1977/2024 , Urtarrilak 7

2014ko urtarrilaren 7an hartutako irudia. Belharra olatu ikusgarria.
2014ko urtarrilaren 7an hartutako irudia. Belharra olatu ikusgarria. (Gaizka IROZ)
Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Mundu osoko surflariak Belharrari begira

Surflari bat Belharrako olatu erraldoi bat jaisten agertzen zen 2014ko urtarrilaren 8ko GARAren azalean. Bezperan Lapurdiko urautsira ontzi batean gerturatu zen Gaizka Iroz argazkilariak hartutako irudia zen. Ordurako ezagunak ziren lantzean behin altxatzen diren Belharrako olatuak Euskal Herrian, baina egun horretan mundu osoan zabaldu ziren bertan hartutako irudiak.

Mundu osotik gerturatutako surflari ezagun anitz pilatu zen 2014ko urtarrilaren 7an Belharran, eta horien artetik bi izan ziren protagonista nagusiak, Shane Dorian hawaiiarra eta Jamie Mitchel australiarra.

Dorian oso ezaguna da eta ahoz aho zabaldu zen surflarien artean Belharran surf egitekoa zela; beraz, ikusmin handia sortu zuen. Hawaiiarrak XXL izendapenetarako hautagaitza bat lortu zuen Belharran arraun eginez hartu zuen olatu bati esker, baina Jamie Mitchelen irudia izan zen arrakasta handiena izan zuena. Australiarrak olatu erraldoi bat hartu zuen arraun eginez, eguneko handienetako bat, eta, olatuaren magalean zela, erori egin zen. Gorriak ikusi zituen, baina onik atera zen eta XXL izendapenetarako hautatua izatea lortu zuen berak ere.

Aitzitik, Dorian eta Mitchel ez ziren lehenak izan Belharran arraun eginez olatu bat hartzen, ezta Belharran hartutako olatuei esker XXL izendapen bat eskuratzen ere. Belharran XXL izendapenetarako bidea ireki zuena eta lehen aldiz arraun egiten olatu bat hartzen ausartu zena Axi Munian surflari zarauztarra izan zen, justu bost urte lehenago, 2009ko urtarrilaren 6an.

Belharrak historia luzea du eta 2010. urtetik astelehenetan GARAn argitaratzen den Itsasoa sailean leku garrantzitsua izan du.

Axi Muniain arraunean

Zalantzarik gabe Axi Muniain da olatu handietan ezagunena den mundu mailako euskal surflaria. Izendapen gehien berak eskuratu ditu XXL sarietan, bi kategoria desberdinetan finalera iristen lehena izan zen munduan, eta, horretarako, pentsaezinak ziren hainbat muga gainditu behar izan zituen. Esaterako, Belharran arraun eginez olatu bat hartzearena. Bertako surflariek ere ez zuten uste halako zerbait posible zenik, eta Muniain taulari burdin puska batzuk atxikita itsasoratzen ikusi zutenean, ziur aski erotzat hartu zuten, baina zarauztarrak lortu egin zuen. Lehenengoa izan zen. Aitzindaria.

2009ko urtarrilaren 6 hartan hartutako olatuei esker bi XXL izendapen eskuratu zituen. Lehen fasea gainditu eta bi modalitateetan (tow-in eta arraun eginda hartutako olatua) finalera iristea lortu zuen. Modu horretan, gainera, bi kategoria desberdinetan finalera iristen zen munduko lehen lehiakidea izan zen. Egun horretatik aurrera Belharra olatu handietako surflari guztien helmuga bilakatu zuen.

Belharra XXL izendapenetan

Belharran hartutako olatuei esker XXL izendapenak eskuratu izan dituzte zenbait surflarik, eta horrek ospe handia eman dio urautsi lapurtarrari. Belharran sekulako irudiak hartu izan dira, eta behin baino gehiagotan eskaini izan du izendatua izateko aukera, baina zinez itsaski handia behar du olatuak lozorrotik esnatzeko; hots, gerta daiteke urte oso batean olatuaren arrastorik ez izatea.

Hain justu, Muniainek 2009an lortutako izendapenetatik hilabete asko pasa ziren behar bezalako itsaski bat izateko, baina iritsi zen, eta 2012. urtean Benjamin Sanchis frantsesak, Belharran hartutako olatu bati esker, XXL izendapenetan hautatua izan ostean, sari bat irabaztea lortu zuen. Horrela, izendapenetatik harago, garaipen bat eskuratu zuen lehen surflari europarra bilakatu zen.

Urte bat geroago, Gautier Garanx surflari lapurtarra ere garaile izan zen 'olatu handiena' kategorian, 2013ko abenduan tow-in bidez Belharran hartutako olatu bati esker.

Garanxek oso ongi ezagutzen du Belharra eta Julien Moliarekin batera itsasoratzen da «Belharra esnatzen» den bakoitzean. 2020ko otsailaren 14an Pierre Lapeyrade film egilearekin itsasoratu ziren bi surflariak, eta 360 gradutan hartutako irudiekin 'Bizi Belharra' film birtuala egiten parte hartu zuten.

Hilabete batzuk geroago, urriaren 17an, Epsilon ekaitzak itsaski berri bat sortu zuen eta berriz itsasoratu ziren irudiak hartzera film berri bat egiteko. Egun horretan itzelezko jendetza bildu zen Erlaitzan. Izan ere, Candide Thovex eskiatzaile famatuak olatu erraldoia eskiekin hartuko zuen zurrumurruak oporretan ziren bisitariak erakarri zituen.

Eskiatzailea urautsira gerturatu zen, baina ez zen ausartu olatu bat hartzen. Uretan ez zen zorigaiztoko gertaerarik izan orduan, baina lehorrean ezbeharra gertatzeko zorian izan zen, ikusleak bildu ziren Erlaitzako eremuan lur jauzia izan baitzen.

Aitzindariak

Hendaia eta Zokoa artean, Urruñako itsaslabarren parean dago Belharra urautsia. Kostatik urrun, itsaso zabalean dagoen baja batek olatu erraldoiak altxarazten ditu itsaskiak oso handiak direnean. Inguruko arrantzaleek aspalditik zekiten itsaski bortitzekin han olatu bat lehertzen zela. Surflarien artean ere hitz egiten zen urautsi misteriotsu hartaz, eta surf taula batekin hartzea posible ote zen eztabaidatzen zuten. Olatu handiak motoen laguntzaz (Tow-in) hartzen hasi zirenean aldatu ziren gauzak.

2002ko azaroan bertako zenbait surflari itsasoratu zirenetik famatua egin zen Belharra, eta ordutik olatua lehertu den bakoitzean Peio Lizarazu, Pilou Ducalme edo Hugo Oiartzabal bezalako bertako surflariak han izan dira. Halere, zazpi urte lehenago ere izan zen Belharrako olatua hartu zuen surflaririk.

Michel Larronde, Ainhoan jaio eta Biarritzen surf egiten hasi zen surflaria, Hawaiira joan zen bizitzera. 1995. urtean Vincent Lartizien wind-surflari profesionalarekin egin zuen topo eta lagun egin ziren. Jawsen tow-in egiten hasi ziren urtea izan zen hura. Laird Hamilton eta Mauiko olatu handietako surflarien eredua hartu zuten.

Urte horretan bertan Euskal Herrira etorri ziren olatu handiak hartzera. Itsasaldi handiak izan ziren eta leku askotan izan ziren tow-in egiten, baina aipagarriena Belharrako saioa izan zen. Zokoako portutik atera eta itsaso zabaleko olatu erraldoia dastatu ahal izan zuten lehen aldiz, eta Hawaiiko olatuen altuera handia Kantauri itsasoan ere aurki daitekeela baieztatu ahal izan zuten. Egun hartan, olatu hura soilik motorraren laguntzarekin har zitekeela esan zuten, baina oker zeuden: denborak erakutsi du arraun eginda ere har daitekeela.

Hain zuzen ere, azken itsaskiak eskaini dituen irudien artean, arrakasta gehien izan dutenak arraun eginez olatua hartu zutenenak izan dira. Askoz meritu handiagoa baitu olatua arraun eginez hartzeak motorraren laguntzaz egiteak baino. Eta horretarako Belharra oso leku zaila da, itsaso zabalean egonda ezin baita lurreko erreferentziarik hartu eta distantziak neurtezinak bilakatzen baitira. Hortaz, urautsian leku egokian egotea ia ezinezkoa da, olatua zein eremutan lehertzen den ondo kalkulatuta ere huts egiteko tartea oso handia baita, eta ondorioz, serie bat etortzen denean eremu segurura garaiz arraun egiten hasita ere oso erraza da olatuek azpian antzematea. Horregatik ematen diote balio handiagoa arraun eginda hartutako olatuari surflariek.

Honi buruzko guztia: 2014