«Itsasora zerbait hartzera zoazenean, ondoren etorriko direnentzat beti zerbait utzi behar duzu»
Zango bat Getarian eta bestea Erratzun, itsasoaren eta mendiaren artean ibiltzen da Mikel Troitiño. Edonola ere, aitortzen du itsasoak eman diola gehien, besteak beste, «munduari begiratzeko ikuspegi egokia eskainiz». «Etxeko gizon» gisa dituen arduretan tartea eginez, 'Exxon Valdez' ontziak eragin zuen hondamendiaren urteurrena abiapuntu hartuta, itsasoaren zaintza nola hartu azaldu dio Artefaktuari olatuen filosofoak.
Gazte harrapatu zuen Alaskako kosta 1989ko martxoaren 24an belztu zuen 'Exxon Valdez' petrolio-ontziaren istripuak.
Alta, «itsasoak ez duenez bereizketarik egiten» gertuago hunkitu zuen 'Prestige'-ren hondoratzeak.
Istripu horiek «mundu honetan nagusitzen diren botere politiko eta interes ekonomikoekin» lotzen ditu Mikel Troitiñok. Edonola ere, «gizakiak gehiegikerietarako duen ohiko joerak» laguntzen duela ere gaineratzen du.
Garaia eta baloreak aintzat hartuta, aitzindaria izan den Zarauzko Surf Eskolako sustatzaileetakoa izan zen Mikel Troitino. Ondoan izan zuen, besteak beste, elkarrizketa honen erraztatzaile izan den Haritz Larrañaga, GARA egunkarian surf atala elikatzen duen kolaboratzailea.
Haize mota, marea-koefizientea eta surfaren eremuei buruz maisutasunez jarduteko gaitasuna erakutsi du. Zorionez, lehorreko kazetari honen mesederako, taula gaineko irakaspen soilak ematera mugatu ordez, itsasotik jaso duenaz eta «jainko horri» zor dionaz hitz egin digu Mikel Troitiñok.
1989an 'Exxon Valdez' ontziak hamar milaka tona petrolio isuri zituen Alaskan. Urrutiko lurraldeetan ibilitakoa zaren heinean, horrelako hondamendiak gertatzen direnean, ezagututako paradisuak ez direla salbu etortzen al zaizu burura?
Alaskak bere historian izan duen hondamendi ekologiko handiena eragin zuen 'Exxon Valdez'-ek. Izan ere, ezin dugu ahaztu, azken berrehun urteetan, gutxienez, horiek bezalako beste gertakari larrien atzean arrazoi politikoak, hau da, botere ekonomikoen interesak, agertu direla.
Jatorriko biztanleak, indioak, badira Alaskan, eta haien bizimoduaren gaineko zaintza akabo, amaitu egin zen. Hori izan zen istripu horren beste ondorio zuzen bat.
Gu gaztetan harrapatu gintuen istripuak, eta, beraz, den-denak amerikanoen kontra ginenez, ba, zer esan, propaganda egina genuen! Baina, geroztik zerbait ikasi badugu, hauxe da: itsasoak ez duela bereizketarik egiten. Itsasoari gertatzen zaionak berdin hiria gertu duen eremua zein paradisu natural bat jo dezake. Inon ez da inor salbu.
Hori egia bada, baita itsasoak zuk kentzen diozuna bueltan emateko eskatuko dizula ere.
'Exxon Valdez' petrolio-ontziak eragin zuen triskantza nahikoa ez, eta ondoko hamarkadetan 'Erika'-k hondamendia eragin zuen Bretainiako kostan eta Galizako kostan 'Prestige' ontziaren hondoratzea heldu zen. Teknologiak aurrera egin ahala horrelakoak saihestu zitekeela esaten ziguten, baina...
Garaian garaiko gizakiok uste dugu ahal guztidunak garela. Berdin mendira zapatilekin joateko zein sekulako petrolio tona kopurua itsasoz gaindi eramateko gai garela. Hori da gizatasunaren patua.
Horren aurrean zer egin? Nik legearekiko sinesgarritasuna galdu dut. Behar da heziketa, eta sentsibilizazioa, ados. Baina, gauzak benetan aldatu nahi izanez gero, zerbait gehiago behar dugu egin, zeren boteredun horiei alfonbra gorria jartzen segitzen dugun bitartean, ez dago zer eginik.
Aitzindaria izan zen zuen surf eskolak bere jarduera eten zuen 'Prestige' ontziaren krisiari erantzunez. Arriskua hartu zenuten, udan egiten delako dirua surf eskoletan.
Garai hartan ikuspegi argia geneukan. Lehen aipatzen nuenaren harira, 'Prestige' ontziarena gertatu zenean, berehala erabakiak hartu zituzten edozein gertakari haien alde erabiltzeko prest diren boteretsu horiek. Hondartzak itxi ziren, eta isunak jarri zituzten surf egiteagatik. Baina uda heldu zenean, orduan bestelako lehentasunak agertu ziren. Turistak behar ziren etorri, eta hondartzak ireki zituzten. Pandemia garaian ere hori gertatu zen.
Guk pentsatu genuen ezin genuela politika mota horrekin bat egin. Itxi egin genuen. Beste askok ez. Errespetu osoz esanda, uste dut ondo jokatu genuela, eta gaur berriro horrelako erabakirik hartu beharko bagenu, berdin jokatuko genukeen. Kalte ekonomikoa jasan genuen. Zaila izan zen, baina jendeak, oro har, ulertu zuen gure hautua. Eta hurrengo denboraldian, berriro ireki genuen eskola. Gure baloreen arabera jokatu genuen, hasieratik eta bukaeraraino.
Garaian garaiko jokabideak aipatu dituzu. Arestian petrolio-ontzi horien beldur ginen bezala, gaur egun edukiontzi kopuru izugarria garraiatzen duten ontziei so gaude. Arriskuen sailkapenean, plastikoa al da gaurko mehatxu nagusia itsasoarentzat?
Luzaroan gure arazoak beste tokietara eraman ditugu, baina mundua bete dugu, eta bueltan etortzen ari zaigu. Hogei bat urte du plastikozko orbanak, baina guk gure bizitza egiten jarraitu dugu; honetan ere, 'Exxon Valdez'-ekin bezala, Alaska urrun dagoela pentsatuz. Baina ez da horrela. Horregatik, ez nago ados urratsez urrats aurrera egin behar dugula esaten duten ekologista horiekin. Hau eten egin behar da, ez dago besterik. Berriz diot, egin dugunaren ordaina jasotzen ari gara. Berriro diot, itsasoak ez du bereizketarik egiten.
Datu bat emateagatik: 55 urte ditut, eta inguruan, jendea, oso gaztea adinean, gaixotu egiten dela ikusten dut. Plastikozko garaiaren ondorengoak gara. Badakit gogorra izan daitekeela hainbat kontu aipatzea, baina gehiegikeriari atxikitzen zaizkion kalteak hor daude.
Azken hogei urteetako gehiegikeriaz ari gara, plastikoaz, eta oro har itsasoaren kutsaduraz ari gara. Ez da normala horrelako petrolio tonak eramaten dituzten ontziek oraindik ere itsasoa zeharkatzea. Ondorioz, ez dezagun normaltzat hartu, munduko aberastasuna lau lagunen artean banatzea, ezta Afrikara arrantza egitera joatea ere. Dena den, gizakiak gehiegikeriaren sena du.
Gehiegikeriaz ari garela, Joko Olinpikoak izanen dira aurten Parisen. Bere agintean diren paradisuak ikusgai jarriz, Tahitira eraman ditu surf probak.
Horretan ere politika edo, hobe esanda, politikari uztarturiko interes ekonomikoak agertzen dira. Frantziak nahi du aldarrikatu hor dagoela, eta dirua eskaini du, ekimen horren onurak salduz. Tahitikoek onartu dute, baina gero heldu da alde txarra: dorrea altxatzeko beharra, arrezifea arriskuan jarriz. Diruaren ordainetan zer datorren onartzea zaila da.
Surfak lilura sortzen duela zerbait ezaguna da. Niri, behintzat, erakarria egiten zait itsasoarekin planteatzen duen oinarrizko harremana: pertsona bat eta taula bat. Deus gehiagorik ez. Sinpletasun hori behar al da babestu? Edo, beste era batera esanda, ez al da gehiegi korapilatu surfa? Eskolak nonahi, marken uholdea...
Kirolak konparatzea zaila da. Kirolean badaude talde kirolak eta bakarkako kirolak. Batzuek jende gutxi dagoen tokietara joatea nahiago duten bitartean, surfean ere, beste batzuek besteen aurrean lehiatu nahi dute. Mendi lasterketekin gauza bera gertatzen da. Esango nuke izaera kontua dela.
Surfa naturan egiten den kirola da, eta horregatik, errespetu handiagokoak izan behar garela esango nuke. Nola jokatu dezakezu ? Guneak ahal den eta gutxien itsustuz, baita hondartzako beste erabiltzaileek trabarik ez nozitzera jokatuz ere.
Ekonomiak surfa gailentzen duelarik...
Jarri beharko dira arauak, baina denekin adostutakoak, ez bakarrik aipatzen duzunaren harira, ekonomikoki inplikatuta daudenekin, dendak, eskolak edo erakundeak izan. Har ditzagun kontuan hondartzara eguzkia hartzera edo igeri egitera joaten diren horiek ere. Gehiegi ez bada, pentsa dezagun arrainak eta kaioak ere hor ditugula. Errespetuan jardutea klabea da. Gehiegikeriarekin ez goaz inora. Hobekuntza heziketatik eta mentalitate aldaketatik etorriko da.
Baloreen gaineko berreskurapena proposatzen duzu.
Itsasoa oso handia da. Olatuak soberan ditugu. Neoprenoa jantzita, kasik urte osoan joan gaitezke itsasora. Abantaila handia da hori. Kalifornian edo Australian askoz zailagoa dute: olatuak urrun izaten dira. Surf eskolen boom hori orain dela hogei urte ezagutu zuten beraiek. Badago zer ikasi.
Aholku bereziren bat surf egitera animatzen direnentzat?
Jende gutxiago erakartzen duten guneetara joatea aipatuko nuke gomendio gisa. Askotan nahasten dugu surf egitea hondartza topaketa gune bilakatzearekin. Baina hondartza aise gunea da, eta surfa kirol bat da. Surf eskolentzat onuragarria litzateke bakarka edo talde txikitan aritzeko joera hori bultzatzea. Bestalde, ahal ditugu gunez eta ordutegiz aldatu. Mugimendu naturala egin dezagun, eremuak zabalduz, betiere ikuspegi ekonomikoari indarra kenduz.
Zuri, pertsonalki, itsasoak zer eman dizun galdetuz gero, ziur naiz, bide batez, itsasoari zer zor diogun azalduko didazula.
Surfari buruz liburua atera genuen Lazaro Etxegarairen laguntzaz, Zarautzen. 'Olatuek ekarri dutena' (2007) izenburua eman genion, horrela, nabarmentzeko itsasoari asko zor diogula.
Zer galdera zaila egin didazun, bide batez esanda. Niretzat itsasoa jainko bat bezalakoa dela esango nuke. Kristauek zerura begira jarri bagintuzten ere, nik zalantzarik ez dut: greziarrek irudikatu zuten bezala, itsasoa, ura, da jainkoa.
Nola jokatzen ahalegindu naiz ni itsasoarekin dudan harremanean? Denbora guztian eman dizkidan onurak eskertuz, lehenik eta behin. Handik aurrera, zerbait hartzera joaten zarenean itsasora, jakin behar duzu ondoren etorriko direnentzat beti zerbait utzi behar duzula. Beste kultura batzuetan arrantzaleek lehen arraina berriro itsasora botatzen zuten; ondoren etorriko den horrengan pentsatuz.
Ibilbide oparo horretan, zaila zaizu, seguruenik, onura guztiak aletzea.
Niri itsasoak patxada eman dit, baita mundua begiratzeko ikuspegi egoki bat ere. Itsasoaren eta mendiaren artean bizi naiz gaur egun, eta biak ditut gustuko, baina gizatasunaren akatsak ikusteko orduan erreminta gehiago eman dit itsasoak.
Aldiz, nik zer eman diot bueltan itsasoari? Nire eskuetatik pasa diren ikasleak sentsibilizatzen saiatu naiz. Taulaz maiz aldatzeko beharrik ez dagoela azaldu diet, baita surf egiterakoan, bakarrik egon ordez, beste lagun baten barre algarak eta garrasiak ondoan entzutea atsegina dela ere; baita hondartzara bakoitza bere kotxean joatea ohitura ona ez dela ere.
Esango nuke gizatasun batekin jokatuz saiatu naizela itsasoaren alde egiten. Baina argi daukat bizitza batekin denbora nahikoa ez dudala izango eman didan guztia bueltatzeko. Beste bizitza batean, arraina izateko aukera badut, orduan saiatuko naiz bueltan zerbait gehiago ematen.