1977/2024 , Apirilak 12

Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Aljer eta Lizarra-Garazi, negoziazio mahaian, lehena; kalean, bigarrena

Aurreko mendean, euskal gatazkaren konponbiderako bi saiakera nagusi izan ziren: ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko lehen elkarrizketa mahaia, Aljerren, 1989an; eta Lizarra-Garaziko akordioa, 1998an. Lehena Madril eta ETAren arteko sukalde politikoan kozinatu zen bereziki; bigarrenak Euskal Herriko kaleak irakiten jarri zituen, ilusioz. Apirilaren 12a –1989an eta 1999an, hurrenez hurren– egun garrantzitsua gertatu zen batean zein bestean.

'Egin'-eko portada Aljerreko prozesuaren amaieraz.
'Egin'-eko portada Aljerreko prozesuaren amaieraz. (EGIN)

1989ko apirilaren 12an, ETAk jakinarazi zuen Aljerreko prozesua agortuta zegoela. 'Egin' egunkarira helarazitako eta euskara hutsean idatzitako komunikatuan, ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketak igarotzen ari ziren une delikatuari irtenbide bat bilatzeko Aljerren egindako azken kudeaketen berri eman zuen erakundeak.

«Apirilaren 4an jadanik iragarri genuenez, espainiar Gobernuak Aljerren hitzartutako akordioak behin eta berriro bete nahi ez izana izan da hitzarmenaren haustura ekarri duena eta, jakina, baita gure su-etenarena ere». Erakundeak gaineratzen zuen elkarrizketa hautsi aurreko 72 orduetan ETAk saiakera egin zuela negoziazioa bizirik mantentzeko. Madrilgo Gobernuak uko egin zion Aljerren proposatutako elkarrizketa horri.

Hala ere, ETAk hiru egun eman zituen zain. «Azken saiakera» bat egitea erabaki zuen orduan, eta testu komun bat proposatu zion Espainiako Gobernuari, bi aldeek babes zezaten. «Espainiako Gobernuak testuaren edukiari egindako aldaketek eta alternatiba gisa aurkeztutako testuak zituen eduki desberdintasun nabariek eragin dute elkarrizketak etetea». Gobernuaren agiriak ez zuen, ETAren arabera, martxoaren 23an egindako bileran adostutako zortzi puntuak errespetatzeko konpromisoa jasotzen, bi ordezkaritzek izandako azken bileran. «Martxoaren 23az geroztik, beraz, ez da inongo bilkurarik izan eta, esan bezala, Gobernu espainolaren ezezkoa izan da arrazoi bakarra».

Erakunde armatuak, halaber, Aljerreko elkarrizketei berriro ekiteko borondatea adierazi zuen, baldintza batekin: «Gobernuak bere jarrera publikoki aldatzen badu eta konpromisoa hartzen badu».

Era berean, komunikatu horretan ETAk bere gain hartu zituen azken egunetako hainbat atentatu –berez su-etena zuen iragarria ekainaren 24ra arte, Aljerreko elkarrizketak laguntze aldera, baina elkarrizketek porrot egin ondoren amaitutzat eman zuen apirilaren 4an–; Gasteizen trenbidearen aurkako azken erasoak, Irunen polizia nazional bati bidalitako bonba-gutuna, eta baita Julen Elgorriaga Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari, Jose Barrionuevo Garraio ministroari, Herrera de la Manchako espetxeari eta Jakako kuartelera zuzendutakoak ere.

Era berean, komunikatu horretan erakunde armatuak ohartarazi zuen hainbat lehergailu jarriko zituela Madril-Sevilla eta Madril-Valentzia trenbideetan hurrengo egunetan. Jose Maria Rubio irundarrak jasandako zauri larriak ere deitoratu zituen ETAk –bonba-gutun bat zabaldu zuen–, eta herritar guztiei eskatu zien beren izenean ez zihoazen pakete edo gutun-azalak ez irekitzeko. Aurretik esana zuen ETAk, Aljerreko elkarrizketen bidea okertuz gero, eraso armatua areagotuko zuela. Egun horretan bertan, apirilaren 12an, tiroz hil zuen Jose Calvo de la Hoz Guardia Zibileko sarjentua, Areetako zubi zintzilikaria erabiltzeko txandaren zain zegoela.

Aljerreko saioa gatazka bide diplomatiko eta negoziatzailetik konponbidean jartzeko saiakera izan zen. Prozesu hark aldebiko izaera nabarmena izan zuen eta Estatuak gatazka aitortu zuen, baita ETA solaskidetzat onartu ere. Gerorako, besteak beste, alderdien mahai bat osatzea ere aurreikusita zegoen, baina, bistan denez, Aljerrekoaren garapena ez zen bide horretatik joan, Espainiako Gobernua mahaitik altxatu zelako eta atzera gatazka ukatzera bueltatu zelako. 

 

Beasainen, CAFeko langileak Lizarra-Garaziren aldeko lanuztea egiten. Jon URBE | FOKU

Lizarra-Garaziren aldeko lanuztea

1999ko apirilaren 12an, euskal gizarteak erantzun zabala eman zion hilabete batzuk lehenago (1998ko irailaren 12an) Lizarra-Garazin hasitako prozesu politiko berriaren alde deitutako lanuzteari. Geldialdia orokorra izan zen sektore guztietan, batez ere industria arloan. Ordubetez, lantoki, ikastetxe, komunikabide, garraio enpresa eta erakunde askotan lana alde batera utzi eta bat egin zuten deialdiaren leloarekin: «Bakea eraikitzen. Euskal Herriak du hitza».

Euskal Herriak konpromiso sendoa agertu zuen hilabete batzuk lehenago martxan jarri zen Lizarra-Garaziko prozesuarekin. Eta lanuzte orokorrak bistan utzi zuen bide horrek nolako ilusioa sortu zuen eta Lizarra-Garazi noraino zen mugarri politiko bat, bidean gertatuak gertatuta ere, herri honetara ziklo aldaketa ekarriko zuena.

Lizarra-Garaziko sinatzaileek deitu zuten lanuztea egun batzuk lehenago, prozesuak herriaren bultzada behar zuela ulertuta, eta herriak erantzun egin zuen. EAJ, HB, EA eta EB alderdiek berriro eskatu zieten PPri eta PSOEri haien jarrera «inmobilista» uzteko eta prozesu politikoarekin bat egiteko. Lakuako Gobernuko kideek ere egin zuten bat deialdiarekin, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta bere sailburu guztiek. Ipar Euskal Herriko Lizarrako sinatzaileek, berriz, Baionan egin zuten agerraldia apirilaren 12 hartan, Estatu frantsesari bakearen aldeko bidean bere arduraren partea gogorarazteko.

Lizarra-Garazi izan zen aparraldi kolektibo hartan, 1999ko lehen hilabeteek gailur dezente marraztu zituzten. Ilusioa sumatzen zen Euskal Herrian, eta horren adibide dira hilabete haietan izan ziren mobilizazio jendetsuak; euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratze jendetsuak, 1999ko Aberri Egun bateratuak ekarri zuen piztualdi kolektiboa eta apirilaren 12ko lanuzte sonatua kasu.

Era berean, 1999ko otsailean EAJ, EA, AB eta EHko zinegotziek Udalbiltza sortzeko lehen urratsa egin zuten. Iruñean egin zuten lehen bilera 666 alkate eta zinegotzik, eta urte horretako irailean eratu zen Udalbiltza Bilboko Euskaldunan, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 1.778 hautetsiren parte hartzearekin.

LAB eta ELAren elkarretaratzea Bilbon. Luis JAUREGIALTZO | FOKU

Baina urtea aurrera joan ahala, batez ere uda hartatik aurrera, gauzak okertzen hasi ziren. Lizarra-Garaziko akordioa indarrean egon zen bitartean –1998ko irailetik 1999ko azarora– ez zen ETAren ekintza armaturik izan. Aldiz, Estatu espainolaren jarrerak bereziki gogorra izaten jarraitu zuen. Madrilekin elkarrizketarako bidea ez zen samurra izan eta ETAk su-etenaren amaiera iragarri zuen 1999ko azaroaren 28an. Erabakiaren berri ematen zuen agirian, EAJri eta EAri leporatu zien erabaki horren erantzukizunaren parte bat, bake prozesua usteltzen utzi zutelakoan. Hortik aurrera, Lizarra-Garazi goitik behera etorri zen, baina sastraka artean irekitako bidean utzi zituen gerora jarraitu beharreko lorratzak.

2010eko apirilaren 12an, epaia Auzitegi Nazionaletik

Eta berriro apirilaren 12 batean, 2010ekoan hain justu, Euskal Herria asaldatu egin zen Auzitegi Nazionaletik iritsi zen epai bat zela medio, asaldura gazi-gozoa. 'Egunkaria' indarrez itxi eta zazpi urtera, Auzitegi Nazionalak onartu zuen «akusazio-hipotesia oso amarrutsua» izan zela, «ETArekin lotura izateko aldez aurretik pentsatutako abiapuntua» erabili zela eta «indukzio-prozesua alderantzikatu» egin zela, akusazioa interesatutako norabidean eraikitzeko zantzuak bakarrik aukeratuta. Bost akusatuak errugabetzat jo zituen sententziak, egunkaria dagoeneko historia zenean.

Guardia Zibilak indarrez itxi zuen ‘Egunkaria’ 2003an. Jon URBE | FOKU

'Egunkaria'-ren auziaren epaia suntsitzailea izan zen, prozesua bera bultzatu zuen Auzitegi Nazionalak berak absoluzio biribila egin zuelako zazpi urte beranduago. Eraiki eta desegin, baina bidean 'Egunkaria' birrinduz. Hartara, Espainiako epaileek Euskal Herriko jendarteak eta akusatuen defentsak hasieratik esandakoa eta defendatutakoa esaten amaitu zuten zazpi urteren buruan: muntaketa bat izan da. Epaiak ez zuen zehatz hitz hori erabiltzen, baina bai termino paretsuak: «artifizioa», «aurretik pentsatutako tesia», «aurreiritzia» eta «espekulazio hutsa» bezalakoak.

Honi buruzko guztia: 1989