1977/2024 , Urtarrilak 27

Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Iñaki Antiguedad
Hidrologoa

«Uholdeak naturalak dira, baina 'arrisku naturalak' direla esatea tranpa egitea da»

Iñaki Antiguedad (Bilbo, 1955) EHUko hidrogeologia katedraduna da, eta zientzialarien beste begi horrekin begiratzen die uholdeen fenomenoari eta haren inguruan nagusitzen diren diskurtsoei. Suelto eta libre erantzun ditu gure galderak, «lurraldea hidrologiatik antolatzeko» aldarria eginez.

Iñaki Antiguedad, Hidrogeologian katedraduna.
Iñaki Antiguedad, Hidrogeologian katedraduna. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Oro har, eguraldiaz kezkatzen gara, ez hainbeste klimaz. Uholdeetan ere eguraldia madarikatzen dugu, beti kexuka, baina ez hainbeste naturaz eta harekin dugun gure harremanaz.

Halaxe da, euskal abeslariak famatu zuen poemak dioenez, «ez gara hain onak benetan». Kultura urriko kaletarrak gara, eta horrexek kezkatu beharko gintuzke gehien. Nahastu egiten ditugu artea eta kultura, eguraldia eta klima, ingurukoa eta ingurumena. Kulturaren adiera zehaztu beharko genuke, eta seguruenik definizio luzea aterako genuke, halabeharrez. Eta zelan edo halan definizio horrek jasoko luke, kulturaren ezinbesteko ardatz legez, naturarekin dugun harremanak egiten gaituela kulturadun, edo kultura bako. Kantatua zuen beste batek «naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea» dugula jakintza. Ur-kultura landu behar dugu, lurralde-kultura bera, ura eta lurraldea uztarri berekoak direlako. Hortaz, badugu zer ikasi, zertaz jabetu… gure gustukoa ez den eguraldia madarikatzen ibili barik.

Bide berriak ureztatzeak zu ere izorratzen zaitu, baina poztu egiten zarela ere irakurri dizugu. Agian gure bizi ereduaz eta bizitzaren martxaz hausnartzeko balioko duenaren esperantzaz?

Badira aspaldian han-hor entzun ditudan esaldiak nire ur-lurralde inguruko diskurtsoan integratu ditudanak. «Arriskuarekin bizitzen ikasi behar dugu» da horietariko bat, Europako hainbat lekutan landuagoa izan dena gurean baino, gaur-gaurkoz. Gurean uholdeak hartu ditugu urari lotutako arrisku nagusi bezala, baina dudan nago ia jakitun garen zer dagoen uholdeen atzean, horien eratze-bidean, eta batez ere mendien goialdeko ibaien prozesu antropikoez. «Bueltatu ibaiei bere askatasun eremua» da beste bat. Bueltatze horretan probatzen da, neurri handi batean, zelakoa den gure iraunkortasun apustua; hitzetatik haratago. Dagoena dago eta ez dagoena balego esatea ez da nahikoa, ez dagoena egon eta dagoen parte bat ez egotea lortu behar dugu, kulturaz blaitzeko bidean. 

Hori ere hor dagoelako: uholdeak fenomeno naturalak dira, baina gure jokabideek gaiztotzen dituzte, ezta?

Uholdeak berezkoak dira, naturalak; Noe hura gogoan. Baina hortik uholdeak, orokorrean, «arrisku naturalak» direla esatera jauzi handiegia dago; tranpa egitea da hori, ohartuta edo oharkabean, are gehiago kalteei erreparatuta. Pentsatzea baino ez dago euri-jasen urek zer bide egiten duten lurrera heldu eta hortik maldan behera ibaira, eta zein abiaduraz, eta zergatik oraingo euri-jasa batek kalte gehiago sortzen dituen euri-kopuru bereko iraganeko euri-jasek baino. Hortaz, zeruari zerukoa eta gure erabakiei lurrekoa.  

Garrantzia ematen diozu arriskua ulertu eta barneratzeari. Alegia, gure ingurune naturalak berezkoak dituenak ezagutzeari eta gizakion jokabideek dakartzaten arrisku erantsiak kudeatzeari.

Gure ur-kulturak ez digu uzten ibaia eta ibai-arroa ezberdintzen; uholdea ibaiarekin lotzen dugu, ibai-arroarekin lotu behar badugu ere, kausak eta ondorioak ulertuko baditugu, behinik behin. Ibai barruko eskema hidraulikoaren gainetik ibai-arro osoko perspektiba hidrologikoa landu behar dugu. Lurraldea hidrologiatik antolatu; baina larregi kostatzen ari zaigu iraganaren inertziei aurre egitea. Are gehiago klima aldaketa diogun aroan sartuta egonda. Gerora, lehorteak izango ditugu «arrisku natural» nagusia, espazioaren zabalean eta denboraren luzean; betiere, lurraldeko aldaketen eraginak uretan ez kontuan hartzeak handitu egingo ditu klima aldaketak modu zuzenagoan dakartzan ondorio kaltegarriak.

«O me aclimato o me aclimuero» esan zuen zure lagun batek Antartikatik bueltan. Gehiegikeria irudi dezake, baina uholdeari (eta beste natur fenomeno potentzialki hondatzaileei) suhiltzaileekin aurre egiterik ezin dagoenez, hobe barneratzen badugu, ezta?

Askotan entzun izan ditut «lurralde adimendunak» edota «lurraldearen erresilientzia» moduko esaldiak. Okerrak, nire iritzian, oso, atentzioa desbideratzekoak. Lurraldeak berez dira adimendunak, eurek ez badakite ere, ez dute zertan jakin. Berezko dinamika dute guk eskua behar ez bezala sartzen dugun arte. Eta erresilienteak ere badira, berez, hainbat klima aldaketa jasan dute eta. Lurraldearentzat geu gara arazoa, gizataldeak beren lurraldeen dinamikan integratzen ez direnean sortzen dira arazoak. Bai, gogoan daukat Antartikan ginela nire lagun nafarrak zioen hura, «o me aclimato o me aclimuero». Gaur egunean, klima aldaketa diogun horri lokaletik eta globaletik serio aurre hartzea dugu han-hemen erronkarik handiena, bestelako erronka asko eta askotarikoak barne hartzen dituen erronka. Hortaz, gizataldeek orain arte egindakoak nahitaez hurrengo hamarkadatan ekarriko dituen klima-eszenatoki berrietara zelan egokitu birpentsatu behar dugu, hobeto birpentsatu ere ikusitakoa ikusita, eta ekintzetan jarri, negu-gasen emisioak serioago eta arinago murrizten ditugun bitartean. Karbonoa da arintzearen ardatza, eskala globalean izan ere, baina egokitzearena ura da, eta hori lurralde eskalan kudeatu behar da, mendialdetik hasi eta txorroetaraino, ibaitik pasatuta.

Honi buruzko guztia: 2024