Zoritxarrez, euskal prentsa independenteak behin baino gehiagotan defendatu behar izan du bere lana eta askatasuna epaileen aurrean. Eta aldarrikapen horrek goia jo zuen 2018ko urtarrilaren 24an, Iñigo Cabacasen heriotzaren harira Iñaki Larrea 'Ugarteko' ertzainak GARA, NAIZ, Iñaki Soto, Iñaki Iriondo eta Jone Goirizelaiaren aurka jarritako salaketaren epaiketan.
Hilabete gutxi falta ziren Cabacas hil zutenetik sei urte betetzeko, baina gazte bilbotarraren heriotzarekin lotuta zegoen lehen epaiketa hauxe izan zen, komunikabide, kazetari eta abokatuen aurkakoa. Eskaera, gainera, ez zen nolanahikoa: 'Ugarteko'-k 250.000 euroko kalte ordaina eskatzen zuen bere aginduen grabaketa argitaratzeagatik eta bere izen-abizenak publiko egiteagatik.
Epaiketa eguna iritsi aurretik ugariak izan ziren babes adierazpenak, Iñigoren gurasoena edota EH Bildurena, esaterako. Gainera, Lakuak adierazi zuen salaketarekin inolako zer ikusirik ez zuela. Eta babes hori biderkatu egin zen egunean bertan Bilbon, bai epaitegiaren aurrean, baita sareetan ere. Bereziki hunkigarria izan zen Manu eta Fina, Iñigoren gurasoak, epaiketa bertatik bertara jarraitzen ikustea, 'Ugarteko'-ri zuzendutako gutun ireki bat argitaratu ostean.
Gainera, GARAk eta NAIZek egun horretan bertan argitaratu zuten moduan, epaiketan argi geratu zen 'Ugarteko'-ri ez ziotela kalte frogagarririk eragin komunikabide horien informazioek; bi datutan laburbilduta: 2012an baino %10 gehiago kobratzen zuen eta ez zuen baja egun bakar bat ere hartu gertaera horien ondorioz. Urte eta erdian tratamendu psikologikoa jaso arren, espezialistek onartu zuten 'Ugarteko'-k ez zuela antsietate edo depresio «larririk» izan.
Ondo egindako lanaren aldarrikapena
Aldiz, epaiketak informazio eskubidea eta prentsa askatasuna aldarrikatzeko balio izan zuen. Aretoan 'Ugarteko'-ren «entren con todo» agindu famatua entzun zen berriz, eta akusazioak audioak manipulatuta zeudela esan arren, Fiskaltzak berak ere onartu egin behar izan zuen ez zela inolako «muntaiarik» egon. Baita audioak argitaratzeko eskubidea ere, «informazio eskubideak» gain hartzen ziolako 'Ugarteko'-k aipatzen zuen «ohore eskubideari».
Iñaki Soto GARAko zuzendariak argi utzi zuen audioen egiazkotasuna kontrastatu zutela, eta benetan gertatu zena jakiteko argitaratu zituztela, baita aginte-katean ardurak zehazteko ere. Kazetari bezala bere iturriak ez ezagutarazteko eskubidea duela ere aipatu zuen, baina argi utzi zuen audioa ez ziela Jone Goirizelaiak helarazi, horixe baitzen 'Ugarteko'-k abokatuaren aurka egiten zuen akusazio nagusia.
Bere izena publiko egiteari buruz, informazio hori landu zuen Iñaki Iriondo kazetariak adierazi zuen 'Ugarteko'-ren plaka zenbakia 'El Correo' egunkariak argitaratu zuela eta berak EAEko buletin ofizialean topatu zituela bere izen-abizenak. Kasu honetan ere, Fiskaltzak onartu zuen 'Ugarteko'-ren izena zabaltzea «informazio askatasunaren» barne ulertu behar dela, garrantzi publikoa duelako.
Hala ere, Fiskaltzak 13.000 euroko kalte ordaina eskatu zuen, 'Ugarteko'-k tratamendu psikologikoa jaso zuen epearengatik eta zenbait artikulutan ez zelako bere errugabetasun presuntzioa errespetatu. Epaileak, azkenean, ez zituen eskakizunak aintzat hartu.
Epaitegitik irtendakoan egindako adierazpenetan, Iñaki Soto GARAko zuzendariak esan zuen agerian geratu zela adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna epaitzen ari zirela, «polizia-agintari bati ez zitzaiolako komeni informazio jakin bat argitaratzea». Sotok gehitu zuen Lakuako Gobernuak «arazo» bat duela «iraganeko garaiei» dagokien «polizia-kultura» batekin, eta horren jakitun direla bere iritziz. «Gaurkoa bezalako epaiketek agerian uzten dute polizia horiek duten ikuspegia prentsaren eskubideei eta lekuari buruz», gaineratu zuen. Oraindik Cabacasen hilketa epaitu gabe zegoen artean, eta Sotok aldarrikatu zuen «gizarte honek zorra» duela Iñigo Cabacasen familiarekin, «bizi izan dutena krudela delako» eta «egia, justizia eta erreparazioa» behar dituztelako.