1977/2024 , Apirilak 21

Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bertsio ofizialek ETAko kideen suizidioez hitz egiten zutenean, kazetaritza lanek argi apur bat eskaini zutenekoa

Jose Luis Geresta Mujikaren hilotza 1999ko martxoaren 20an agertu zen, eta ikerketa ofizialak ondorioztatu zuen suizidioa izan zela. Antzerako ondorioa atera zuten 1990eko ekainaren 25ean hilik aurkitu zituzten Jon Lizarralde eta Susana Arregiren gorpuekin. Bi kasuetan, kazetaritza lanak mugarri izan dira, iluntasunean argi apur bat eskaintzeko eta bertsio ofizialaz zerbait susmatzeko.

Jose Luis Gerestaren heriotzaren inguruan senideek eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak eskainitako prentsaurrekoa.
Jose Luis Gerestaren heriotzaren inguruan senideek eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak eskainitako prentsaurrekoa. (Jon URBE | FOKU)

Kazetaritza lanak mugarri izan dira bertsio ofizialak gezurtatzeko, edo behintzat, susmopean jartzeko. Negazionisten mutur horretara iritsi gabe, Euskal Herriak bizi izan du garai bat non bertsio ofizial guztiak zalantzan jarri behar ziren. Ez dira garai hain urrunak, egun, 2024. urtean ere, izan baitira zenbait kasu.

«Behin ezinezkoa dena baztertuta, geratzen denak, gertagaitza badirudi ere, egia izan behar du», esaten zuen Arthur Conan Doylek, Sherlock Holmesen ahotik.  Bada, apirilaren 21a, kasualitatez edo kausalitatez, ETAko militanteen heriotzen inguruko zenbait ikerketa argitaratu ziren egun moduan hartu dezakegu.

Batetik, 1999an, Jose Luis Gerestaren hilketaren inguruko bertsio ofiziala susmopean jarri zezaketen zertzeladak eman ziren, ikerketaren sumarioa esku artean izanik. Lau gako eman ziren: gorputzaren posizioa, armaren kokapena, Gerestak egun batzuk lehenago egindako ohartarazpena eta bi hagin kenduta zituela.

Lau orrialdeko argitalpena izan zen, bakoitzean gakoetako bat, patxadaz eta zehazki, azaltzen zuela, eta ondorio argi bat zuen: «Sumarioak berretsi egiten du zenbait testiguren bertsioa, gorpua aldez aurretik bertan jarria izan zela, alegia». Testiguen esanetan, gorpuaren posizioa erabat hieratikoa zen, «eguzkia hartzen egongo balitz bezala».

Gorantz begira zegoen, besoak –gorputzaren alboan– eta hankak beherantz luzatuta zituela. Sumarioko argazkietan ere halaxe ateratzen da, eta, GARAk kontsultatu zituen forentse adituen arabera, «bere burua tirokatzen duen pertsona bat hankak flexionatuta erortzen da lurrera, esku azpiak gorantz dituela». Ez bata ez bestea ez dira gertatu Gerestaren heriotzan, eta are gehiago, Ertzaintzak zehaztu zuen atzamar bat poltsikoan sartuta zuela.

Bere burua tirokatu duen pertsona baten gorpuak izango luken posturaren eta Gerestaren gorpuaren posizioaren arteko ezberdintasunak hobeto ulertzeko, Infografia bat argitaratu zuen GARAk.

Gorpuaren posizioaz gain, alboan agertu ziren objektuen kokapena ere susmopean jarri zuen GARAk. Ertzaintzaren sumarioaren arabera, buruaren alboan zinta berde bat azaldu zen, eta urrunago, baieta hori bat. Gainera, Gerestaren galtzak inguratzen zituen gerrikoa solte zegoen.

Pistolaren kokapenak ere zalantza asko piztu zuen; antza, tirokatu zen lekuaren kontrako aldean zegoen eta ez zeukan hatz markarik. GARAk zehazten du datu hau Amnistiaren Aldeko Batzordeek aurreratu zutela jada, Ertzaintzaren atestatua irakurri ondotik.

GARAk kontsultatu zituen forentseen esanetan, hatz markarik ez egotea «erabat ezohikoa da», nahiz eta badagoen aurrekaririk, ETAko militante baten kasuan hau ere, Josu Zabalarenean. 1997an bere gorpua Itziarren agertu zenean, xehetasun honek arreta sortu zuen, bertsio ofizialaren arabera, honek ere bere burua tirokatu baitzuen, baina pistolan ez baitzen bere hatz-markarik aurkitu.

'Arroilaren negarra'

Iaz, apirilaren 21ean hau ere, Pako Aristik 'Arroilaren negarra' liburua aurkeztu zuen, Jon Lizarralde eta Susana Arregiren hilketak oinarri zituena. Kolaboratzaile askorekin –Gure Bazterrak eta Egiari zor, besteak beste– eta kontsultatutako iturri ugarirekin kontatu zuen: sumario judiziala, hemeroteka, ondorengo liburuak, protagonistei egindako elkarrizketak…

1990eko ekainaren 25ean, Jose Luis Hervas guardia zibila ETAko hiru kideren tiroen ondorioz hil zen Irunberriko arroilan izandako ustekabeko topatze batean. Guardia Zibilak haitzarteko bi sarrerak itxi zituen, eta ia egun bat geroago, Jon Lizarralde eta Susana Arregiren gorpuak agertu ziren. Ordu batzuk lehenago German Rubenach atera zuten, zaurituta, buruan tiro bat zuela. Espainiako Barne Ministerioak suizidatu egin zirela esan zuen, eta kasua itxi.

Honi buruzko guztia: 1999