1977/2024 , Apirilak 4

Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos

Korrika, emozioz beteriko maratoia

Tipi-tapa zeharkatzen du Korrikak Euskal Herria bi urtero, eta 44 urteko historian sakona bezain aberasgarria da ontzen doan arrastoa. Aldarrikapenerako eta indar erakustaldirako hamar egun baino askoz gehiago da Korrika, euskara defendatu eta politika zehatzak eskatzeko abagunea ere bada.

Korrikaren hasiera Garesen, 2019an.
Korrikaren hasiera Garesen, 2019an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ez dira bi aste igaro 23. Korrika agurtu genuenetik. Hamar egunetan zehar bildutako emozioek bizirik jarraitzen dute. Kantatzen jarraitu nahi duten zozoak esna diraute. Egiaz, ez dira inoiz lokartu, 1980an lehenengo Korrika ospatu zenetik. Udaberri kolorea du Korrikak, martxoa eta apirila bitarte ospatu baitira edizio gehienak. Egun bakar eta borobilik ezean, apirilaren 4a aukeratu dugu Euskal Herrian hain garrantzitsua den ekimenari errepaso bat egiteko. Izan ere, gaur bezalako egun batez hasi zen Korrika Maulen 2003. urtean edo Garesen 2019an. Zuberoako hiriburuan protagonista izan zen Jean-Louis Davant euskaltzainak aski hunkituta gogoratzen du une hura.

Zenbat protagonista, zenbat istorio eta zenbat zailtasun pila ote daitezke 44 urteko ibilbidean? Euskararen eta haren irakaskuntzaren sustapenerako abiatu zuen AEK-k ekimen hau 1980an. Parte hartze ahalik eta zabalena izan du beti xede, baita bere helburuen gauzapenerako dirua biltzea ere. Iraitz Mateo kazetariak 23. ediziorako prestatutako erreportajeak ematen ditu sorreraren nondik norakoak.

Jean-Louis Davant lekukoa eramaten, Maulen (2003). (Andoni CANELLADA / FOKU)
Jean-Louis Davant lekukoa eramaten, Maulen (2003). (Andoni CANELLADA / FOKU)

Esan gabe doa, erakunde politikoek Korrikaren inguruan hartutako jarrera aldakorra izan dela urte hauetan zehar. EAJk, adibidez, ez zuen oso begiko hasiera batean, eta urteak behar izan ditu ekimenera gerturatzeko. Egun onarpen eta parte hartze normalizatu bat dagoen arren alderdi gehienen artean, eskuin espainiarraren erresistentziak hor jarraitzen du.

Urte hauetan ikusi dugu nola lehen aldiz EAEko lehendakari batek lekukoa hartu zuen. Ibarretxe izan zen, 2001ean, eta ordutik ez da errepikatu, Urkulluk aukerak izan dituen arren. Euskal Elkargoko lehendakari Jean-René Etchegarayk ere eraman zuen lekukoa 2022an. Alkate eta bestelako ordezkariak maizago ikusi izan ditugu lasterketaren buruan, Remigio Mendiburuk sortu eta Juan Gorritik hobetutako lekukoa eskuetan.

Hasieratik amaierara emozioak pilatzen dituen ekimena da Korrika. Hasieran, lehen kilometroak abiatzearen sentsazio errepikaezinagatik. Amaieran, hustuta eta aldi berean beteta iristen delako bat festa handira. Eta tartean, nekea, elkartasuna, inplikazioa, poza, hunkidura eta entziklopedia oso batean sartzen ez diren gauzak bizitzen direlako. Horregatik guztiagatik da hain berezia Korrika.

Ikusi izan ditugu paraje elurtuak, euri jasak zein bisaia eguzkitsuak. Egunsentian, ilunabarrean edo gaurik beltzenean egindako kilometroak. Baina guztietan, lasterka doazen «zoro zoragarriak». Izan jende multzo ikusgarriak zein talde txikiagoak, ez da hutsik geratzen den kilometrorik. Euskal Herritik kanpora ere badu oihartzunik, bost kontinenteetan ikusi izan dugu Korrika. Herri txiki honetatik halako ikusgarritasuna lortzea ez da nolanahiko meritua.

Korrika Castejonetik igarotzen. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Korrika Castejonetik igarotzen. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Errepaso honetan ezinbesteko aitortza zor diegu hamar eguneko «eromen» hau antolatzen hilabeteak pasatzen dituzten AEK-ko kideei. Urtez urte gero eta jende gehiagorengana iristea lortzen duen ekimen baten aurrean gaude. Nekeak neke, amore ematen ez duen mugimendu baten aurrean gaude.

Lau gurpilen gainean oreka mantendu ez ezik, bertatik azken ordukoak eta kronika hunkigarrienak transmititzen dizkiguten lankideei, edizio bakoitzari hitzak eta musika jarri dizkioten sortzaileei, animatzaileei... Horiei denei ere, zer esan... Korrika gure etxeetara eta bihotzetara sartzea zuen meritua ere bada.

Lasterketatik harago, ekintzak

Trebiñutik, Bilbora. Baionatik, Tuterara. Iparretik hegora eta mendebaldetik ekialdera. Euskararen lurraldea bustitzen du Korrikak, oraindik gure hizkuntza baztertu nahi duten horiei gurea dela adierazteko. Besoak zabalik eta elkarlanerako borondatez egiten du, gainera. Ahalegina festarekin uztartuz. Eta kilometro bakoitzaren atzean borroka sendo bat ahaztu gabe.

Korrikaren beste ezinbesteko elementu bat da bukaerako mezua, lekukoan hamar egunez ondo gordeta joaten den hori eta eskuz esku pasatzen den hori. Asko izan dira azken urteotan mezu hori sortzeko ardura hartu dutenak. Aitortzarako ez ezik, aldarrikapenerako abagunea da mezuaren irakurketa. Garazi Arrulak aurten esan bezala, «hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria». Auzitegietatik noiznahi hizkuntza eskubideen urraketa errealitate bat dela ohartarazten diguten honetan, argiago ezin zitekeen esan.

Euskalakari eta euskahaldun harroz beteriko herria bultzatzen du Korrikak. Hitz berriak hamaika ikasi baititugu Korrikarekin. Lau hamarkadatako ondareari eutsi eta datorrenari so, ilusioz itxarongo diogu bi urte barru helduko denari.

Honi buruzko guztia: 2003