1982tik aurrera 'Egin'-ek urtekaria kaleratu zuen urtero, itxi zuten arte. Ondoren, GARAk gauza bera egin du.
Halere, produktu horrek izan zuen aurrekari bat. 'Egin'-ek bost urte bete zituen urtean, 'bosturtekari' bat –nolabait esatearren– kaleratu zuen.
Jose Luis Elkoro Administrazio Kontseiluko presidenteak eta Josu Barandika Sortzaile Batzarreko presidenteak sinatu zuten 'Euskadi, 1977-1982' haren aurkezpena. Hona hemen hitzez hitz:
Aurkezpena
EGINek bere irakurleei, adiskideei eta denei, bere bosgarren urtemugan, eskaintzen dien lekukotasun eta azterketa zerbitzu bat duzue. Egunkariak bere bidaldian iso egingo balu bezala, bere herriko azken bost urteotako historiari begiratzeko, EGINek egunotan bete dituen bost urteotako historiari, hain zuzen. Ez noski bizia geldi erazteko. Bizia hitzen, estadistiken eta laukien formula inausi horiek baino askoz anizkoitzagoa eta aberatsagoa dugu.
Urte hauetako Euskadiko bizitzako alderdirik garrantzitsuenak eskaintzera gatoz: zintzotasunaren eta gezurraren historia, eskaintza heroikoaren eta errepresioaren, herri langilearen askakuntzaren eta kapitalismoaren zapalketaren hizkuntza berreskuratzeko burrukaren eta abarren historia. Zintzotasunaren gordintasunez kontaturiko historia.
Azken batez, Euskal Herriko historiarekin berarekin baturik dagoen egunkari baten begiz ikusitako historia.
Izan ere, EGINek, informazio ildotzat, bizitzako alderdi guztiak, bai eta Sistimari desatsegin zaizkionak ere, agertzeko aukera erabatekoa egin zuenez gero, Zuzentasun eta Askatasun burrukan ari den herri baten aldeko aukera erabatekoa egin zuenez gero, herri horren bizitzan bete-betean sartu zen eta orain herri horren zati bat da.
Ez dago komunikabide neutrorik. Denek dauzkate beren «interes eginak», diruzkoak eta politikazkoak. Batzuk, ordea, gehiago edo gutxiago, Sistimaren aldekoak dira. Honek gutxienez herri zati ekilearen jokaerak defenditzen ditu. Bere buruarekin bizi izateko, bere burua izateko burrukan dabilen herriaren jokaerak. Sistimaren aurkako makurgaiztasun soil eta sakon horregatik herria zanpatzen badute, bidezkoa da EGIN ere isil erazi nahi izatea. Sistimak ez lezake iritzi zelai kritikorik sortzerik jasan.
Horregatik Hizpidearen edo Adierazpidearen Eskubidea errebindikatu beharrean gaude. Aukera honen aide ez dauden beste komunikabideek eta hauen eustaile diren indarrek ez daukate eskubide hori errebindikatu beharrik. Badaukate. Sistima bera dute babes, haren morroi baitira eta hark emanetik bizi baitira. Ikuspegi hauxe da EGINek historia epaitzeko darabilena. Hauexek dira gure «interes eginak».
«Euskadi 1977-1982» eta EGIN, azken batez, zutik dagoen Euskal Herriaren emaitza dira. Egunkari barruko eta kanpoko hainbat langileren ahaleginak bat eginik, era guztietako mehatxu, azpi kolpe, gezurrirain eta zapalketen aurka burrukan ari direnen emaitza. EGINek BIZIAREN eguneroko zelai eta ASKATASUNAREN eguneroko oihu izaten jarraituko du.
Hernani, 1982ko irailaren 29
(EGIN sortu zenetik bost urtetara)
Jose Luis Elkoro
Administrazio Kontseiluko Burua
Josu Barandika
Fundatzaile Batzarre