Enbidoen artean
Bizitzan, gauzak aldapan gora jartzen direnean, apustuek indarra hartzen dute. Euskal Herrian, behintzat. Eta ez du axola apustu horiek norbere buruarekin edo kolektiboki egiten diren. Antzinatik euskal senarekin lotuta daude apustuak eta enbidoak. Gaur egun kirolarekin atxikita ikusten ditugu, ziurrenik jokoarekin lotuta.
Era horretara sortu zen enbido kolektibo batekin hasi eta sei hilabeteren ondoren gertatu zen erditzearen historia. Horixe izan da 25 urte atzera egin eta burura etorri zaidan lehen irudia. Enbidoarena. Lizarra-Garaziren garaian kokatzen naiz, momentu berezi hartan, batzuen ekimenez eta lagun askoren eskuzabaltasunari esker jaio baitzen GARA egunkaria, gaur bezalako egun batean, 1999an.
'Egin' egunkariaren itxieraren ostean, ezerezetik hasteko, dirua behar zen proiektu berri bati ekiteko. Diru asko, gainera. Euskal nortasunarekin lotura duen apustuarekin planteatu zen erronka: «Mila milioi baietz!» (*). Eta apustuari erantzuteko gogoz zeuden ehundaka pertsonek jaso zuten enbidoa. Mila milioi ez, mila eta berrehun milioi eman zituzten herritarrek 10.000 akzio baino gehiago erosita, bakoitza 100.000 pezetatan.
'Euskadi Información' izeneko mantxeta kalera ateratzen zen bitartean, ingurumari horretan bildu ziren indarrek herri honetako beste epopeia bat gauzatu zuten. Oso modu boluntarioan eta asko inprobisatuz, eztabaida askorekin, baina, batez ere, aurrera egiteko borondate osoarekin. Borondatea, hori izan zen hilabete horietako gakoa. Hankaz gora zegoena zutik jartzen eta bere onera itzultzen lagundu zuen gakoa.
Intentsitate handiko egun haien irudia lausotua badut ere, gogoan dut kanpaina haren erdian uholde bat agertzen zela, Vivaldiren musikaren intentsitateaz lagunduta.
Estuasunak azken unera arte iritsi ziren. Baina, azkenean, gaur bezalako egun batean, Bilboko Kafe Antzokian antolatu genuen festa, hedabide berriari ongietorria egiteko. Erditzea luzatu egin zen, denbora pasa arren egunkari aleak ez zirelako iristen.
Etengabeko musika gogoratzen dut berriro. Zubipeko Jazz Band-en doinuak ziren, denbora azkarrago pasarazteko ahaleginean. Hedabide berria ezagutzeko irrikaz zegoen jendea pazientzia galtzen hasia zen. Diskurtso, pintxo eta gaueko pasarte guztiak bukatuta zeudenean, irudimenari tartea zabaltzeko unea iritsi zen eta Martin Garitano saiatu zen jendea lasaitzen edo, hobeto esanda, engainatzen, bertatik joan ez zitezen. «Egunkari berria ailegatzear da. Kotxeak oraintxe pasa du Durangoko bidesaria». Baina ez zen egia. Lehen ale berriak oraindik errotatibatik ateratzeke zeuden.
Gaueko 1.00 zen egunkariaren orriak errotatibara iritsi zirenean; tresneria berria, egiteko era berriak… Errotatiba berria zenez, papera behin eta berriz hausten zen arrabolen artean. Baina, azkenean, oso berandu, iritsi ziren lehen aleak Bilboko Kafe Antzokira.
Eromenez oroitzen ditut momentu horiek. Jendeak pozarren jaso zituen GARA-ren lehen aleak. Eta erredakzio desberdinetan banatuta zeuden kazetariek nekatuta baina pozik bukatu zuten lana ordu txikitan, egindako lanaz harro.
Oro har, GARA kalean egon zedin egindako ahalegina herriaren ahalegina izan zen. Herritar eta norbanako askoren lan nekaezinari, eskuzabaltasunari, konpromisoari eta gaitasunari esker kaleratu ahal izan genuen egunkaria. Jende asko aritu zen boluntario bezala lanean, fokupetik kanpo, norbere balio eta trebeziak proiektu kolektiboaren zerbitzura jarriz.
Eta barruan, jaioberriaren zirrikituen artean, oso gutxitan aipatzen diren baina ezinbestekoak izan ziren pertsonak zeuden, sorrera prozesua aurrera eramateko eta ezinezkoa zirudiena egia bihurtzeko gai izan zirenak. Horien artean bat aipatuko nuke, zalantza izpirik gabe: 2016an utzi gintuen Juan Carlos Elorza lankidea.
Gaur, duela 25 urte, Elorza ez zen joan Bilboko Antzokira, Donostiako erredakzioan lanean baitzebilen buru-belarri, kapitain lanetan. Ontzia nabigatzen hasi berritan, berak hartu zuen lema. Hain barneratuta zeuzkan kirol estrategiak aplikatzen zituen etengabe erredakzioan, eta gau magiko eta ahaztezin haren benetako kapitaina izan zela esango nuke.
Beti bigarren planoan egon arren hain beharrezkoak diren pertsonen adibiderik onena aurkitzen dut Elorzaren presentzia gogora ekartzen dudan bakoitzean. Balio dezala oroimen honek apustu eta proiektu kolektibo hau gauzatzeko lan egin zuten guztiei esker oneko mezua emateko.
(*) Pezetatan. 1.000 milioi pezeta = 6 milioi euro