Richard Nixon presidenteak (1969 eta 1974 artean) 'Zoroaren teoria' erabili omen zuen haien etsaiek pentsa zezaten edozer egin zezakeela gerra bat irabazteko, inor ez zedin atrebitu Estatu Batuak probokatzen. Eta 1981eko urtarrilaren 20an, Mohamed Ali boxeoko munduko txapeldunak honako adierazpenak egin zizkion prentsari, bezperan bere buruaz beste egin nahi zuen gazte bat patu ilunaren leihotik urrundu ostean. Gizarte amerikarraren «suizidioa eta zoramena» izan zituen aipagai. «Hau zoroen herrialde bat da; zorotik gutxien duena, atzo bere buruaz beste egin nahi zuen gizona», esan zuen.
Bada, egun horretan bertan, «zoroen» herri horren lema hartu zuen Ronald Reaganek: Estatu Batuetako 40. presidentea bilakatu zen. Berak hasi zuen inbestidurak Kapitolioaren mendebaldeko aldean ospatzeko tradizioa, ekitaldia ikusgarriago bihurtzeko, National Mall parkean jende saldo handiagoa batzeko aukera zabalduz. Jimmy Carterri batuta idokitzeko ekitaldian sekulako dirutza inbertitu zuen, zortzi milioi dolar –640 milioi pezeta, urtarrilaren 21ean 'Egin'-ek jaso zuenez–; bere momentua zen, eta, beraz, gazi-gozoa egingo zitzaion 444 egunez Iranen bahituta ziren 52 estatubatuarrak egun horretan, justu inbestiduraren egunean, askatzea.
Minutu gutxirengatik, Reaganek irabazi zuen bahituak libratzearen meritua; berak iragarri zuen, inbestiduran bertan, Khomeini aiatolaren garretatik askatuak zirela funtzionario estatubatuarrak. Urtarrilaren 20 hartan, inbestidurari eta bahituei buruzko teletipoak nahastu zirela zioen 'Egin'-ek. Meritua poltsikoratu bai, baina zortzi milioi dolarreko show-a lapurtu zioten presidente berriari, neurri batean, herrikide liberatuek.
Bitartean, Donostian
Hau guztia gertatu bitartean, danbor hotsek ez zuten etenik izan Donostian, San Sebastian egunean. Hango Ronald eta Nancy Reaganen partez, hemen Easo Ederra eta Jenerala; hango Mall zabaldegiaren ordez, hemen Alderdi Ederreko lorategia; hango «God bless America» beharrean, hemen «Gora Donostia!».
Gauerdian, San Sebastian bezperan, Carlos Garaikoetxea lehendakaria agertu zen Donostiako Plaza Berriaren aurrera, bandera donostiarra altxatzera. Beste bandera erraldoi batek egin zion harrera, «Presoak kalera» aldarrikatzen zuen batek. Ez zuten uste bezain goxo hartu plazan ziren herritarrek: «Publikotik gutxienez bi harri jaurti ziren», zioen 'Egin''-ek, eta batek lehendakaria jo zuen. Zenbait pertsona haserre ziren berarekin, euskal preso eta errefuxiatuekin zuen jarrerarengatik.
Estatu Batuetara begiratzeko beharrik ez zegoen, Euskal Herrian bazen nahikoa saltsa. Edo hala iritzi zioten, bederen, 'Egin'-eko zenbait kolaboratzailek. Ez ziren estatubatuarren show-ari horrenbeste sona ematearen aldekoak, eta izan zen aldarrikatu zuenik begiradak gurera destatzeko. «Irango Ipar Amerikar bahituak askatuak izango ote diren. Eta niri zer? Khomeini ez da nire aitabitxi, eta gutxiago amerikarrak [...]. Barka, jaunak. Ez al deritzozue Amerikari dedikatzeko gehiegi?», idatzi zuen Xabier Amurizak hilaren 21eko alean. Eta Zakilixut-ek bere zintako pertsonaia Estatuko Aldizkari Ofiziala irakurtzen jarri zuen: «Publicado en el BOE la liberación de los tipos de interés. Liberatu zetiate. Baina, ez nian uste amerikano tipo horiek hainbesteko interesa zutenik».
Lerro artean, zera ari ziren aldarrikatzen: «Euskal Herria lehenik!»
Abisatuta zeundeten
Eta, berriz ere, 2017ko urtarrilaren 20an, meritu eta demerituen dantza. Donald Trumpen inbestiduraren egunean, Sinaloako karteleko buruzagia, Joaquin 'El Chapo' Guzmán, Mexikotik AEBetara estraditatu zuten; hain justu, enpresari handikiak «Make America Great Again» errepikatuz kargua sinatu baino ordu batzuk lehenago. Mexikok ez zuen nahi meritua Trumpek eskuratzerik, beraz, Barack Obamaren Gobernuaren azken hatsean entregatu zioten narkotrafikatzailea AEBei, GARAk biharamunean jaso zuenez.
Bitartean, Donostian, normaltasun hotsak zekartzaten danborrek. 1981etik 2017ra, Estatu Batuetako kontuek mundu osoko egunkarietako hainbat azal bete dituzte, baita 'Egin' eta GARArenak ere. Hainbeste, ezen GARAko kolaboratzaileek ez baitzuten azkurarik sentitu urtarrilaren 21eko alea hartu eta Trumpen urrezko adatsa lehen orrian ikustean. Titularrak aurresan zuen: «Amerika lehenik». Gero gerokoak. Harririk ez zuten hegan ikusi San Sebastian egunean urte hartan.
Washingtonen, harrikadarik handiena duen «amerikano tipoa» Kapitoliora iritsi zen. Eta orduan, zenbaitek mahai gainean jarri zuen, duela zazpi urte, Donald Trump misogino, xenofobo eta dirudunak Etxe Zuria okupatu zuenean: «Eta Nixonen 'Zoroaren teoria' aplikatzen ari bada?».
Bada, ez. Trumpek munduko herrialde boteretsuenetarikoaren lema hartu aurretik, «nortasun nartzisistaren desordena» pairatzen zuela ohartarazi zioten orduan presidente zen Obamari hiru ikertzailek –Harvardeko Medikuntza Eskolako Judith Hermanek eta Kaliforniako Unibertsitateko Nanette Gartrell eta Dee Mosbacherek–. «Zoramenak», beraz, ez zuen estrategia politikorik jatorrian; izatekotan, berezkoa zuen. Agian, Mohamed Ali Trump presidente izendatu baino urtebete lehenago hil ez balitz, 2017ko urtarrilaren 20an oihu egingo lioke munduari: «Abisatuta zeundeten!».
Merituak banatzea
Kontua da, 1981ean eta 2017an, Reaganek Irango bahituen meritua jaso eta Trumpek 'El Chapo'-rena galdu zuenean, Donostiako Udalak eskaintzen duen meriturik handiena umezurtz geratu zela. 1981eko urtarrilean, Xavier Domingo kazetari gastronomiko katalanak (Bartzelona, 1929-1996) jaso zuen urrezko danbor entzutetsua, baina bi urteren buruan erauzi egin zioten saria, Udal Taldearen erabakiz; antza, euskal abertzaleak mindu zituen artikulu bat idazteagatik. 2017an ere kazetari katalan batek jaso behar zuen saria, Angels Barcelok, baina inork ez zuen bere aldeko botorik eman.
Merituen borroka Washingtonen, eta bi sari jaberik gabe Donostian. Bat boxeolariarentzat izan zitekeen, pertsona bat salbatzeaz gain iragarle lanetan fin ibili zelako. Eta bestea, akaso, Trumpentzat, ezein presidentek lortu ez duena eragin baitzuen haren inbestiduraren egunean: milaka pertsona, munduko hainbat herrialdetan, haren kontra kalera ateratzea.