1977/2024 , Urtarrilak 2

Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Errealitate txute bat

Heroina gaindosiagatik hildako bi gazterekin hasi da 1989ko bigarren eguna, datu lazgarrien zerrenda baten hasiera baino izango ez dena. 1997a, aldiz, euskal txirrindularitzaren mito handienaren agurrarekin joan da. Bai, Indurain bizikletatik jaitsi da. Tartean, presoak espetxean eta torturatuak komisarietan. Piztu memoriaren irratia, errealitate txute bat sartzera goaz-eta.

Ilustrazioa.
Ilustrazioa. (Koldo Landaluze)

Bolbora usaina. Borren orbainak. Heroinaren arrastoak. Hiru elementuokin, euskal gizarteak giro zehatz bat bizi izan zuen 80ko hamarkadan, eta giro orok, une orok, garai guztiek uzten dute lurrin zehatz baten lorratza. Gaurko egunez duela nahi bezainbat urte zer gertatu zen jakitea ariketa konplikatua da zenbait kasutan. Adibidez, zer gertatu zen Euskal Herrian eta munduan 1839ko urtarrilaren 2an. Baina hemerotekek, egunkari paper zaharrek, lurrin propio bat dute eta, bolbora, borra, eta heroinara ez ezik, espetxeetara garamatzate, gatazka armatu eta politikora, deserrira eta mitoen sehaskako loaldi gozora. Sakon arnasteko modukoa, gertaeren ondorengo gogoak utzitako perfumea.

Urteak bigarren eguna du Bilbon. 1989a da. Bi gazte hil dira gaindosiagatik. Drogak uzten dituen biktimen zerrenda zabaltzen lehenak dira. Itsasoak arrainarekin loturarik badauka, Euskal Herriko gazteek kontsumitzen duten heroinak ere kresal usaina darama. Halaxe fikzionatu zuen Ekaitz Goienetxeak 'Zaldi mamarroa' (Elkar) liburuan Bermeoko 80ko hamarkada, drogaren erauntsia jasan zuen belaunaldi batetik bizirik atera zirenen testigantzetan oinarrituta. Itsasotik zetorren arrantza berria.

1989an, heroinagatik Bilbon hildako bi gazteen inguruko kronika, ‘Egin’en.
1989an, heroinagatik Bilbon hildako bi gazteen inguruko kronika, ‘Egin’en.

Narkotrafikoaren inguruan ere hainbat tesi egin ziren 80 eta 90eko hamarkadetan, eta indar polizialen zerikusia –eta zeregina– ituan jarri zen. Baltasar Garzonen sumario batek baieztatu zuen. 1993ko urtarrilaren 3ko portadak halaxe jasotzen du: «Guardia Zibilak narkotrafikari zirela baieztatzen du Garzonen sumarioak». Estatu espainolak ba al zuen planik heroina porturatu eta insurgentzia sozial eta armatua desaktibatzeko? Drogak utzitako atsekabea eta suntsipena aurrez pentsatutako zerbait izan al ziren? Gerora etorri zen Justo Arriolaren 'A los pies del caballo' (Txalaparta) lan arrakastatsua, narkotrafikoa, heroina eta kontrainsurgentziaren inguruko hipotesiak batzen zituena.

Berunezko urteak zeritzaien haiei. Berunezko zerupean bizitako garaiak ziren. Astunak. Asaldurak egunerokoaren jabetzak hartu zituenekoak. 1981eko urtarrilaren 2an urtebete lehenagoko datuak eman zituen argitara Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. 2.000 euskaldun baino gehiago pasatu ziren polizien komisarietatik, eta haietako askok torturak jasan izana salatu zuten. Borren orbainak barruan, bolboraren ke errea kalean. Txosten berberak talde ultraeskuindarren erasoengatik hil eta zauritutakoen zerrenda ere zehazten zuen. Heriotzaren triangeluan irteerarik gabe: GAL, BVE, AAA... Tiroketa lazgarria izan zen hilabete eskas lehenago Hendaiako Hendayais tabernan. Ipar Euskal Herrira lanera joandako Joxe Kamiok eta beste hainbatek (gutxienez hamalau lagun hil zituzten urte hartan) majo gizendu zuten zerrenda. Minaren lurrina airean.

Presoen aferari ere egiten zion erreferentzia Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren txosten hark. 220 lagun dira urte hasieran espetxeratuta daudenak, urtebete lehenago baino 70 gehiago. Alde nabarmena urte batetik bestera, are gehiago jakinik hurrengo urteetan kartzelatuen zakua nabarmen handituko dela. Handitu ez ezik, baita gogortu ere. 1990ean lehendakari den Jose Antonio Ardanzak argi du iritzia. Urtearen hastapenetan elkarrizketa eman dio 'Abc' egunkariari, eta sakabanaketarekin adostasun osoa erakusten du bertan. Luzea, espetxeetako soka, eta astuna, horren inguruan egindako korapiloa. Berunezko zerupean egindakoa.

Agur, Indurain!

Miguel Indurain mundu guztiak ezagutzen zuen. Bai, literalki. Bai txirrindularitzaren zaletuek, baita kirol mundutik at zegoen jendeak ere. Lorpenen alor desberdinetan, mitoak heriotzen ondoren edo ibilbideak amaitutzat ematen direnean sortzen dira. Atarrabiarrak mito hori gurpil gainean zegoela sortu eta mantentzea lortu zuen. Galanta garaipena.

«Mitoaren agurra» ‘Egin’eko barneko orrialdeetan.
«Mitoaren agurra» ‘Egin’eko barneko orrialdeetan.

Gaurko egunez, 1997an, Euskal Herriak bere historian izan duen txirrindularirik handienak bizikletatik jaistea erabaki zuen. Azken Tourreko emaitzak ez ziren uste bezalakoak izan. Grand Boucle bezala ezagutzen den lasterketan azken bost urteetan garaipena lortu ondoren, hamaikagarren postuan amaitu zuen 1996ko lehia, eta Bjarne Riis danimarkarra izan zen nagusi. Bere etxe aurretik ere pasa zen tropela, omenaldi gisa, Iruñean amaitu zen etapan. Baina Indurainek ez zuen Riis, Ullrich eta enparauen gurpilen erritmora kateatzerik lortu.

Hedabideen aurrean egindako iragarpenean, maila berean aritzeko gaitasuna izan zezakeela onartu bazuen ere, gaurko egunez, duela 27 urte, argia itzali, atea itxi eta, ohikoa zuen jarrera apalarekin, txirrindularitzaren errepidea zabalik utzi zuen etorkizuneko mito berriei bidea askatzeko.

Eta bai, 1839ko urtarrilaren 2an, Louis Daguerrek ilargiari egindako lehen argazkia lortu zuen. Gaurko egunez, 185 urte atzera, mundu desberdin batetik antzematen den ilargi berbera erretratatu zuen. Hain zuzen, guk sortzen dugun historiaren memoria gordailu bera, lekuko bakana. Memoriak berak zigilatzen baititu, izan ere, oroitzapenen bideak. Eta haietatik, gure errealitate txuteak.

Honi buruzko guztia: 1989