INFO

‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzearen aurka helegitea aurkeztuko du fiskalak

Donostiako Zigor Auzitegiak ‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzea agindu zuen orain egun gutxi, ustezko delituak preskribatuta zeudelakoan. Epea eman zien aldeei helegiteak aurkezteko eta Fiskaltzak erabakiaren aurka egingo du.

‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoko auzipetuen agerraldia. (ARGAZKI PRESS)

Donostiako Zigor Auzitegiko Carmen Zubimendi epaileak ‘Egunkaria’ren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen pasa den ekainaren 4ean, auzipetuei leporatzen zitzaizkien ustezko delituak preskribatuta zeudelakoan.

Aldeei helegiteak aurkezteko epea eman zien orduan epaileak eta fiskalak aurrez mantendutako uste berean jarraitzen du. Erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri berri du orain.

EFE albiste agentziaren arabera, helegitea aurkeztearen arrazoia «guztiz teknikoa» da eta ez da auziaren mamian sartuko, Donostiako Auzitegiaren erabakiak «egin ez zuen bezala».

Fiskaltzak ustezko delituak preskribatuta dauden edo ez erabakitzerako orduan «beste interpretazio juridiko bat» duela adierazi dute iturri berberek.

Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak— izan dira auzi ekonomikoko zortzi auzipetuak.

Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatzen zituen fiskalak zortzientzat. Auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro. Akusazioa: ‘Egunkaria’-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egitea.

‘Egunkaria’ko auzi ekonomikoa Gipuzkoako Lurralde Auzitegira pasatu zen eta Dignidad y Justicia akusaziotik at utzi zuten.

Pasa den apirilean auzi honetako aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Defentsak kasua artxibatzeko eskatu zuen, auzia preskribituta dagoela argudiatuta. Fiskalak, aldiz, zigor eskaerei eutsi zien.

2003ko urriaren 16 agindu zuen Juan Del Olmo epaileak, ‘Egunkaria’ itxi eta zortzi hilabetera.