2003an elkartu zituen ZAZPIKA-k Joxe Landa eta Pello Zabala. Conny Beyreuther argazkilariak, orduan euskara ikasten hasi berria zenak, fraideen jantziekin erretratatu zituen biak. Moldatu zen, hala edo nola, eta elkar ulertu ziren. Emaitza, argazki-saio dibertigarri eta bitxi bat.
Iñaki Gurruxagak orduan idatzi zuen testuan aipatzen den legez, «antzina-antzinatik jendearen ahotan dabilen gaia da eguraldia. Artzainen iragarpenak, tenporak eta, jakina, eguraldi gizonak; eguraldiaz aurretik jakiteko, Euskal Herrian ezinbestekoak dira Pello Zabala eta Joxe Landa; lehena frantziskotarra, eta bigarrena, barometroetako fraide-gizonaren omenez, fraide jantzia soinean izan zen Zazpika-rekin izandako solasaldian. Bata Euskadi Irratian eguraldiaren iragarle eta bestea GARAn. Eta biak ados azken boladan, eguraldia baino gehiago, jendearen bizimodua aldatu dela esanda».
Gertutik ezagutu ditu Zabala eta Landa Joxean Agirrek, eta eguraldi gizon bien erretratu ederra egin zuen GAUR8-n: «Poesiaren, kontenplazioaren eta zientziaren arteko mugan dabilen zaletasuna da eguraldi iragarle amateurrena. Pello Zabala joan da, Joxe Landa gelditzen da».
Bai, Joxe Landa gelditzen zaigu oraindik. GARAko azken orrialdean egunero hitzordua izaten dugu itziartarrarekin, aspaldidanik. Betidanik, esango nuke. Egunkaria zabaldu eta gutako askok irakurtzen dugun lehena da bere iragarpena. Lan eskerga eginda dago gizon hau, gainera, eta horren adierazle da 2021ean Landaola Federazioak eman zion saria.
Pello Zabala ere GARAko orrialdeetan aurkitu izan genuen urte luzez, azken orrialdean hau ere. 2022an joan zitzaigun eta, Iñaki Sotok idatzi zuen legez, «Pelloren heriotza kolpe handia da. Gure hizkuntzan zaindari eta zaintzaile sinonimoak direlako, baina hitz horiek adierazten dituzten balioak nekez topatzen direlako tamaina honetan pertsona bakar batengan».
Guk gure hemerotekan arakatu dugu eta martxoaren inguruan gurean Pello Zabalak idatzi zuena berreskuratu nahi izan dugu: «Martxoa, beti martxoso».