1977/2024 , Apirilak 14

Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Egun korriente esnatu eta efemeride lokartu: atentatuak, bahiketak, sarekadak...

«Elkarri ukitzen diogu efemeridea nahi gabe» kantatzen du Anarik, eta gure herrian badakigu zerbait efemerideak bata bestearen gainean pilatzeaz. «Efemerideak gugan zauriak direlako» kantatzen du Anarik, eta badira gorputza orbainez beteta daukaten egunak. Egun korriente gisa esnatu ziren, eta efemeride lokartu. Horietako bat izan daiteke apirilaren 14a.

Hiru atentatuen berri ematen zuen ‘Egin’-en azalak.
Hiru atentatuen berri ematen zuen ‘Egin’-en azalak. (EGIN)

1981eko apirilaren 14an hiru atentatutan hiru hildako izan ziren sei orduren bueltan. ‘Egin’ egunkariak jasotako albistean, gertakarien orduak zehazten ziren bata bestearen segidan: 9.00etan, Donostian, lehena; 10.45ean, Basaurin, bigarrena; hirugarrena, 14.45ean, Usurbilen.

Lehen atentatuan 59 urteko Oswaldo Rodriguez Fernandez hil zen, militar erretiratua. Indar Armatuek Urbieta kalean zituzten bulegoetara zihoala tirokatu zuten kalean, eta bertan hil zen. Basaurin gertatu zen bigarren atentatua, bi ordu eskasera. Guardia Zibileko teniente koronela izana zen Luis Cadarso San Juan, eta erretiratuta zegoen. Egunero egunkaria erosteko ohitura zuen kioskoaren ondoan tirokatu zuten. Hirugarren heriotza Usurbilen gertatu zen, 14.45ean, Moulinex lantegiaren kanpoaldean. Bertako ekoizpen zuzendaria zen Jose Maria Latiegui Valmasedak 40 urte zituen eta buruan jasotako tiroaren ondorioz hil zen. Lehen bi atentatuak ETAk burutu zituen eta, hirugarrena, Komando Autonomo Antikapitalistek.

Hiru atentatuen berri jaso zuen apirilaren 15eko ‘Egin’ egunkariak, azalean eta 3. orrialdean, Gaurko Gaia izeneko atalean. Pareko orrialdean, laugarrenean, beste albiste bat nabarmentzen zen: “Luis Suñer Logroñotik bost kilometrora askatu zuten. Poliziak ziur daki ETAren esku egon zela”. Valentziako enpresaria zen Suñer, eta 90 egun eman zituen bahituta. 1981eko apirilaren 14an utzi zuten aske Logroñotik gertu, goizaldeko ordu biak inguruan.

1981eko apirilaren 14 hark, historiako gainerako apirilaren 14ek bezala, 24 ordu izan zituen, baina taupada bizi eta gogorreko eguna izan zela bistan da.

1996an, Jose Maria Aldaia askatu zuten

1996ko apirilaren 14ak ere badu bere efemeridea. Ordura arteko ETAren bahiketa luzeena amaitu zen eguna izan zen –geroago etorri zen Ortega Lararena–. Egun hartan ETAk aske utzi zuen Jose Maria Aldaia enpresaburua Azkarateko gainean, 341 eguneko bahiketaren ondoren. Aldaia 1995eko maiatzaren 8an ikusi zuten azken aldiz bere ingurukoek, eta hurrengo egunean jada bahiketaren hipotesia mahai gainean jarri zen. ETAk maiatzaren 24an aldarrikatu zuen ekintza.

Aldaia atxikita zegoen bitartean, bigarren bahiketa bat egin zuen ETAk; 1996ko urtarrilaren 17an Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa hartu zuen Burgosen. 532 egun eman zituen Ortega Larak bahituta, erakundearen historiako bahiketa luzeena izan zen.

Aldaiaren askatzeak poz orokortua sortu zuen euskal alderdi politikoen artean, ‘Egin’ egunkariak jaso zuenez, bakoitzaren ñabardurak ñabardura. «Ajuria Eneko Ituneko sinatzaileek Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioa gogoratu zuten eta ETAren aurkako jarrera agertu zuten. PSE-EEko eta PPko bozeramaileek ez zuten beren haserrea ezkutatu; haserre zeuden polizia-indarrek ez zutelako Aldaia askatu. HBk gatazka indarrean dagoela eta Espainiako eta Frantziako estatuek 600 euskal herritar bahituta dituztela gogorarazi zuen».

Aldaia bahituta egon zen tartean, Euskal Herria astindu zuten gertaera ugari izan ziren, garai haien intentsitatearen seinale. Aldaia aske uzteko eskatzeko manifestazio eta elkarretaratze jendetsuak izan ziren 90 egun horietan, eta aldi berean, bestelako aldarriak ere izan ziren kalean, batzuetan parez pare jarririk batzuk eta besteak.  
1995eko ekainaren 21ean iritsi ziren Euskal Herrira Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak, eta Ertzaintzak istilu larriak eragin zituen hilerrian bertan. Hain justu, istilu horiek salatzeko deitu zuen elkarretaratzera Euskal Herria Askatu ekimenak ekainaren 22an, hiletaren biharamunean, Donostiako Anoetako estadio inguruan. Toki berean eta ordu paretsuan, Aldaiaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzera zegoen deituta, eta istiluak gertatu ziren. Ertzaintzak gomazko pilotaz zauritu zuen istilu horietan Rosa Zarra, zortzi egun geroago hil zen Amarako bizilaguna.



2010: Abokatuen, preso ohien eta senideen kontrako sarekada

Eta berriz apirilaren 14 bat, eta berriz zauri berri bat. 2010eko apirilaren 14an, Grande Marlaska epailearen aginduz, hamar lagun atxilotu zituzten Gipuzkoan eta Bizkaian; abokatuak, preso ohiak eta senideak. Auzitegi Gorenak eman zuen atxilotzeko agindua, eta Guardia Zibilak bete zuen agindua. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan zuenez, «Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aldeko elkartasunaren kontrako eraso garbia da». Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak izan ziren atxilotuak eta, haiekin batera, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpurua. Akusazio gogorrak eginda atxilotu zituzten, besteak beste, ETAren mezulari izatea egotzi zieten. Edozein kasutan, irregulartasun handiz jositako auzia izan zen hasieratik, eta abokatuen lankideek behin eta berriz salatu zuten operazioa gezurren gainean eraikia eta legez kanpokoa izan zela; «euskal preso politikoen defentsa eragotzi» eta horiek duten egoeraren «lekuko deserosoak» ezabatzea zela helburua eta, horretarako, akusazioak eta gezurrezko frogak eraiki zituztela.

Jon Enparantza abokatua Guardia Zibilaren eskuetan. Jon URBE | FOKU

Epaileak espetxera bidali zituen hamar atxilotuetatik bost: euskal presoen defentsan aritzen ziren hiru abokatuak, Naia Zuriarrain preso ohia eta Saioa Agirre Etxerateko bozeramailea. Enparantza, Zulueta eta Sarriegi urte horretako abenduan utzi zituzten aske baldintzapean. Saioa Agirre 2011ko otsailean, eta Naia Zuriarrain, 2011ko martxoan.

2018ko apirilaren 14an, oihu kolektiboa Altsasukoen alde

2018ko apirilaren 14an, 50.000 lagun batu ziren Iruñean Altsasuko zortzi gazteren egoera salatzeko, Altsasukoak Aske plataformak deituta. 2016ko urriaren 15eko ordu txikitan Altsasuko taberna batean gertatutako liskarrak Auzitegi Nazionalaren tamainako dimentsioa hartu zuen, zerbitzutik kanpo zeuden guardia zibilak zirelako tartean. Epaiketa hasi bezperatan Iruñean batutako milaka herritarrek beren babesa adierazi nahi izan zieten Ainara, Adur, Jokin, Iñaki, Julen, Aratz, Jonan eta Oihani. Altsasuko gazteak terrorismoa leporatuta epaitu behar zituzten Auzitegi Nazionalean, eta 12 eta 62 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen zituzten haientzat. Elkarretaratzearen egunerako, Oihan, Adur eta Jokinek 500 egun baino gehiago zeramatzaten preso ehunka kilometrora Estatu espainoleko kartzeletan.

Iruñeko elkarretaratzean gazteen gurasoek adierazi zutenez, «jokoan dagoena ez da gure seme-alaben etorkizuna bakarrik. Jokoan daude printzipio demokratikoak, errugabetasun-presuntzioa, epaile naturalerako eskubidea, proportzionaltasun-printzipioa, eta defentsarako eta epaiketa inpartzialerako eskubidea. Geure buruari galdetu behar diogu ea gehiegizko jardun mediatiko, politiko eta judizialak, boterearen abusuaren bidez, oinarri demokratikoak higatzea ahalbidetu behar duen».

Iruñean jasotako babesak indartuta, aurretik zeukaten bideari ere erreparatu zioten. «Bi asteko epaimahaiak eta foku mediatikoak ditugu zain, bertsio kontrajarriak entzunez han eta hemen. Benetan indartzen gaituena gizartearekiko duzuen elkartasuna eta konpromisoa da; zuzena, osasuntsua eta askea. Gaurko eguna, apirilaren 14a, mugarri historikoa izango da bidegabekeriaren aurrean. Gaurko eguna duintasunaren erakustaldi gisa markatuta geratuko da egutegian, baita etorkizunerako erreferentzia gisa ere. Bidean koska bat jarri dugu, baina hau ez da amaitu. Jarraitu jarraituko dugu, eta guztiok espero zaituztegu bidean».

50.000 lagun bildu ziren Iruñean ‘Altsasukoak Aske’ plataformak deituta. Iñigo URIZ | FOKU


Bidea ez da samurra izan. Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte bitarteko zigorrak ezarri zizkien gazteei. Fiskaltzak ez bezala, Auzitegiak ez zuen terrorismo zantzurik ikusi, baina zigor handiak ezarri zizkien hainbat delitu egotzita: agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Zigor Kodeak delitu horiengatik aurreikusten zuen zigor handiena ezarri zuen. Gazteen defentsak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean 2019ko irailean. Epaiak beherapen txiki bat eman zuen, «diskriminazioa» eta «nagusitasunezko abusua» astungarriak ez aplikatzeagatik, baina urtebete eta bederatzi urte arteko zigorrak ezarri zituen taberna batean gertatutako liskarrengatik.

Honi buruzko guztia: 1981