1977/2024 , Martxoak 21

Hotzikara sortzen duten albisteak: Lasa eta Zabalaren hilotzak aurkitu dituzte

Joseba Salbadorrek 'Egin'-eko Euskadi sailean egiten zuen lan. Berak idatzi zuen 1995eko martxoaren 21ean egunkariko albiste nagusia: «Agertu dira Lasa eta Zabalaren gorpuak». Hiru hilabete beranduago, gorpuak Tolosako hilerrira iritsi zirenean, Salbador izan zen egunkariak hara bidali zuen kazetaria. Artefaktuak hura dena gogoratzeko eskatu dio.

1995eko martxoaren 22ko 'Egin'-eko azaleko albiste nagusia.
1995eko martxoaren 22ko 'Egin'-eko azaleko albiste nagusia. (EGIN)

Askotan esan ohi da errealitateak fikzioa gainditzen duela, eta Euskal Herrian azken hamarkadatan izandako zenbait gertakarik esaldi hori berretsi besterik ez dute egiten. Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosar errefuxiatuen bahiketa, gorpuen aurkikuntza eta Tolosako hilerriko lur-ematea hotzikara sortzen duten albisteen parte bilakatu ziren euskal herritarrentzat.

Bi gazte tolosarrak 1983an desagertu ziren Baionan, GAL taldearen lehen erasotzat hartua izan zen ekintzan. Albistea izugarrizko kolpea izan zen euskal herritarrentzat, eta batez ere tolosarrentzat, tartean, garai hartan hamalau urte zituen lerro hauek idazten ari den gaztearentzat.

Herritar gehienek argi zuten Joxi eta Joxean ez zirela beren kabuz desagertu, bai eta gertakari horren atzean nor zegoen ere.

Esan bezala, kasuaren inguruko isiltasuna hamabi urtez luzatu zen, 1995eko martxoaren 21era arte. 'Egin'-ek eman zuen egun horretan albistea.

Bezperan, arratsaldez, 'Egin' egunkariko erredakziora 'Lasa eta Zabala kasua'-ri buruzko berri garrantzitsuak zeuden informazioa iritsi zen. Telefonoz hitz egitea arriskutsua zenez, kasua zeramaten abokatuengana joatea besterik ez zen geratzen.

Eta hala egin genuen, korrika eta presaka, jakinik estatu mailako beste egunkari batek albistea hurrengo egunean kaleratuko zuela. Eta albistea, hauxe zen: Alacanteko gorpu-biltegi batean indarkeria zantzuak zituzten bi gorpu azaldu ziren, ia zalantzarik gabe Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak.

Baina albisteak bazuen zorigaiztoa areagotzen zuen beste elementu bat, gorpuak 1985ean aurkitu zituztelako Busot herrian eta hamar urtean inork ez zuelako gaia ikertu. Nahiz eta, hilketa bere gain hartzeko, GALen izenean hitz egin zuen pertsona batek telefono deia egin zion Alacanteko hedabide bati, bi gazte tolosarrak desagertu eta hiru hilabetera.

Minutu bat ere galdu gabe, erredakziora itzuli, albistea idatzi eta hurrengo egunean kalean zen.

Esan beharrik ez dago tolosarren artean berealdiko zirrara sortu zuela, eta asko izan zirela irratian entzun ondoren korrika 'Egin' erostera joan zirenak.

Sentsazioa kontrajarria zen: hamabi urteren ondoren gorpuak agertu izana albiste lasaigarria zen, baina hil aurretik jasan behar izan zituzten torturak ezagutzeak haserrea berpiztu zuen. Ondoko egunetan, greba orokorra deitu zen eskualdean.

Baina grebaren ondoren ez ziren bukatu haserrerako arrazoiak.

Hiru hilabete beranduago, 1995eko ekainaren 21ean, gorpuak Euskal Herrira iristearekin batera, herri honetan idatzitako pasarterik ilunenak eta lotsagarrienak idatzi ziren.

Arratsaldeko lehen orduan, ehunka herritar Hondarribiko aireportuko aparkalekuan elkartu ziren Madrildik hegazkinez zetozen gorpuei harrera egiteko asmoarekin. Baina polizia-indar guztiek bat egin zuten hori eragozteko.

Guardia Zibilak lurreratze eremua hartzen zuen bitartean, Polizia Nazionalak aireportuko eraikuntzako sarrera-irteerak itxi zituen eta Ertzaintzak aparkalekuko herritarrak jipoitzeari ekin zion.

Ondorioz, hamarnaka zauritu izan ziren, tartean lau parlamentari: Jon Idigoras, Rafa Diez Usabiaga, Karmelo Landa eta Sotero Etxandi.

Azken hau lurrean zerraldo zegoela jasotako jipoiaren irudi beldurgarriak ez genituen berehalakoan ahaztu. Ez eta aparkalekuan han eta hemen lurrean botata, zauriturik, aurkitu genituen hamarnaka pertsonenak ere.

Arratsaldeko sei t'erdietan, hegazkina lurreratu eta ordubetera, zerraldoak zeramatzaten autoek Lasa eta Zabalaren sorterrirako bidea hartu zuten, hamarnaka polizia furgonetaz inguratuta. Baina ez zihoazen beraiek bakarrik.

Ehunka herritarrek autoa hartu zuten eta Tolosara abiatu ziren, herri horretarako sarbideak erabat kolapsatuz, baita hilerrira doan bidea ere. Hemen ere ikuskizuna izugarria izan zen, hainbat zauritu lurrean botata baitzeuden.

Baina izugarrikeria handiena hilerrian bertan gertatu zen.

Izan ere, bertan, ertzainek mundu honetan egin daitekeen gauzarik itsusiena egin zuten: lur-emateko unean, hildakoen gurasoak eta neba-arrebak jipoitu, lehendik nahikoa sufrimendu pairatu izan ez balute bezala.

Ertzainen arrazoia, haien arabera, honakoa izan zen: Madrilgo Carlos Bueren epailearen baimenik ez zutela zerraldoak familiaren esku uzteko. Ba al da munduan hildako baten ahaideei egin dakiekeen ankerkeria handiagorik?

Kazetariak jakin badaki albiste desatseginen berri ematea egokituko zaiola. Baina nekez imajina dezake errealitatea hain ankerra eta krudela izatera iritsi daitekeenik.

 

 

 

 

 

Honi buruzko guztia: 1995