LABen ustez, atxiloketek larunbateko moblizazioari erantzutea dute jomuga
LABek herenegun Guardia Zibilak burutu zituen atxiloketak euskal preso politikoak zituela jomuga iritzi dio, Donostian egindako agerraldian adierazi duten moduan. Era berean, larunbatean Bilbon egin zen mobilizazio masiboari «erantzuna» eman nahi izan ziotela nabarmendu du.
LAB sindikatuak asteleheneko atxiloketak arbuiatu ditu, hauek euskal gizarteak larunbatean Bilbon egin zuen mobilizazio masiboari erantzutea helburu zutela iritzita. Era berean, Donostian Ainhoa Etxaidek eta sindikatuaren Komite Exekutiboak emandako prentsaurrekoan, operazioak euskal preso politikoak «bakarrik, isolaturik eta babesik gabe uztea» zuela jomuga adierazi dute.
Zentzu honetan, espainiar Gobernua zuzeneko erantzule egin dute, «konponbidea ukatu eta errepresioa areagotuz» ari delako auziari irtenbidea eskaini beharrean. Beste behin, elkartasuna kriminalizatu dutela azpimarratu nahi izan dute, horrekin «konponbidea eraikitzeko aukerak lapurtu nahian».
Guardia Zibila LABen egoitzan sartu zen eta 90.000 euro eraman zituen Ordu askoko miaketa burutu zuten bertan, eta hori salatu du Etxaidek. «Erregimen zeharo faxistako jokabidea da. Sartu, arakatu eta apurtu», esan du.
Bestetik, Lakuako Gobernuaren jarrera ere gaitzetsi du «emandako erantzun penagarria» dela-eta.
Azkenik, datozen egunetan izanen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.