiten dituzu zure benetako gaitasunak zeintzuk diren. Ondoren, ez sinestera pasatzen zara, eta, azken fasean, menpeko bihurtzen zara. Eta hala geunden, zain, ea ezagutu ere egiten ez dugun lagun taldea bulego batean bildu eta guk merezi dugun zoriontasuna eta ilusioa ekartzen diguten. Garai berri bat mahai batean ea noiz diseinatzen diguten zain. Beti zain, gu gai izango ez bagina bezala. “Gure esku dago” ez da lelo hutsa, jarrera da. Etorkizuna bere eskutan dagoela sinesten duen herriak beste norabide bat hartzen du. Hori da gakoa, herritarrak aktibatzea.

Hemengo politikagintza piramide egituran oinarrituta dago. Guztiz ilogikoa den hori logikotzat hartu dugu eta herritarrek politikaz paso egiten dutela sinestera iritsi gara. Sustatzen al da ba parte hartzea? ‘Zuek lasai, bozkatu lau urtean behin, eta guk pentsatuko dugu’, esaten diete politikoek herritarrei.

Kazetariek zera esan izan didate: ‘Hik badakit ba goiko botereek honen aurka egingo dutela, ezta?’. Ba al dakizu zenbateko astakeria daukagun barneratuta? Hain da larria... hori ez da demokrazia bateko eskema, diktadura batekoa baizik. Masa handi baten aurka jotzen duen goiko kupula. Pentsa, hori barneratuta daukan gizartea daukagu! Horregatik, Eskoziako adibidea ez da erreferenduma bakarrik, horrez gain azpian dauden balore demokratikoez kutsatzeko aukera daukagu.

Zein ikasbide dugu Katalunian eta Eskozian?
Katalunia adibidea da, baina iparra guretzat Eskozia da. Hobe esanda, Erresuma Batua. Eskozian gertatzen ari dena interesgarria da, baina agian are interesgarriagoa da Erresuma Batukoa. Izan ere, herriaren eta herritarrenganako bere jarrera errespetuzkoa da. Herritarren borondatea goiko alderaino iristen da, hemen, aldiz, ez; herritarron borondatea, piramide horretan, ez da iristen. Hori ez da demokrazia baten isla. Eta horra iristeko adibidea da Katalunia. Beren etorkizunaren gainean eragiteko zenbateko gaitasuna izan dezaketen erakutsi dute. Gure aurrean dugu posible dela dioen adibidea. Aitzakiarik ez dugu aurrerantzean.

Nazioen Munduarekin ekin zenioten bideari Idiazabalen.
Garai hartan, 2007. urtean, erabakitzeko eskubidea utopia zen. Quebeceko eta Groenlandiako prozesuek ez zuten gugan eragin. Baina Eskoziako adibidearekin ikusi genuen etxean bertan, Europa zaharrean, zela gertatzekoa: gu bezalako herri batek bere etorkizuna erabakiko zuen. 2007. urtean tsunami politikoa zetorrela ikusten genuen. Eta guk aukera geneukala tsunamia etorri aurretik, tsunamia sorrarazten duten ur azpiko korronte horiek jasotzeko. Euskal gizartea udan basoa egoten den bezala ikusten genuen, lehor-lehor eginda. Pospoloa botatzea nahikoa zen denak su hartzeko. Gai baginen ilusiozko txispa era egokian zabaltzeko, eta haizea –Eskozia...– aldeko bagenuen, Euskal Herrian ilusiozko sutea sor genezakeen. Hori zen “Gazta zati bat”. Dokumentalak txispa pizten lagundu zuen. Garrantzitsuena jarrera zen.

Zer zioten eskoziarrek «Gazta zati bat» dokumentalaz?
Dokumentalak sekulako arrakasta izan zuen. Ordura arte Madrilgo iturritik bakarrik jasotzen zuten Euskal Herriko informazioa. Beste iturri bat badagoela ikusteak, eurak eredu hartzen dituena gainera, eskemak hautsi zizkien. Asko eskertu zuten. Eskoziarrei gertatzen zaiena da auzia ez dutela grinarekin bizi. Erreferendumaren egunean bozkatuko dute eta kito. Gure dokumentalean ikusi zuten gazteriaren aktibismoa eta interesgarria iruditu zitzaien. Epailea erosita egon eta kanpoko zelaian jokatu arren jokatzeko gogoz gaude gu. Han, aldiz, jokalariak ez daude hain motibatuta. Katalunia, zentzu horretan, eredugarria da eskoziarrentzat.

Giza katearen aldarrikapena ez da independentzia, erabakitzeko eskubidea baizik.
2000n hasi ginenean, bitxia da, baina gure dekalogo osoa metafora bat zen. Bi pertsonak bide zati bat norabide berean egiten dutenean, bakoitzak bere bidea hartu aurreko azken bidegurutzea topagune bezala irudikatzen genuen. Erabakitzeko eskubidea topagunetzat jotzen genuen. Eta hura ez zen guretzat helburu politikoa, prepolitikoa baizik. Edozein norabide politiko hautatu ahal izateko nahitaezkoa zen lehendabizi agertoki demokratiko bat lortzea. Irudikapen horrekin hasi ginen eta Eskoziara egindako lehen bidaian konturatu ginen bide onetik gindoazela. Legebiltzarrean Alderdi Unionistako kide bati honakoa galdetu genion: ‘Zer irudituko litzaizuke Gordon Brownek [Britainia Handiko garaiko lehen ministroa] ez balizueke eskoziarroi zuen etorkizuna erabakitzen utziko?’. Erantzuna argia izan zen: ‘Ez genuke onartuko. Guk erabakitzeko eskubidea daukagu eta horregatik egiten dugu independentziaren aurka. Guretzat Eskoziaren etorkizuna hobeto bermatzen da Erresuma Batuaren barruan bertatik kanpo baino’. Han erabakitzeko eskubidea ez da abertzaleen aldarrikapena, printzipio demokratikoa da. Denek bat egiten dute topagune horretan. Noski, Erresuma Batuak bi mendetik gora daramatza demokraziaren norabidean. Hemen, aldiz, nahiz irudikatu hori topagunea dela, badakigu zailtasunak daudela, ez gara inozoak. Normala da, atzo hasi ginen demokraziaren norabidean... Baina ez dugu zalantzarik, norabide horretan pausuak ematen joan ahala hutsuneak txikituz joango dira, Katalunian bezala.

SNP alderdiko ordezkariek argi esan ziguten: ‘Gure helburua ez da independentzia, eskoziarren ongizatea baizik’. Independentzia hori lortu ahal izateko tresna da. Haiek 600 orriko liburu zuria dute helburuak zehazteko. Guk zer nahi dugu? Sekulako lana daukagu: independentzia aldarrikatzetik mahai baten inguruan eseri eta zertan finkatzen den zehaztera igarotzea. Baina ez gaude puntu horretan. Edozein norabide, independentzia barne, aukeratu ahal izateko agertokia osatzeko fasean gaude orain.

Ziklo berri baten hasiera da?
Bai, eta hasierako uhina goraka altxatzen ez da hasi oraindik. Aurreko zikloa 50eko eta 60ko hamarkadetan hasi zen. Orduan sortu ziren kooperatibak, ikastolak, euskal kulturgintza... eta dinamika horrek sortu zuen olatuaren aparra gaur arte iritsi zaigu. Gure belaunaldia errentei esker bizi izan da. XXI. mende hasierako euskal herritarrok zer ari gara egiten gure lekukoa hemendik 50-60 urtera irits dadin?

Ekainaren 9an, zer? Bide orria zehaztuko duen batzorde baten sorrera iragarri duzue.
Gure Esku Dago egitasmoak urtebeteko iraungitze data du. Aurtengo udazkenean batzar handi bat egingo dugu. Bertan, parte hartu dugun guztiok atzera begiratu, zaporea hartu eta urtebetean zer egiteko gai izan garen sentitu ahal izango dugu. Indartuta, Euskal Herrian gizarte eraginkorra eraiki nahi baldin badugu aurrera begira zer pauso eman behar diren erabakiko dugu. Herrietako lantaldeetatik sortutako adituen batzordeak zehaztuko ditu non hartuko diren erabakiak, nola, Euskal Herrian eraginkorra izango den mugimendua martxan jartzeko.

Aldarrikapenetik gauzatzerako trantsizioa lortzeko sortu da Gure Esku Dago. Ekainaren 8ko giza katea mugarria izango da eta egun horretan egindako indarraren araberakoa izango da hortik aurrerakoak hartuko duen dimentsioa.