Etorkizuneko Artefaktua osatzeko ariketa honetan, memoria josteko beste ariketa askorekin egin dugu topo. Azken 47 urteotan gure hedabideek argitaratutakoa arakatzen ari gara, eta jardun horretan aurreko garaiei buruzko memoria eta kazetaritza lanak topatu ditugu. 36ko gerra garaia erreferentzia nagusia da horietako askotan.
2016ko otsailaren 29an Gotzon Aranburu kazetariaren '1936ko azken gudariak, argazkietan betikotuta' erreportajea jaso zuen GARAk. 'Azken batailoia' izeneko bilduma baten berri eman genuen bertan. Txilen jaioa den Mauro Saravia argazkilariaren lana da. Familiaren arrastoak bultzatuta, bizirik geratzen ziren 1936ko gudarien eta milizianoen erretratu bilduma osatu zuen. 27 argazki denetara.
Txiletik Euskal Herrira etortzea erabaki zuen Saraviari nola sortu zitzaion jakin-mina eta jakin-min horrek ekarri zuen proiektua azaltzen du aipatu erreportajeak. PDF formatuan ere eskaintzen dugu atxikirik.
Egindako lanaren emaitzarekin, erakusketak ere egin zituzten. Lehena urte hartako martxoaren 2an hasi zen, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan. Ondoren Elgetan izan zen, Intxorta 1937 elkarteak urtero herri horretan prestatzen duen ekitaldian. Gero gerokoak. 27 erretratuez gain, gudarion testigantzak jasotzen dituen bideoa ere ikusgai eta entzungai izan zuten erakustaldietan, lan hori ere egin baitzuen Mauro Saraviak, Txilen piztu zitzaion eta Euskal Herrian, maila batean bederen, asetako jakiteko gogoari esker.