Aldian-aldian, Joseba Sarrionandiaren agurra heltzen zitzaidan, libururen batekin batera, eta halako batean, hari bisita egiteko aukera suertatu zitzaidan. Liburu bat eraman nion, irakurrita zeukana: «A, bai, oso ona». Ia 30 urte elkar ikusi gabe, eta lehenengo arratsaldean honetaz eta hartaz jardun genuen, batez ere, beraren 'Akordatzen' hartan bezalatsu, lagunak hizpide.
Hurrengo egunean, edo hurrengoan, elkarrizketa proposatu nion. Espero bezala, uzkur agertu zen, onartutakoan galderei erantzutean ez bezala. Izan ere, luzea behar zuen ezinbestez, 'Moroak gara behelaino artean?' liburuak horretarako eta gehiagorako ematen baitu; gainera, Euskal Herrian ziklo aldaketa deitu zaion horretarako hasierako pausoak ematen ari baitziren.
Gogoan dut elkarrizketa argitaratzerakoan mendi baten izena aldatu niola: Orixol gabe, Oriol jarri nuen, Euskaltzaindiaren proposamenaren arabera, Urkiola analogoa bezala, nahiz eta Aramaion eta mendi horren inguru guztian Orixol esaten duten.
Eta 'Marginalia' saiakeran «Martutene utzi baino egun batzuk lehenago» Hans Magnus Enzensberger poeta eta intelektual alemanak egin zion elkarrizketaz kontatu zuena gogoratu zitzaidan, 'Idazlegoa eta iraultza II' saioan, hain zuzen: «[...] Euskal Herriaz eta burruka harmatuaz solas egin genuen, Ruper Ordorikak bere poema baten bertsioa musikatu zuela kondatu niolarik apur bat harritu eta boztu egin zen, eta honetaz eta haretaz ihardun ginen funtzionarioak utzi zigun denboran. Handik hil batzutara, berriz, hara non 'El País'-en bere erreportaia ideologikoetarik batetan nik ez esan ez pentsatzen nituen topiko batzu neuk esanak legez irakurri behar ditudan. Edo ez zidan ulertu edo putaseme bat da, pentsatu nuen ernegaturik».
Elkarrizketa hitzartuta, oparitu zizkidan lauzpabost libururekin itzuli nintzen. Irakurri gabe neuzkan denak. Azken abenduan liburu bat erosi nuen Durangon, baina ez nion Sarrionandiari oparitu, berak idatzi zuelako: 'Markos Gimenoren 101 letrakartel'. Oso ona.
Joseba Sarrionandia: «Un pueblo no se va pareciendo a lo que recuerda, sino a lo que va haciendo»
Entrevista con Joseba Sarrionandia publicada el 3 de marzo de 2013