Ospakizuna, jaia eta borroka uztartzen ditu Aberri Egunak, Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatzeko. Helburu horretan, baina, II. Errepublika espainiarraren garaian, 1932an, lehen aldiz antolatu zenetik, oso gutxitan ospatu dute elkarrekin abertzaletasunaren sentsibilitate eta ideologia desberdinek. 1933 (Donostia), 1934 (Gasteiz) eta 1935ekoen (Iruñea, baimendutako azkena) ondotik, 1936an, gerra ate joka zela, ekitaldi xumeagoak antolatu zituen EAJk herriz herri.
Diktadurarekin, debekuak iritsi ziren, eta egin ziren saiakerak gogor erreprimitu zituzten. Ipar Euskal Herrian, 1964an Itsasun egin zena abertzale mugimenduaren sorreraren mugarritzat jotzen da, Enbataren jaiotzarekin. Frankismoaren azken urteetan antolatu ziren Aberri Egunetan ere jazarpena izan zen nagusi.
200.000 lagunetik gora 1978an
Lau hamarkada baino gehiago igarota, 1978ko martxoaren 26koa izan zen diktadura osteko lehen Aberri Egun legala eta bateratua. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Larrun mendian ospatu zen, eta jendetza bildu zen Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean egin ziren mobilizazio deszentralizatuetan. Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuetatik bi bakarrik geratu ziren deialdi bateratutik kanpo: UCD eta Alianza Popular. 'Egin' egunkariaren arabera, 200.000 lagunetik gora bildu ziren lau hiriburuetan. «Aurrekaririk gabeko arrakasta», zioen bere azaleko lerroburu nagusian.
Manifestazio guztien buruan ikurrina joan zen, eta autodeterminazioaren eta autonomia estatutuaren aldeko aldarriak. Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Euskal Kontseilu Nagusiko (EKN) kontseilariak zihoazen aurrean, eta haien atzetik alderdietako parlamentariak. Agintarien atzetik, alderdi bakoitzaren pankartak, beren afiliatuekin. Beraz, elkarrekin, baina nahastu gabe.
Gipuzkoako hiriburuan, pankarta eraman zuten PSOEko Txiki Benegasek eta Jose Antonio Maturanak, PCEko Ignacio Latierrok, EAJko Eli Galdosek eta Andoni Monfortek, eta EEko Juan Mari Bandresek, besteak beste. Bilbon, PSOEko Ramon Rubialek –Euskal Kontseiluko lehendakaria– eta Nicolas Redondo UGTko buruzagiak zeramaten pankarta, Santi Brouardekin batera. Iruñean, Manuel Irujo eta Gabriel Urralburu zihoazen «Gora Euskadi askatuta» zioen pankartaren buruan.
Hainbeste ziren siglak, ezen, ika-mikarik eta haserrerik sor ez zedin, Donostian eta Bilbon, esaterako, zozketa egin baitzuten ordena erabakitzeko, eta honela geratu zen: PCE, OCE(BR), EIA, OIC, LKI, ORT, EMK, EK, PSOE, Altsasuko Mahaia (HASI, LAIA, ANV, ESB), ESEI, EAJ eta PTE. Polizia Iruñean bakarrik agertu zen, baina ez zen istilurik izan. Hori bai, Ignacio Llano gobernadore zibilak isuna jarri zien deitzaileei, ETAk sinatutako pankartak azaldu zirelako.
'Egin'-ek jaso zuenez, autonomia, udal hauteskundeak, eta krisi ekonomikoaren eta langabeziaren kontrako neurriak izan ziren alderdien kontsignak. «Manifestatzaileek, beren aldetik, beste kontsigna asko asmatu zituzten. 'Independentzia' eta 'ETA, herria zurekin' izan ziren entzunenak. Arabarrek ahots sendoz oihukatu zuten 'Trebiñu Araba da'. Nafarrek, berriz, 'Nafarroa Euskadi da'», zioen kronikak.
PSOE «lotsagarri geratu zen, eskasa baino eskasagoa izan zen manifestarien kopurua»
Deialdia bateratua izan zen arren, alderdien artean «distantziamendua» izan zela zioen 'Egin'-ek, eta, kontsignen artean, «borroka». «Donostiako kaleetan 'Autonomia' hitza entzuten hasi orduko, 'Independentzia' hitzaren trumoikadak entzuten ziren. Bulebarrean irakurri zen azken agiri bateratuak ere jaso zuen txistu eta oihu franko. Iruñean eta Gasteizen ere izan zen antzeko istilurik. Bilbon, aldiz, EAJ izan zen zatiketarik handiena sortu zuena, Sabino Aranaren etxearen aurrean eman baitzion honek manifestazioari bere amaia, erabakita zegoen ibilbidetik desbideraturik. Gainerakoek, ordea, Arenalera jo zuten aurretiko erabakiari jarraituz».
EAJ izan zen, «inondik ere», jende gehien mugitu zuena. «Ezker abertzalea ondoren, eta askoz atzerago gelditu ziren Estatu mailako alderdiak. Hauen artean, PCE eta EMK izan ziren jende gehien atera zutenak. PSOEri buruz, berriz, lotsagarri geratu zela esan behar, eskasa baino eskasagoa izan baitzen bere alderdiko manifestarien kopurua».
'Egin'-eko kronikalariak ondorioztatu zuenez, «oro har festa egun eta borroka egun» izan zen Aberri Egun hura; «festa egun EAJ, PCE eta EMKrentzat; borroka egun, ezker abertzalearentzat».
Aberri Egun bateratu haren ondotik, hurrengo urteetan batasuna apurtu eta EAJk eta HBk nork bere aldetik antolatu zuten eguna. Estatu izaera zuten alderdiek, berriz, ospatzeari utzi zioten.
1989, Aljerreko mahaiaren bueltan
1989koa ere martxoaren 26an egokitu zen, Aljerreko mahaiko elkarrizketen bueltan. EAJk Bilbon eta Donostian egin zituen ekitaldiak. HBk Iruñean deitu zuen, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, eta, 'Egin'-en arabera, «Euskal Herriko historiako manifestaziorik handiena» izan zen. «Iruñea euskal autodeterminazioaren hiriburu izan zen», zioen azaleko titularrean. Zehazki, 61.560 lagun zenbatu zituen 'Egin'-eko kazetariak. Bi sistema erabilita kontaketa nola egin zuen ere azaltzen zuen, zehatz-mehatz.
Barruko orrialdeetan, Jon Idigorasen hitzak ere jasotzen ziren: «Euskal Herriko historian izan den abertzale kontzentrazio handiena izan da. Ministerio guztietako alarma hots guztiak entzunaraziko zituen», ohartarazi zuen.
Abagune berezian ospatu zen Aberri Egun hura, izan ere, igande hartan bertan bukatzen zen aldebiko su-etena, eta Aljerretik ETA eta Gobernu espainolaren artean elkarrizketa fase berri baten iragarpena espero zen. Pazko igande hartarako espero zuten erakunde armatuaren agiria 'Egin'-eko erredakzioan, baina egun bat gehiago itxaron behar izan zuten, Madrilgo ordezkarien eta ETAkoen arteko bilera ordu asko luzatu zelako. Ozta-ozta egin omen ziren su-etena eta negoziazio aldia luzatzeko akordioa. Martxoaren 27ko goizaldean iritsi zen, azkenik, eta 28ko alean publikatu zen. Hala ere, bi aldeen arteko bertsio ezberdinak zabaldu ziren segidan, prozesuak porrot egin zuen, eta su-etena apurtu egin zen.
1999an, berriro bateratua: «Nazio bat gara»
Hamarkada bat igaro behar izan zen alderdi abertzaleak Aberri Egunean berriro elkarrekin ikusteko. 1999ko apirilaren 4an izan zen, Lizarra-Garazi akordioa sinatu eta sei hilabetera. Udalbiltza instituzio nazionalaren deiari jarraiki, «Nazio bat gara» lelopean, EAJ, EH, EA, AB eta IU-EB elkarrekin izan ziren goizean udaletxeen aurrean antolatu ziren mobilizazio deszentralizatuetan. Arratsaldean, alderdi bakoitzak bere ekitaldi propioa antolatu zuen.
2.000. urtean ere udaletxeetan izan zen hitzordua, Udalbiltzak deituta, baina ordurako Lizarra-Garazik porrot egin zuen, ETA jarduera armatura bueltatu zen eta alderdi abertzaleen artean haustura gauzatua zegoen.
Azken urteotan, Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egun bateratua ospatzeko ekimenak sustatu ditu eta alderdi eta sindikatu abertzaleak bildu ditu bezperan antolatutako ekitaldietan.