1977/2024 , Apirilak 18

Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Ezker abertzalearen aurkako espioitza: «Hoditeria berriak, baina betiko estoldak»

Ezker abertzalearen aurkako espioitza kasuak anitzak izan dira urte hauetan guztietan. Apirilaren 18ko data dugu horren adierazle, Pegasus-en auziak berriak ekarri baitzituen. 24 urte igaro, eta data bertsuetan, beste kasu bat izan zen aipagai: Herri Batasuneko Gasteizko egoitzan aurkitu zen entzuketa sistema.

Sortu, Ernai eta LABen agerraldia, 2013an, polizia espioitza salatzeko.
Sortu, Ernai eta LABen agerraldia, 2013an, polizia espioitza salatzeko. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

24 urteko diferentziarekin, 'Egin'-ek eta GARAk espioitza kasu bana ekarri zuten azalera, 1998ko eta 2022ko apirilaren 19an, hurrenez hurren: «Espioia aurkituta» zioen batek, 1998an; «Otegi eta buruzagi katalanak Pegasus-ekin zelatatuak izan ziren», 2022an, kasu honetan bezperako berria jasoz. Bi albisteetan, agerikoa da protagonista bat: Arnaldo Otegi bera, egun EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta, bi kasuetan, espioitzaren biktimetako bat.

«Ni espiatua izan naiz eta ez dut zalantzarik egiten, badakit espiatzen nautela oraindik ere. Hau Euskal Herrian betidanik gertatu da, ondo ezagutzen dugu». 2022ko apirilaren 19ko edizioan, GARAk gogora ekarri zuen hiru urte atzera Arnaldo Otegik EHUn emandako hitzaldi batean egin zuen gogoeta. Pegasus-en auziak hitzok berretsi zituen.  

Egitate hori beti presente izanagatik ere –ez da gutxiagorako, 1998an Cesidek Herri Batasuna oso gertutik zelatatu baitzuen–, gaurko egunez duela bi urte 'Pegasus auzia' azaleratzeak sekulako burrunba eragin zuen. Alegia, agerian geratu zen Estatu espainolak sistematikoki zelatatzen dituela euskal militanteak eta alderdi politikoak. Hain zuzen ere, GARAren editoriala bide horretatik abiatu zen eta «Hoditeria berriak betiko estoldentzat» titulua jarri zion.

Apirilaren 18an egin zuen eztanda 'Pegasus auziak'. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Jon Iñarritu Madrilgo Kongresuko koalizioko diputatua eta zenbait buruzagi katalan (zerrendan 60 telefono pasatxo zeuden) zelatatu zituztela egiaztatzen zuen Kanadako Citizen Lab laborategiak. Spyware israeldarra erabili zuten espioitza hauek egiteko, eta Kataluniako prozesu independentistan parte hartu zuten auzipetuak zituen jomuga, bai eta hauen abokatuak ere.

Espioitza kasu honek, Kanadatik azaleratuak, nazioartean ere harrabotsa sortu zuen. 'The New Yorker' aldizkariak eman zuen ezagutzera lehen aldiz, eta GARAk iturri hori baliatu zuen lehen kolpean, ondoren, informazio propioz, aste osoan jarraipen berezia egiteko. NAIZen lehen lerroa hartu zuen gaiak, bai eta Eguneko Gaien protagonismoa ere GARAn, aste oso batez.

1998aren tankeran, Espainiako Gobernuan «sismoa» eragin zuen. Euskal Herritik, Jon Iñarrituk zehaztu bezala, segituan egin zen lotura Pegasus-en eta Espainiako Estatuaren artean, eta Europatik ere Estatu espainola seinalatu zuten. EH Bilduko diputatuak adierazi zuen bere telefonoa 2020tik zegoela kontrolatuta, orduan PSOE eta Unidas Podemosek gobernatzen zutelarik.

«Ilegalizatu egin gintuzten, torturatu egin gintuzten, hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ziguten, gerra zikina praktikatu dute, eta Estatuaren hilketa. Norbait harritzen al da gu zelatatu izanagatik? 78ko erregimena da, bere purutasunean. Zoru-azpi etikoa!», argitaratu zuen Arnaldo Otegik Twitter sare sozialean (orain X).

Pegasus gora, Pegasus behera, zenbait egunen zentralitatea hartu zuen gaiak, eta NAIZ IRRATIAk Pegasus sistemaren funtzionamendua ulertzeko gakoak eman zituen.

Kasuaren magnitudearen eta haserrearen adierazle, Lakuako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkulluk, bere alderdi EAJk eta ELAk «oso larritzat» jo zuten 'Pegasus auzia', eta «ikerketa garden» baten beharra aldarrikatu zuten.

«Dena da zilegi disidentziaren aurka»

Buruzagi katalanek, bitartean, Europako auzitegietara joko zutela adierazi zuten, alderdi politiko ezberdinetako ordezkariek Bruselan eginiko prentsa agerraldian. JxCat, ERC, CUP, ANC eta Omnium Culturalek bat egin zuten. Hauekin batera, Citizen Labeko ikertzaileek ere hartu zuten hitza, Israelgo spyware honek, Pegasus izenekoak, nola funtzionatzen duen azaltzeko. Zehaztu zuten Espainiako Gobernuak 2016an kontratatu zuela zerbitzua, orduan agintean Mariano Rajoy (PP) zegoela, eta bere puntu gorena 2017an hartu zuela, Kataluniako proces-ean.

Estatu espainolean, hasieratik «legezkoa eta demokratikoa» izan zela nabarmendu nahi izan zuten, baina egunak igaro ahala, argia baino ilun gehiago zituen auziak, eta iluntasunean protagonista, beste behin, ezker abertzalea, legezkoa denaren eta legezkoa ez denaren hari tenkatu batean. «Estatuarentzat, dena da zilegi disidentziaren aurka baldin bada», esan zuen Otegik, Pablo Iglesiasen La Base saioan.

«Ez da izan behar Sherlock Holmes, Pegasus-en atzean CNI dagoela atzemateko», esan zuen Pere Aragonesek, Kataluniako Generalitateko presidenteak. Europako Parlamentuan aztertu zenean ere, CNI seinalatu zuten.

Lotura bai, bazegoen, baina erantzuleak ziren Felix Sanz Roman –Pegasus spyware erosi zenean, espioitzako zuzendari zena– eta Margarita Robles Defentsako ministroa lasai antzean zeuden, jakitun baitziren, ikerketa batzorde bat sortuko balitz ere, CNIren batzorde kontrola Kongresuan blokeatuta zegoenez, auzia ez aurrera ez atzera mantenduko zela.

«Gure betebeharra galderak erantzutea da, hauei dagokien lekuan, CNIren kontrol batzordeetan erantzun ahal izango dugu», esan zuen Sanz Roldanek, batzordea blokeatuta zegoela jakitun. Ohikoa da zenbait agintarik herritarrak tuntuntzat jotzea, eta hau beste kapitulu bat izan zen, «disidentziaren aurka dena zilegi dela» erakutsi nahi horretan.

Paz Estebanek, 2020tik CNIko zuzendari zenak, agintari katalanen gaineko espioitza «berme judizialarekin» egin izana berretsi zuen, eta 29 bat izen azaleratu zituen. Bestalde, Citizen Lab laborategiak aztertutako zerrendan agertzen ziren ezker abertzaleko kide Arnaldo Otegi eta Jon Iñarrituren gainean «iceberg handi bat ezkutatzen» zela nabarmendu nahi izan zuen NAIZek.

Hauen telefonoetan Pegasus-en aztarna egotea «extra-legal, alegal edo ilegala» izan zela zioen, «nahi bezala deitu». Alegia, azaleratzen den icebergaren puntan katalanen izenak agertzen baziren, ur azpian, «ilegalizazioan», auskalo zer egon zitekeen. Moncloatik CNIko zuzendariaren hitzaurrea «gardentasun keinu» bezala agertu nahi bazen ere, modu batean, muturreko eraso politikoaren egiletzaren autoretza ere onartua izan zen: «Are gehiago, buruzagi independentista gehiago zelatatu dituzten edo ez, izan legalki edo ilegalki, zalantza berpiztu zuen».  

Kronologia

«Ilegala, baina errepikatua eta bermatua», zioen Iñaki Iriondoren lerroburuak, 'Pegasus auzia' oinarri hartu eta ezker abertzaleak historian zehar jasan dituen espioitza kasuak zerrendatu asmoz. Aipatu 1998ko kasuarekin abiatzen da, Herri Batasunaren egoitzaren goiko solairuan Cesidek instalatua zuen dispositiboarekin, hain zuzen ere.

'Egin'-ek atera zuen informazioa, martxoan, Herri Batasunak, bere egoitza garbitzen ari zela, zerbait arraroa sumatu baitzuen. Hortik, hariari tiraka, Cesid ezker abertzalea zelatatzen ari zela atera zen argitara, eta egunkariak aurkitu zuen Gasteizko Ramiro Maeztu kaleko solairuan bizi zen pertsona ere. Hain zuzen ere, apirilaren 18 batean identifikatu zuen eta hurrengo eguneko egunkariko azalera eraman zuen, «Espioia lokalizatuta» lerroburu handiarekin. Barnean, pertsona honen identifikazioaren inguruko informazioa eta berarekin harremanetan jartzeko saiakerak kontatu zituzten Pepe Rei, Edurne San Martin, Ahoztar Zelaieta eta Amaia Eraunzetamurgilek.  

Orduan ere, ETAren borrokarako «funtsezko» neurria zela esanez –«Cesiden misio zehatza ETAren aurkako borroka da, herrialdearen eta oreka demokratikoaren mehatxu nagusia»–, zilegitzat jo nahi izan zuten espioitza kasu hau, eta Otegik 24 urte beranduago berriro errepikatuko zituen hitzak esan zituen: «Euskal Herriaren aurka dena zilegi dute», esan zuen egungo EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Juan Joxe Petrikorenarekin emandako prentsaurrekoan.

'Egin'-ek ateratako informazioak, bi egun beranduago, Espainiako Gobernuan «sismoa» eragin zuela jaso zuen, eta kezkatuta agertu ziren, egunkariak Cesideko agente bat identifikatzeko gaitasuna izan zuelako. Eduardo Serra orduko Defentsa Ministroaren dimisioa eskatu zuten EAJk eta Ezker Anitzak, baina, era berean, espioitza kasu honek ETAri hauspoa eman ziezaiokeela-eta kexatu ziren, Espainiako Gobernuaren akatsak larritzat jota.

Herri Batasunak «independentziarako beharrizana» nabarmendu zuen orduan, eta Jone Goirizelaia abokatuak ohartarazi zuen espioitza hori Gobernukide ororen «zilegitasunarekin» egin zela; are gehiago, baita gobernukideak ez ziren alderdi batzuen babesarekin ere.

Honi buruzko guztia: 1998