Kursaal pareko egoitzan egin zen duela bost urte, 2019ko urtarrilaren 24an, NAIZ Irratia jendartean aurkezteko ekitaldia. Irrati berria ez zen ezerezetik sortu, bistan da. Aztibegia elkarteak eta Info7 Irratiak urte luzez egindako lanaren jarraipena izan zen. Baina era berean, proiektu berriak jauzi nabarmena suposatu zuen euskarazko irrati nazionala garai berrietara egokitzerako orduan.
Iñaki Altuna NAIZeko zuzendaria eta Maite Bidarte Naiz Irratiko ordezkaria izan ziren aurkezpen soil bezain jendetsuan hitza hartu zutenak. Irrati berriak NAIZ Irratia izena hartuko zuela jakinarazteaz gain, NAIZ markak ordurako irabazia zuen «erreferentzia sendoa» baliatuz, proiektu berriaren nondik norakoak azaldu zituzten. Transmedia eredu berri batean sakontzea eta euskararen aldeko apustu berritua ahalbidetzea ziren horietako batzuk, gerora denborak erakutsi duen moduan.
«NAIZ Irratia izen berria publiko egiteak izenetik haragoko meżu bat zekarren, aurkezpena Kursaal pareko egoitzan egiteak berak erakusten zuena nolabait. Hor bazen lantalde bat, bere garaian Aztibegiak sustatuta sortu zena, irratian esperientzia bat hartzen zuena; eta era berean, bazen GARAko talde bat, NAIZen sorreran parte hartzen zuena, natiboki digitala den proiektu bat. NAIZ Irratiak jasotzen du, alde batetik, irratian dabilen jendearen esperientzia eta, bestetik, NAIZek bere sorreratik bilatzen duen proiektu berria, garai berri baterako bide moduan eraiki zena», gogoratu du Ion Telleria NAIZ Irratiko koordinatzaile taldeko kideak, atzera begira jarriz.
Eta horrekin batera, euskararen aldeko apustua nabarmendu du Telleriak. «Aurrez euskararen erabilera bultzatu eta sustatu duten beste adar horiekin ere bat egiten zuen proiektuak: hor zegoen kazeta.eus-en esperientzia, Hamaika Telebistan parte hartzea... Hor badago asmo bat euskaraz taldearen eskaintza indartzekoa, eta irratiak ematen digu aukera hori. Gure kasuan abiapuntua irratia da, euskara hutsez ikuspegi nazionalarekin, berarekin dakarrena euskarazko ekoizpena asko areagotzea, euskarazko edukiak NAIZen ere asko areagotzea, eta euskarari ematea erreferentzia nagusi bat gure taldearen barnean».
Hasiera zaila, erantzun sendoa
NAIZ Irratiaren lehen urratsak ez ziren batere errazak izan. Proiektu berriaren aurkezpenak ia bat egin zuen denboran –sei egun beranduago egin zen publiko– GARA-NAIZ taldeak sufritu duen espoliazio ekonomikoarekin, 'Egin'-en itxieraren ondorioz egunkariak Gizarte Segurantzarekin zuen zorra ordainaraziz. Eta apenas urtebete beranduago, pandemia iritsi zen.
«NAIZ Irratiaren berri eman eta berehala dator espoliazioa. NAIZ Irratiak berekin zekarren inbertsio bat: estudio berriekin, lan taldean... Eta apur bat abiatu orduko, pandemia iritsi zen. Orain dela bost urte, Iñaki Altunak eta Maite Bidartek NAIZ Irratiaren berri eman zutenean, etorriko zena jakin izan balute agian bi aldiz pentsatuko zuketen. Oso hasiera zaila izan da proiektuarentzat, orokorrean GARA-NAIZ taldearentzat», onartu du Telleriak.
«Baina, era berean, izan du beste aldea ere. NAIZek espoliazioarekin planteatu du diru eske bat zorra kitatzeko baino etorkizuneko inbertsio moduan, harpidedunen bidez; eta iraganeko 'tara' hori erabili da tranpolin gisara etorkizunera begira jartzeko. Uste dut irratiak oso ongi irudikatzen duela hori: iraganera lotuta, atzera begira, txikian, estu, zorrean kateatuta nahi gaituzte, eta horren erantzuna da gaur egungo egoera, NAIZ Irratia bere estudio berriekin, erredakzioa berritzen, proiektua garatzen, programazioa handitzen... 2019koa baino dezente handiagoa da gaur egungo NAIZ, eta NAIZ Irratia eboluzio horren parte da. Pentsa orain bost urte zer etorri zitzaigun espoliazioarekin, pandemiarekin, eta orain orduan baino egoera askoz hobe batetik begiratzen diogu errealitateari. Alde horretatik, uste dut balantzea oso arrakastatsua dela», hausnartu du Ion Telleriak.
Estudio berriak etorkizunari begira jartzeko
Etorkizunera begira jartzeko asmo horretan, inbertsio garrantzitsua egin du NAIZek, bere Donostiako erredakzioa eraberritu eta irrati estudio berriekin hornituz. Baita lan taldea handituz eta programazio zabalagoa eskainiz ere. Horregatik, datozen urteetan apustu horrek merezi duen oihartzuna izan dezan, Ion Telleriak irrati lizentzien legedia eguneratu eta demokratizatzeko beharra nabarmendu du.
«FM irrati espektroa ez dago demokratikoki eta modu zuzen batean banatuta. Garai bateko interes oso partidista batzuekin egina dago, oso mugatua. Radio Maria edozein lekutan entzuten da, eta herri ekimeneko euskarazko irrati bat ez. Gu irrati nazional bat egiten ari gara euskara hutsez, eta ezin dugu normaltasunez emititu Euskal Herri osoan. Eta ez da guk ez dugulako gaitasunik, ez digutelako uzten baizik. Hor anomalia demokratiko bat dago, aspalditik zuzendua behar zuena. Guk lizentzien lorpenarekin arrakala bat ireki dugu eta horretan aurrera egin nahi dugu. Uste dugu NAIZ Irratia Euskal Herri osoan normaltasun osoz entzun beharko litzatekeela», aldarrikatu du.
Hala ere, argi dio ez direla «zain geratuko inork horretarako baimena eman artean», eta aurrera begira «proiektu profesionala eta herritarra eraikitzen» jarraituko dutela. «Lehen 'Egin'ek, gero GARAk eta ondoren NAIZek izan dituzten balore horietan oinarrituta, herritartasun horretan; baina beste interes batzuei erantzuten dieten hedabide handi horien pare jartzeko gaitasuna izango duena, gure egia ere entzun dadin».