Baina olatuekin gertatzen den moduan, jendarteak borondatea eta engaiamendua batzen dituenean, bere energia geldiezina bilakatzen da.
Aurreko urtean, Luhusoko polizia operazioaren ostean, Espainiako Gobernuak ETAren armagabetze prozesua trabatutzat jo zuen. Bitartean, aitzitik, bakearen artisauek ez zuten inola ere etsi. Are gehiago, ekinbidea azkartu eta sendotu zuten.
Gauzak horrela, martxoaren 17an eta 18an, Biarritzen, bakearen aldeko foro berezi bat izan zen. Hasierako jardunaldian bakearen artisauek albiste borobil eta zehatz bat eman zuten: ETAren armagabetzea apirilaren 8an, larunbatean, izango zen.
'Le Monde' egunkarian Txetx Etcheverryk argi eta garbi azaldu zuen: «Estatuak itsu eta gor jarraitu nahi badu, jendarte zibilak iniziatiba hartzea beste erremediorik ez dago».
Bakearen artisauak prozesuaren fokuaren zentroan bazeuden ere, Foro Sozial Iraunkorrak bere lana bete zuen, proposamenak egiten eta lantzen, kontaktuak prestatzen...
Azkenean, apirilaren 8a heldu zen. Goizean goizetik, ia berrehun boluntario zibil ETAk markatutako zortzi kokalekuetara abiatu ziren. Han, peto berdea jantzita, armategiak zaintzen, Frantziako Poliziaren zain egon ziren, armak eta leherkariak haien esku uzteko.
Ordura arte munduan inoiz eta inon ez zen halakorik gertatu.
ETAk, apirilak 7ko datarekin, BBCri bidali zion komunikatu bat jada erakunde desarmatua zela aitortzeko: «Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herriaren bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko».
Armagabetzea eta gero, arratsaldean, milaka lagun bildu ziren Baionan, gertatutakoa ospatzeko.
Madrilen gertaera mespretxu osoz jarraitu zuten, jendarte zibilak haien estrategia suntsitu egin zuen eta. Aitzitik, Parisek goiz hartan gertatu zenaren balioa aitortu zuen. Gero jakin zen ETAk eta Frantziako Gobernuak bi urte zeramatzatela zeharkako harremanetan, eta hilabete gutxi lehenago Espainiaren estrategiatik aldentzea erabaki zuela.
Hala, armagabetzea Parisko Gobernuaren oniritziarekin gauzatu zen.
EAJk ekimenari garrantzia kendu zion. Jelkideen buruak, Andoni Ortuzarrek, argi adierazi zuen: «Ez dut nahi gaizki ulertzerik, baina nire ustez, larunbateko albiste garrantzitsuena Metroaren 3. linearen inaugurazioa izan zen, etorkizunera abiatzen den zerbait delako».
Hiru hilabete geroago, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bere lana bukatua zela iragarri zuen. Parisen izan zen, uztailaren 6an, eta han ziurtatu zuten ETA erabat armagabetuta zegoela.
Uztailaren 10ean, 23 euskal eragilez osaturiko ordezkaritza bat Parisera joan zen, espetxe politikarekin zerikusia zuten erakundeekin eta aholkularitza elkarteekin biltzeko. Frantziako Justizia ministerioan izan ziren, eta lan esparru komun bat osatu zuten.
Espainian ez zuten deus ere mugitu. Urruntze politikari buruz Europatik abisu zuzena jaso zuten urrian, baina Madrilek ez zion jaramonik egin.
2017an bi preso eta errefuxiatu bat hil ziren. Uztailean, bihotzekoak jota Kepa del Hoyo zendu zen Badajozeko espetxean. Azaroan, gaixotasun luze baten ondorioz, Belen Gonzalez hil zen. Bere osasun egoera larriagatik ETAko militante historikoa bere etxean betetzen ari zen zigorra.
Azaroan ere, Mexikoko erbestean, Javier Perez de Nanclares bihotzekoak jota hil zen.
Sarek eta Etxeratek «haur motxiladunei» aurpegia jarri zieten. Izan ere, 113 adingabek gurasoak espetxean zituzten, zenbait kasutan biak, ama eta aita; eta hiru ume amarekin espetxean bizi ziren, hiru urte baino gutxiago zituztelako.
EPPK-k abiatutako debate prozesua 2017an bukatu zen, eta ondorioak argiak izan ziren: %73 legezko bidea aztertzearen alde agertu zen, eta %14 kontra. Kolektiboko kideen ia hamarretik bederatzik parte hartu zuten hausnarketa prozesuan.
Handik aurrera, preso bakoitzak bere ibilbide legala landuko zuen, eta berak erabakitakoak kolektibo osoaren laguntza jasoko zuen.
Erakunde armagabetu gisa, ETAk ere bere etorkizunari buruzko barne eztabaidari ekin zion. Hausnarketa horren oinarria hauxe izan zen: «Zer egin behar du ETAk Euskal Herrian abiarazi behar den herri prozesu independentista baldintzarik egokienean garatzeko, erabakitzeko eskubidea egikaritzea ekarriko duen indar metaketa errazteko?».
Ondorengo hilabeteetako eztabaida prozesuan erakundeko 1.335 militantek parte hartu zuten; baina hausnarketa eremua hiru mila pertsona ingurura zabaldu zen.
Torturaren erabilera sistematikoa agerian geratu zen Paco Etxeberriaren lantaldeak praktika horri buruzko txostena argitaratu zuenean. Abenduan aurkeztu zuten, eta 1960tik 2014ra arteko 4.113 kasu azaltzen ziren; haien artean, 36 sexu bortxaketak ziren.
Txostena soilik EAEko biztanleei zegokien.
Aurreko urteko Altsasuko Ferietan bi guardia zibilek herriko gazte batzuekin taberna batean liskar bat eragin zuten. Consuelo Ordoñezek bultzatuta, ANk taberna-borroka hori «terrorismotzat» jo zuen eta kasua hartu zuen.
Gazteen aldeko elkartasuna eta mobilizazioak izugarriak izan ziren, eta eskandalua Europar Parlamentura ere heldu zen.
2017 urtearen bukaeran, Oian Arnaz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda espetxean zeuden, sakabanatuak eta urrunduak.
Katalunian ere, Espainiako Estatua demokratizatzeko aukerarik ez zegoela agerian geratu zen.
Han, trabak traba eta Estatuaren biolentzia gorabehera, urriaren 1erako Puigdemontek iragarritako autodeterminazio erreferenduma egin zen. Eta han ere olatuak eskuekin ezin direla gelditu erakutsi zen.
Hauxe zen galdera: «Katalunia errepublika moduko Estatu bat izatea nahi duzu?». 12.000 poliziak osatutako operatiboak 6.000 hautetsontziak harrapatu nahi izan bazituen ere, bozkatzeko kutxak iritsi ziren 2.000 bozkalekuetara. 2.286.217 pertsonek bozkatu zuten, zenbait lekutan Poliziaren biolentzia gaindituz. Polizien esku-hartzeetan mila pertsona zauritu zituzten.
Hautetsontzietara bozkatzera gerturatu zirenen artean %90,18k independentziaren alde bozkatu zuten. Aitzitik, %7,83k kontra.
Kataluniako egun hartako irudiak historian geratu dira. Eta ez bakarrik egun hartakoak.
Urriaren 1ean greba orokorra izan zen Katalunian. Bi egun geroago, Espainiako erregeak mehatxuak bota zituen diskurtso batean.
Giro oso tenkatu eta nahasian, independentzia aitorpena bozkatu zuten Kataluniako Parlamentuan. Baina inoiz ez zuten indarrean sartu, eta Estatuak aurrea hartu zuen Konstituzioaren 155. artikulua ezarriz.
Atxiloketak hasi ziren, Puigdemont presidenteak Belgikara ihes egin zuen... eta Kataluniako independentziarako bidea lokatzean trabatu zen.
155. artikuluaren pean, abenduaren 21ean hauteskundeak izan ziren. Halako giro kutsatuan, indar independentistek inoiz baino boto gehiago lortu zituzten. 2017. urtea Katalunian ziurgabetasun osoan murgildurik bukatu zen.
Iparraldean, 2017ko hasieran Euskal Elkargoa eratu zen. Hamarkadaz hamarkada Parisen mespretxua jaso ondoren, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bildu ziren erakunde batean, eta Baionako alkate Jean-Rene Etchegaray lehendakari aukeratu zuten.
EH Bilduk ekainaren 17an kongresua egin zuen Bilbon eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusi aukeratu zuen.
Urtarrilean Sorturen kongresua izan zen. Militantziaren %91k Zohardia ponentziaren alde bozkatu zuen, eta Otegi aukeratu zuten idazkari nagusi. Gero, EH Bilduren kongresuaren ostean, Arkaitz Rodriguezek hartu zuen kargua Otegiren ordez.
20. Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari zen bitartean, Nafarroako Parlamentuak ikurrina kriminalizatzen zuen Ikurren Legea indargabetu zuen, UPNren eta PPren amorru handiz.
Haien amorrua azaleratu zen Joseba Asiron Iruñeko alkateak Korrikaren lekukoa eskuan korrika egin zuenean ere.
Benjamin Franklinek esan zuen moduan, «lotsan bukatzen da amorruz hasten dena».