1977/2024 , Otsailak 5

Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

De Juana eta Bellon, euskal presoei ezarritako zigor beraren bi aurpegi latz

Zazpi urteko aldearekin (2007 eta 2014), otsailaren 5ak espetxe politika anker baten ondorioak islatu zituen gordintasun osoz: 'The Times' egunkariak mundu osora zabaldu zuen argazkia, batetik, eta Puerto de Santa Marian gertatutako heriotza ikusezina, bestetik.

Iñaki de Juanaren argazkia Iruñean eginiko mobilizazio batean, eta Arkaitz Bellonenena, agur-ekitaldian.
Iñaki de Juanaren argazkia Iruñean eginiko mobilizazio batean, eta Arkaitz Bellonenena, agur-ekitaldian. (Iñigo Uriz-Luis Jauregialtzo | Foku)

Bi albiste hauen artean zazpi urteko aldea baino ez dago, baina hiru hamarkada ere izan zitezkeen, sakabanaketa eta haren ondorio krudelak berdintsu mantendu baitziren 80ko hamarkadatik 2023. urtera heldu arte. Espetxe politikaren muturreko aplikazioak, otsailaren 5ean bertan, Arkaitz Bellon penintsulako kontrako muturrean akabatu zuen eta Iñaki de Juana hiltzeko zorian jarri zuen. Bigarren honek oihartzun handiagoa izan zuen, gaur egun 'biralitatea' deritzogun hori lortu zuelako; lehena, ordea, oharkabean pasa zen Euskal Herritik haratago. Baina batak zein besteak errealitate dramatiko bera erakutsi zuten.

2007ko otsailaren 6ko GARAren azalak nazioarteko hedabide garrantzitsu bat izan zuen erreferentzia: 'The Times' londrestarra, 1785ean sortua, Europako beteranoenetako bat. Bertan, gizon bat agertzen zen, heriotzaren ertzean eta, hala ere, eskuak eta hankak ospitaleko ohera lotuta. Iñaki de Juana Chaos zen, garai hartan gose greban ehun egun inguru zeramatzana eta bere borondatearen aurka zunda nasogastriko baten bidez elikarazten zutena.

De Juana bi jokabide zitalen ikur bihurtu zen: zenbait euskal preso bizitza osorako espetxeratzeko grina, nahiz eta Espainiako Estatuan bizi osorako kartzela zigorrik ez egon teorian, eta Espainiako botereek horretarako «leporatzeak eraikitzeko» egindako apustua, garai hartako Justizia ministro Juan Fernando López Aguilarrek hitz horiekin espresuki aldarrikatu zuena.

De Juanak ia 20 urte eman zituen kartzelan (1987tik 2006ra) ETAren «Madril komandoaren» atentatuengatik, baina kondena hori amaitutakoan ere Fiskaltzak behartu egin zuen kartzelan jarraitzera. Horretarako, «mehatxu terroristak» egin izanaren leporatzea eratu zuen, De Juanaren bi prentsa artikulu aitzakiatzat hartuta. Idazki bategatik 96 urteko espetxe zigorra eskatzeak dena adierazten zuen.

Gauzak honela, Iñaki de Juanak 2006ko abuztuan ekin zion gose grebari, testuinguru bereziki konplexuan, bi mahaitan banatutako (Zapateroren Gobernua-ETA eta PSOE-Batasuna) negoziazio-prozesua abian zegoelako, nahiz eta ordurako jada ahulduta izan.

Auzitegi Nazionalak hamabi urteko kartzela zigorra ezarriko zion idatzi horiengatik, eta horrek arazoa larriagotu zuen. Presoa Madrilera eraman zuten, Doce de Octubre izeneko erietxera, eta bertan bere borondatearen aurka elikatzen hasi ziren. 2007ko urtarrilaren 23an medikuek ohartarazi zuten edozein unetan hil zitekeela Iñaki de Juana. Gorenak azkar berrikusi zuen epaia, eta 3 urtera jaitsi zuen zigorra. Urte eta erdi geroago, 2008ko abuztuan, askatasuna berreskuratuko zuen.

Ekintza ikusgarria Donostian, gose greba ehungarren egunera heldu zenean. (Juan Carlos Ruiz | Foku)


'The Times'-en bidez mundu osora zabaldu zen irudi lazgarri eta lotsagarri hura, Iñaki de Juanak 92 egun elikagairik hartu gabe zeramatzanean lortu zen (zundaren bidez baino ez zuen jasotzen). Oraindik aste batzuetan luzatuko zen protesta. De Juanak, bere egoera salatzeaz gain, Gorenak euskal presoen espetxeratzeak ahalik eta gehien luzatzeko asmatu berri zuen «Parot doktrina» ere salatzen zuen honekin. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2013an baliogabetuko zuen trikimailu hura.

Heriotza «naturala»?

De Juanaren kasuak izan zuen oihartzun mediatiko izugarriaren aldean, isiltasun erabatekoa ezarri nahi izan zioten Arkaitz Bellonen heriotzari. Espetxean edo kartzela politikaren ondorioz espetxetik irten bezain laster hildako 35 euskal herritarretako bat da, baina, aldi berean, kasu adierazgarria.

«Heriotza naturala» izan zen albistearekin batera zabaldu zen mezu ofiziala, 2014ko otsailaren 5ean, Elorrioko gaztea bere ziegan hilik aurkitu zutenean arratsaldeko atsedenaldiaren ondoren. Baina naturala ote? Ezer gutxi zegoen naturala, GARAk hasiera-hasieratik adierazi zuen bezala. Egia da heriotza biriketako edema batek eragin zuela, bat-batean. Baina, hasteko, Bellonek ordurako libre egon behar zuen, kondenaren hiru laurdenak beteak zituelako. Eta hamahiru urte zeramatzan kartzelan «kale borroka» delituengatik. Hiru hilabete geroago agortuko zuen kondena, maiatzean, baina ez zuen ataka horretara iristerik izan.

Era berean, ez zuen inolako zentzurik hamarkada oso bat isolamenduan eramateak, ezta penintsulako beste muturrean, Puerto de Santa Marian, espetxeratuta egoteak ere. Hala ere, berea ez zen salbuespena: Etxerat-en 2014ko txostenaren arabera, euskal presoen % 42 etxetik 800 kilometro baino gehiagora zegoen oraindik, eta honek eragin oso larria zuen familientzat, bai eta sufrimendu horren aurrean ezer egin ezinean zeuden presoentzat ere.

Arkaitz Bellonen ama, aita eta arreba, hil ondorengo agerraldi batean. (Marisol Ramirez | Foku)


Bellonek, gainera, kartzelako krudelkeriaren beste adierazpen batzuk pairatu zituen: 2010ean eta 2013an funtzionarioek egindako bi eraso jasan zituen (azken hori bereziki basatia, Sevilla-IIn). Honen guztiaren ondoren, bistan da «kausa naturala» ez zela heriotzaren azalpen egokia, are gutxiago 36 urteko pertsona batentzat.

Elorrion, 7.000 biztanle baino ez dituen herri batean, zaharrak berri zekartzan Puertotik heldutako albisteak. Arkaitz Bellonen tragediak berehala ekarri zuen gogora Joxe Mari Aranzamendi 'Katxue'-rena, 1997ko hilabete horretan bertan Alcala-Mecon hil zena, laguntza psikologiko faltak larriagotutako beste kalbario baten ondoren. 42 urte zituen. Bellon eta Aranzamendiren aldeko dolua betiko batu da herriko oroimen kolektiboan.

Honi buruzko guztia: 2014