Baigorriko bihurgunea
1982ko martxoaren 19an gertatu zen handik pare bat egunera 'Egin'-ek lehen orrialdera «Frantziar polizien aurkako lehen atentatu hilgarria Iparraldean» izenburupean eraman zuen erasoa. Gaur egun France Bleu irratian lan egiten duen Bixente Vrignon kazetaria urte luzetan 'Egin'-en aritu zen. Berari eskatu dio Artefaktuak Baigorrin izan zen gertakaritik tira egiteko.
Martxoaren 19a, 1982an, Baigorrin. Gaua da, ostatu batetik Jacques Bouyer eta Bernard Roussarie CRS-ak atera dira. Autoan sartu bezain goiz, Renault 4L auto xuri bat hurbiltzen zaie eta metraileta tiroz egiten diete eraso. Berehala hiltzen da Jacques Bouyer, eta hilabete bat berantago, zaurien ondorioz, Bernard Roussarie. Hortik aitzina, aurpegi erabat ezberdina hartuko du errepresioak Iparraldean, gogortu egingo da erabat.
42 urte berantago, zaila da pentsatzea 1982an Iparraldean dena zela posible. Ez zen urte bat «uholde arrosa»-k Estatu frantsesa gainditu zuena. Sozialistak eta komunistak gehiengoa ziren Parlamentuan, eta gobernatu egiten zuten. Hitzeman zuten departamendu bat sortuko zutela Iparraldearentzat, eta baita tokiko hizkuntzen irakaskuntza suspertuko zutela ere. Justu 15 egun aitzin, 1982ko martxoaren 2an, Korsikak autonomia hein bat lortu zuen, estatus berezi bat eskuratuz.
Ilusio anitz bada, beraz, abertzaleen aldetik, baina tokiko oposizioa basatia da. Izan kostalde ala barnealdetik, izan Grenet, Marie, Inchauspe, Duboscq ala Çaldichoury, tokiko hautetsiek zazpi ahalak egiten zituzten Ipar Euskal Herria frantses kortsean ontsa tinkatua egon zedin, baita euskarak baztertua eta mespretxatua iraun zezan ere.
Nor izan zen martxoaren 19ko eraso horren arduradun? Frantses Justiziarentzat, 10 bat urte goizago sortu zen Iparretarrak (IK) talde armatua errudun zen, eta horregatik kondenatu zuen Filipe Bidart militantea. IK-k ez du sekula bere gain hartu atentatu hori, beste hamarnaka erasotarako aldarrikapen publikoak egin zituelarik.
Orduko prentsak hipotesi ezberdinak aipatu zituen. IK, bistan da; beste batzuek afera pribatu bat ere aipatu zuten, baina 'Egin' kazetak arreta berezia eskaini zion espainiar eskuin muturreko hipotesiari.
1970eko hamarkadan hasi zen erailketen zerrenda. 1977ko agorrilean, ETAko militante bat erail zuen Angelun Batallon Vasco Español talde parapolizial espainiarrak. Eta beste erailketa anitz izan zen ondoren. 1980ko azaroaren 23an, Hendaiako Hendayais tabernan, bi herritar erail zituzten, Jean Pierre Haramendy eta Jose Camio, eta beste 10 pertsona zauritu. Nehork ez zituen ezagutzen, ez dute kidetasun politikorik nehorekin, baina hori ez zen izan eskuin muturreko talde horien 'huts' bakarra. Beste batzuk izanen dira ondoko urteetan.
Arrasto hori ez da luzaz ikertua izan, nahiz eta aldarrikapen bat egin omen zuten atentatuaren gauean, BVE izenean.
Aldiz, 1982ko martxoaren 19ko data horren aitzin, IK taldeak berak beste dimentsio bat hartuko zuen. Hortik aitzina, errepresioa areagotu zen, bai bere kontra bai euskal militante guztien aurka. Roger Levy, orduko Polizia Judizialaren buruak, 40 urte berantago aitortu zuen: «... Orduan, Baionan 10 polizia izatetik, 30 bat izatera pasatu gira zenbait urtez».
Frantses botereak makila eta saria biak erabiliko zituen. IK ez zen gehiago «amateurren» talde bezala ikusia izan, eta mugimendu abertzalea kriminalizatua izan zen iritzi publikoaren aitzinean. Hala ere, 1980ko hamarkadan euskal zentro kulturalak sortu ziren, Hazparnen, Baigorrin, Maulen eta beste toki batzuetan, Euskal Kultur Erakundea bihurtu aitzin, 1990ean. 1982an, gurasoek egindako gose greba baten ondorioz, frantses Hezkuntza Ministerioak hitzarmen bat izenpetu zuen Seaskarekin, ezagupen eta dirulaguntza bat onartzeko.
Aitzinamendu politikoek denbora gehiago galdegiten dute. 1982an, ez zen talde politiko abertzale antolaturik aurkeztu hauteskundeetan Iparraldean. 1986an, aldiz, Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA) aurkeztu zelarik, nekez bildu zituen 5.000 boz (%3,73a).