1977/2024 , Martxoak 20

Pilar Goya / Maite Ubiria

Emakume kazetari taldea enbargoak izandako ondorio larrien lekuko

2003ko martxoaren 20an Iraken aurka abiaturiko eraso militarra 1991n aliatuek aitzineraturiko Basamortu Operazioari segida ematera etorri zen. Anartean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak ezarritako «erabateko enbargoak» triskantza handia eragin zuen populazio xumearengan. Zigor horren ondorioak bertatik bertara baieztatu zituen, bi gerra artean, Irakera bidaiatu zuen emakume kazetari taldeak. Pilar Goya (EiTB) eta Maite Ubiria ('Egin') delegazio horren partaide ziren. Bidaiaren bizipenak oroitarazi dituzte solasaldi honetan.

Amman atzera utzita, basamortuko errepidetik heldu ziren Bagdadera kazetariak.
Amman atzera utzita, basamortuko errepidetik heldu ziren Bagdadera kazetariak. (@Maite_Ubiria)

Maite Ubiria: Kasik 30 urte atzerago bidaia egitea lan erraza ez bada ere, buruan dut Euskal Herritik Madrilera eta handik Jordaniako hiriburura, Ammanera, iristeko kateaturiko hegaldia. Lehenagotik ez genuen elkar ezagutzen, eta gure artean lehen hariak ehuntzeko baliatu genuen lehen eskala luze hori. Zer oroimen atxiki dituzu kazetarien talde anitz hari buruz? Behin baino gehiagotan galdetzen ziguten «emakumeak bakarrik etorri zarete?».

Pilar Goya: A zer aldea Amannen eta ondoren etorri zenaren artean! Lehenengo gauean, kale bizi eta koloretsuak ezagutu genituen, baita bapo afaldu ere, arabiar erara; biharamunean, harrizko basamortu idor bezain bakartia zeharkatu genuen jeeptzar batean. Emakume gazte talde bat enbargoak eragindako errealitatea bertatik bertara ikusteko asmotan. Herrialde mitiko bat bisitatzera gindoazen, aitzineko Mesopotamia, eta are mitikoagoa zen hiriburua bera, Bagdad. Jakin gabe ginen artean, zehazki zer topatuko genuen. 1991ko gerrak suntsitutako herri bat?

M.U.: Ammanekin alderatuta aldaketa bortitza izan zen. Zortzi eta hamar ordu arteko bidaia izango zen, 900 kilometro, diozun bezala, jeep batean, basamortua zeharkatzen. Oroitzen naiz aldiro kontrolak zirela eta txoferrak tabakoa eta ogia banatzen zizkiela check-point-etan ziren soldaduei.

P.G.: Erregaia hartzera gelditzen ginen bakoitzean, zigarroa ezpainetatik kendu gabe betetzen zuten depositua, kontu handirik egin gabe... bistakoa zen soberan zutela petrolioa, erregaia zeriola biltzen baitzuten, axolagabe, mahuka! Eta gogoan dut baita ere –edo irudipena ote?–, nola tabakoa eta ogiaz gain, beste zerbait ere sartzen zuten txoferrek check-pointetan zeuden soldaduei erakusten zizkieten paperen artean. Dirua zela esango nuke.

P.G.: Iraken sartzerakoan, ez genuen arazorik izan mugan; irteterakoan, berriz, banan banan miatu gintuzten gu eta gure maletak. Oroitzen dut baita ere Bagdadera iritsi eta Tigris ibaia lehenengoz ikusi genuenekoa. Tigris ibaia! Zein zabala, zein handia…..eta zein marroia!

M.U.: Gure delegazioaren aterpea izan zen hotel ikoniko bat. Al-Rashid hotelak George W. Bushen irudiarekin eginiko mosaikoa zuen sarreran. Hura zapaltzeko aukera ez genuen galdu.

P.G.: Artean Sadam Hussein bizirik zegoelako, lehenengo eta bigarren gerraren arteko tartean joan ginelako Irakera. Sadamen irudi erraldoiak ere ikusgai zeuden eraikinetatik zintzilik, edo bere omenezko estatuak plaza zabaletan. Baziren gerraren aztarna gehiago: soldaduak eraikinetako teilatuetan, armak eskuetan hartuta, kaleak zein zerua zelatatzen. Gertatu zitzaigun jeepean gindoazela leihoa jaitsi eta, Cristina kameraria irudiak grabatzen hasi orduko, geldiaraztea, ohartarazteko ezin genuela besterik gabe –baimenik gabe– kaleko planorik hartu.

P.G.: Gogoan dut saiatu ginela, hala eta guztiz ere, kaleko giroa usaintzen. Tigris ibaiaren ondoko postuetan jendea afaltzen, kale arabiarretan gizonezkoak nargileak erretzen, unibertsitate inguruetan gazteak hara eta hona. Hiriburu baten bizitasuna. Hori ere sentitu genuen.

M.U: Hartu genituen argazkiak errepasatuz, lehen ñabardura: Chii auzoa alde batera utzita, ez zen ohikoa Bagdaden gorputz osoa estaltzen den belo beltza zeramaten emazteak ikustea. Haatik, hiriburuaren eta landa eremuaren artean horretan ere ezberdintasunak zirela aitortu ziguten gobernu ardurak zituztelako edo osasun sisteman lanean zirelako elkarrizketatu genituen emakumeek.

P.G: Gobernutik gertu zegoen Emakumeen Federazioko buruzagia elkarrizketatzeko aukera izan genuen, eta horixe bera baieztatu zigun. Baina hark ere ez zuen zapia burutik kendu gizonezkoak bere bulegotik irten ziren arte eta emakumeak bakarrik gelditu ginen arte. Gogoan dut feminismoaz, emakumeen paperaz eta zaintzaz, ditxosozko zaintzaz!, hitz egin genuela berarekin. Eta onartu zuela zaintzarena ez zela soilik kontu ideologiko edo erlijioso bat, baizik eta auzi ekonomikoa ere bazela, emakumeak lan merkatuan sartzen ziren neurrian, Estatuak hartu beharko zuelako bere gain zaintzaren ardura. Nago, trantsizioa egiteko asmoa atzeman geniola.

M.U.: Mundu arabiarrari hitz egiteko orduan, askotan erlijioa, bistan da musulmana, gatazka-iturri bezala aurkezten digute, aparteko ñabardurarik egin gabe, hala, auzi politikoak estaltzeko.

P.G.: Izan ere, orduko Irak, ofizialki, Estatu laikoa zen, nahiz eta herritarren gehiengoa musulmana izan. Orain, horrek kontu pentsaezina dirudi hainbat eta hainbat herrialde arabiarretan. Prebentzio guztiarekin esanda, horrek erakusten zuen tolerantzia puntu bat.

P.G.: Gogoan izango duzu, Maite, Sadam Husseinen Gobernuan pisu handikoa zen Tarek Aziz ministroa kristaua zela. Beste datu bat, ñabardurekin jarraitzeko.

M.U: Boterean zen Baaz alderdi sozialista eta nazionalistako kidea zen, eta bertako Atzerri ministro gisara ezagutu genuen Tarek Aziz.

Um-Gaidak bere familiako bederatzi kide galdu zituen Amyriako zibilen aterpea kiskali zuen erasoan.
Um-Gaidak bere familiako bederatzi kide galdu zituen Amyriako zibilen aterpea kiskali zuen erasoan. (@Maite_Ubiria)

M.U.: Hiriko paisaia aipatu duzu lehen, Pilar. Lehenengo gerrak utzitako aztarnak nabarmenak ziren Bagdaden. Memorian iltzatuta dut bonbek kiskalitako zibilen aterpea erakutsi zigun emazte hura. Um-Gaida zuen izena eta bere familiako bederatzi kide galdu zituen.

P.G.: Bai, urteak pasatu arren ahaztuko ez dugun bizipena da. Zer eta lixiba egin behar zuelako babeslekutik irten zen emakume gaixoa, eta horri esker bizia «salbatu» zuen, benetako bizitza hondakinen artean lurperatuta gelditu bazitzaion ere. Gogoan ditut hango aterpeko hormak, bonbek kiskalitako gorputzek bertan utzitako itzalak eta beltzuneak, eta andre haren begirada eta azalpenak, gertatutakoaren egia bonbek estali ez zezaten indar guztia jarrita.

Aterpe horren aurkako erasoa gezurtatu egin zuten hasieran mendebaldeko indarrek, nekez sinetsi litekeen akatsa izan zela esan zuten ondoren. Haatik, guk gezurretik gutxi topatu genuen, mina baino ez.

M.U.: Suntsipen handiko armategia zuelakoan, 2003ko martxoaren 20tik aurrera Irak bonbardatu zuten berriro ere. Hiru urte beranduago, 2006an, Sadam Hussein urkatu zuten. Gure bidaian, ordea, aliatuek baliatu omen zituzten debekatutako armek –fosforo zuria, besteak beste– bereziki umeen osasunean eragindako kaltea bertatik bertara ezagutzeko parada ukan genuen. Gogoan ditut minbiziak jota ziren haurrak eta haien amen begiradak, baita medikuek agertzen zuten etsipena ere, artatzeko botikarik ez zutelako. Zesareak anestesiarik gabe egitera behartuta zirela ere aitortu ziguten.

 

Ama bat bere haurra zaintzen Sadam Hussein erietxean, Bagdaden.
Ama bat bere haurra zaintzen Sadam Hussein erietxean, Bagdaden. (@Maite_Ubiria)

P.G.: Nago bi errealitate paralelo bizitu genituela, ezta? Bata, kalekoa, hotelekoa, egoitza ofizialetakoa, inpasse moduko batean bailiran, kakotx arteko normaltasunean bizi zirenena, eta bestea, aldiz, gordinagoa, egoera hark normaltasunetik gutxi zeukala erakusten ziguna: ospitaletako hornidura falta, medikuen ezina eta haserrea, zuk aipatu duzun ume eta amen samina… Guri begira, enbargoaren amaiera gure esku balego bezala.

Iraken ikusi genuen gure begiz, bonben hotsak entzuten ez direnean ere, haiek bezain krudelak diren beste gerra modu isilagoak badirela; herritarrak gupidarik gabe zigortzeko enbargoak, alegia.
Nahi gabe ere burura datozkit ordukoak, oraingo edozein gerra edo errefuxiatu kanpamendutako irudiak gureganatzen ditugunean. Azken boladan oso maiz, Gazako sarraskia ikusten dugunean.

M.U: Niri berdin gertatu zait. Behin baino gehiagotan Iraken ikusitakoa izan dut gogoan Gazatik heltzen zaizkigun irudi jasangaitzei begiratuta. Atzokoa izan arren, tamalez, gaurkotasun handia du Ekialde Hurbilean bizi genuenak. Bi gerren artean Irakera eginiko bidaiak zer aztarna utzi zizun? Egungo gatazkei begiratzeko orduan erreferentzietako bat edo beste ematen du, ezta?

P.G: Bai, noski. Erreferentzia edo ikasgai nagusia: gutxitan sortzen direla gatazkak herritarren hobe beharrez eta erraz sakrifikatzen direla haien bizitzak helburu «gorenen» izenean. Orduan Iraken bezala, Gazan orain. Garaiko arerioa Saddam Hussein zen; orain, Hamas da.

Alta, Iraken bezala, Gazan ere hildakoak eta zaurituak herritarrak dira.

Askotan pentsatu izan dut nola txikitu zuten martxan zegoen herri bat Sadam Husseinen diktadurari amaiera emateko aitzakiapean. Hura justifikatu gabe, inondik ere, geroak ezer erakutsi badu, zera izan baita; baliabide aldetik oparoa zen eta gero eta herritar prestatuagoak zituen herrialde bat txikitzea zela azken helburua.

Modernizatzeko bidean ziztu bizian zihoan herrialdea suntsitzea zuten xedea. Oroitu behar baita orekak izugarri zailak diren inguru geopolitiko hartan indarra hartzen ari zen herria zela Irak.

 

 

Honi buruzko guztia: 1995