Ordu batzuk geroago, Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela jantzi eta horrela eskertu zuen: «Baina ni ez bainaiz hemen / neuk sortu hutsean ari / aitarena den txapela hau / eskaintzen diot amari / haurra nintzela euskaraz / erakutsi zidanari».
Estreinakoz Iparraldera joan zen bertsolarien txapela. Aurreko txapelketan Maialen Lujanbio hernaniarrarentzat izan zen garaipena, eta hori ere marka izan zen bertsolaritzan: lehenbiziko emakume txapelduna.
Amets Arzallusek Baionan 18. Korrikaren azken kilometroa ere egin zuen eta, segidan, berak idatzitako mezua irakurri zuen, euskara ama-hizkuntzatzat hartzearen garrantzia azpimarratuz. «Eman euskara elkarri» leloarekin, Korrikak euskara ikasleak omendu zituen.
Euskarak herri baten ametsa baino gehiago izan behar zuen.
Hain zuzen, ametsak babesteko, herri harresiak osatu ziren 2013an. Lehena Donostiako Bulebarrean izan zen, apirilean: Aske Gunea. Ia bi astez, Euskal Herriko leku guztietatik ailegatutako hamarnaka lagun bildu ziren Segiko kideak izateagatik zigortutako sei gazteak babesteko.
Azkenean, Auzitegi Nazionalaren agindua betearazteko, Ertzaintzak Aske Gunea inguratu zuen. Hiru orduko erresistentziaren ostean, sei gazteak atxilotu eta espetxeratu zituzten.
Lau hilabete geroago, Ondarroan izan zen, Urtza Alkortaren atxiloketa eragozteko. Orduak behar izan zituzten poliziek gaztea Plaiko zubi edo Txakur-txiki zubitik arrastaka ateratzeko. Urrian, Espainiako Polizia Nabarreria plazara indarka sartu zen. Eguerditik gaueko ordu txikiak arte aritu ziren elkartasunaren harresiaren kontra oldartzen.
Herri harresiak Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere izan ziren, erresistentzia zibilaren egundoko eredu bihurtuta.
Segiren kontrako epaiketa urrian hasi zen, 40 auzipeturekin. Abenduan milaka gazte bildu ziren Durangon elkartasuna adierazteko martxa desobedientean.
Urrian hasitako gazte abertzaleen kontrako epaiketa 2014ko otsailean bukatu zen. Epaia ekainean jakinarazi zuten, eta inputatu guztiak absolbitu zituzten epaileek, gazteen jarduera politikotzat jo zutelako. 2009ko azaroan Segiren kontrako operazioa agindu zuenean, Grande Marlaskak «ETAren akademia»-tzat jo zuen gazte erakundea. Ondorioz, gazteak atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izan ziren, eta Segi legez kanpo utzi zuten.
Epaiketa hori hasi baino zazpi hilabete lehenago, martxoan, Ernai gazte erakunde berria jaio zen Lizarran. Hego Euskal Herria eremu harturik, independentzia, sozialismoa eta feminismoa zituen helburu.
Iparraldean, berriz, gazte abertzaleak Aitzina! erakundean elkartu ziren, azaroan. Euskal Herriko alde kontinentalean, joera orotako hautetsi, indar politiko, ekonomiko eta gizarte eragileek Lurralde Koordinakundea eratu zuten, Lurralde Elkargo Bereziaren eskaera Parisera eramateko.
Uztailean, Deszentralizaziorako ministroak ezezko borobila eman zuen Asanblea Nazionalean. Bultzatzaileek «mespretxutzat» jo zuten erantzuna, eta aurrera jarraitzeko asmoa azaldu zuten.
Presoen aldeko elkartasun uholde zoragarriak Bilboko kaleak bete zituen urtarrilean. Arratsalde euritsu batean, 115.000 lagun bildu ziren.
Agertoki politikoa berria zen arren, Gobernuak ez zuen inola ere espetxe estrategia leundu. Are gehiago, Sevilla II kartzelan, esaterako, euskal presoek hilabeteko gose greba egin zuten pairatzen ari ziren tratua salatzeko.
Martxoaren 13an, Angel Figueroa presoa hilik aurkitu zuten bere etxean. Gaixotasun oso larria zuela, zigorra etxean betetzen ari zen. Bi aste geroago, Xabier Lopez Peña presoa burmuin-isurketak jota Parisko ospitale batean hil zen. 2013a bukatu zenean, 512 preso zeuden 72 espetxetan.
Hain zuzen ere, presoen eskubideen alde eta horiek aberriratzearen alde borrokatzeko, 2012an Herrira elkartea eratu zen. Urtarrileko manifestazio erraldoia Herrirak antolatu zuen. Bada, irailaren 30ean, Eloy Velasco epaileak Herriraren aurkako polizia operazioa agindu zuen. Sarekadan 18 lagun atxilotu zituzten, eta egoitzak eta kontu korronteak itxi zituzten. «Terrorismoari gorazarre egitea», «erakunde armatuko kide izatea» eta berau finantzatzea leporatu zien epaileak.
Guardia Zibilak egin zuen sarekada eta, bitartean, Ertzaintza protesten kontra oldartu zen. Haietako batean, ertzain batek borra-kolpez Amaiur koalizioko Amalur Mendizabal senatariari buruan zortzi puntuko zauria eragin zion.
Urkulluk lehendakari gisa hasi zuen urtea, eta berriro, jelkideek, Ertzaintzaren kontrola harturik, Cabacas hil zen operatiboaren nagusia, Jorge Aldekoa, Polizia buru izendatu zuten. Inteligentziaren erpinean Jon Ziarsolo jarri zuten. Hau torturen kasu batean inplikatua izan zen, baina gerora absolbitu egin zuten, proba «nahikorik ez» zegoelako.
Herriaren kontrako sarekada salatzeko eta elkartasuna adierazteko, protestarik jendetsuena Bilbon izan zen; 65.000 lagun elkartu ziren.
Elkartasun handia eta oso anitza jaso zuten 'Herrikoen auzi'-ko inputatuek. 35/20 Sumarioa ezker abertzalearen jardun politikoaren kontrako benetako kausa orokor bat izan zen; hau da, ezker abertzalearen proiektu politikoaren aurkako auzia.
Hamaika urte lehenago Garzonek ireki zuen sumarioaren epaiketa urrian hasi zen, eta 36 lagun jesarri ziren aulkian. 2014ko uztailean ebazpena atera zuten, eta espetxe zigorrak ezarri zizkieten. Urte bat geroago, Auzitegi Gorenak zigorrak jaitsi zizkien eta, azkenean, ez zuten kartzelan sartu behar izan. Hala ere, 107 herritako tabernen konfiskazioak berretsi zituen.
Baina 2013ko otsailean albiste on batek azalak bete zituen: Sortu ezker abertzalearen alderdi berriaren sortze-kongresua. Hamar urte eta erdiko ilegalizazio-zikloa itxi zen.
«Parot doktrina» deritzonaren kontrako Europaren behin betiko ebazpena urrian heldu zen. Handik aurrera doktrinak kaltetutako presoak etxera itzultzen hasi ziren, familia eta jendearen pozaren pozaz. Garaipen ederra izan zen.
Euskal Herriko indar politiko gehienek ere poztasuna adierazi zuten. Aitzitik, Espainiako Gobernuaren amorrua azaleratu zen, eta esan zuten berehala neurriak hartuko zituztela «hutsune juridikoak» ixteko.
Kaleratzeen kontra, AVTk manifestazio bat egin zuen Madrilen. Isabel San Sebastian kazetariak hitza hartu zuen Europako ebazpenari «ETArekin izandako negoziazioaren kiratsa dariola» esateko: «Garaile eta garaituen justizia nahi dugu», egin zuen marru.
Hori Madrilen, ze Euskal Herrian, urtean zehar, ETAren eta Estatuaren biktimak zenbait oroimen ekitalditan elkarrekin azaldu ziren, adiskidetzearen bidean lehenbiziko urratsak eginez.
Bakea bultzatzeko asmoz, martxoan, Foro Sozialak bidea urratzeari ekin zion, eta maiatzean nazioarteko aditu batzuek egindako gomendioak aurkeztu zituzten. Gomendio haien artean: armagabetzearen plana egitea, giza eskubideak babesteko lege erreformak prestatzea, polizien kopurua eta funtzioak egokitzea eta presoen engaiamendua lortzea.
Gomendio hauek garatzeko, Euskal Herriko pertsonalitate komisio bat eratu zuten, eta EPPK-k bere kideen artean hausnarketa-aldia ireki zuen.
2013. urtean Nafarroako giro politikoak nahiko nahasia izaten jarraitu zuen. PSN Gobernutik bota zuenetik, Barcinak ez zuen lortu egoera egonkortzea, eta Legebiltzarra ia blokeatuta zegoen. Korapiloa askatzeko, Bilduk zentsura mozio bat sustatu zuen. Aralar-NaBaik, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik iniziatiba onartu zuten. Alta, PSN UPNren alde kokatu zen, aldaketa politikoa zapuztuz.
Urkulluren Gobernua ere nahiko pattal zebilen, eta aurrekontuak trabatuta zituzten. Iruñean moduan, Gasteizen ere PSOE komodin bilakatu zen, eta EAJk eta PSEk berriro besarkatu zuten elkar. Maitasunez blai, «bihotzean PSEri lekua egiteko» eskatu zien Urkulluk jeltzaleei. EAJ horrela zebilen, Katalunian eta Eskozian independentziari begiratzen zioten bitartean.
Martxoan, Hugo Chavez hil zen, eta Latinoamerikak iraultzarekin konprometitutako ameslari bat galdu zuen. Nicolas Madurori tokatu zitzaion ametsak ereiten jarraitzea.