1977/2024 , Apirilak 26

Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Antisorgailuak legezkoak, sexu-heziketa beharrezkoa; gaur bezala

Antisorgailuen debekuaren amaiera iragarri zuen Kongresu espainolak 1978ko apirilaren 26an. Berrogei urte beranduago, berriz, «La Manada» auzian bortxaketarik ez zela izan bota zuten epaileek. Tarte horretan sexu-heziketak aurrera egin du, baina beharrezkoa izaten jarraitzen du. 'Egin'-ek ekarpena egin zuen bide horretan Luis Elberdinen Sexulapikoa sekzioarekin.

Kondoiak.
Kondoiak. (VITHAS LAS PALMAS | EUROPA PRESS)

Kongresu espainolak antisorgailuen debekua bertan behera utzi zuen 1978ko apirilaren 26an. Gobernuan zegoen UCDk lehen porrota bereganatu zuen Kongresuan, 'Egin'-ek jaso zuenez. PSOEk aurkezturiko emendakin baten bidez legeztatu ziren antisorgailuak; PCEren, EAJren, Minoria Catalanaren eta Talde Mistoaren sostengua jaso zuen. Frankismoak eta Eliza katolikoak ezarritako debekuetan zirrikitu bat irekitzea suposatu zuen horrek.

Hemerotekak dituen bitxikeria horietako batean, 40 urte beranduago, 2018an, amorrua zen Euskal Herrian nagusi: «La Manada» izeneko auzian, epaileek bortxaketarik izan ez zela nabarmentzen zuen epaia kaleratu zuten. Mobilizazio erraldoiak izan ziren Iruñean eta beste hiri batzuetan.

Bi berri hauek argi eta garbi adierazten dute, sexu-heziketan aurrerapausoak egin badira ere, oraindik ere urrats ugari ditugula egiteko. Iritzi berekoa da Luis Elberdin sexologoa, urteetan Egin Irratian eta ondoren 'Egin'-eko Gaztegin gehigarrian Sexulapikoa atalaren arduraduna izan dena. Bertan, sexuari buruzko gogoetak plazaratzen zituen. GARArentzat ere gai berberaz idatzi zuen  Gazte Algara gehigarriko Erosen txokoa sekzioan.

170 artikulu

Orotara, 170 artikulu izan ziren Elberdinek Gazteginen idatzi zituenak. Kontzertuak iragartzen zituzten orrien ondoan agertzen ziren sexuari buruzko artikuluak, gazteei zuzendutako gehigarrian. Aitzindaria izan zen sexu-heziketaren alde egin zen apustua.

«Zazpi bat urtez ibili ginen horretan. Hasieran, Egin Irratian, eta gero, egunkarian. 1989an hasi ginen irratian. Astearte oro egiten genuen programa zuzenean, ordubetekoa. Maribi Ugartebururekin eta Joseba Maciasekin», gogoratzen du. Izan ere, Elberdin Askabideren sortzaileetako bat izan zen 1985ean. «Antisorgailuez hitz eginez, basektomiak egiten genituelako egin ginen ezagun». Garai horietan, «kortapitxas» ezizena zuen, ebakuntza hau maiz egiten zuelako.

Luis Elberdin, Donostiako Askabide klinikan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Izan ere, Iruñeko Andraizen izan zen lehen basektomiak egiten zituen zentroa Euskal Herrian. Ebakuntza hori egiten zuen medikua, lesakarra, Errenterian basektomiak egiten hasi zen astero. «Izugarri zabaldu zen. Ez bakarrik hiru probintziatan, Santanderretik eta Galiziatik ere etortzen zitzaigun jendea. Lau katu ginen horretan, baina, dirudienez, ongi egiten genuen. Horregatik ezagutzen gintuzten eta suposatzen dut horregatik deitu zigutela Egin Irratitik».

Sexologoa izanda, antisorgailuez haratago gaiak modu orokorrean lantzeko aukera eman zion irratian aritzeak. Bizpahiru urte izan ziren irratian, egunkarian idazteko eskatu ziotenera arte. «Orrialde osoa nuen. Gaur egun, orrialde batean tartetxo bat izateko borrokatu egin behar da. Eta nik orrialde osoa nuen! Garrantzia ematen zioten. Astero-astero ateratzen ginen. Gaur begira jarrita, harritu egiten naiz», gogoratzen du.

Gai bakarra lantzen zuen. Artikulu monografikoak ziren. Batzuetan, dena den, esan beharrekoa azaltzeko motz geratzen zen eta bigarren entrega bat egiten zuen. Hirugarren bat ere bai, noizbait. Eta, oso gutxitan, laugarren bat. Baina ohikoena artikulu bakarreko gaiak izatea zen.

«Helburuak mitoak desegitea, konplexuak edo beldurrak kentzea eta informazioa ematea ziren»

«Helburuak hauek ziren: mitoak desegitea, konplexuak edo beldurrak kentzea eta informazioa ematea. Informazioa falta zen eta mitoak desegitea ezinbestekoa zen. Eiakulazio goiztiarra, homosexualitatea, masturbazioa eta horrelakoak aipatzen genituen. Elizaren presioa itzela zen, eta ni gustura aritzen nintzen Elizaren eta erlijioaren aurka, oso gustura», azaltzen du.

«Nola eginak gauden azaltzen genuen. Enpalmatu egiten zarela? Noski, ugaztun guztiak bezala. Jendeak sexu harreman batetik zer espero duen aztertzen genuen. Buruan duzun irudi bakarra zinemarena da. Orain, pornoarena ere bai. Fantasia bat dugu buruan, harremana izan aurretik pelikula bat egiten dugu. Lehenengo harremana izan eta gero zer moduz galdetzen denean, desastrea erantzuten da. Lehengo aldian ez da asmatzen edozein zereginetan. Baina bigarren aldian ere desastrea dela esaten da. Aguantatu beharreko denboraren inguruan ere mito asko dago. Baina gauzak ez dira gertatzen buruan imajinatu bezala», azaltzen du.

«Klitori-bagina polemika»

Korritzearen inguruan ere mito asko dagoela nabarmentzen du Elberdinek. «Galdera erretoriko bat egingo dut. Zuek noizbait oheratu al zarete emakume batekin? Hala bada, zakila baginan sartuz eta aurrera eta atzera eginez, emakumea orgasmora heldu al da? Nik ez dut inoiz horrelakorik topatu. Baina justu aurkakoa suposatzen zen: norbait horretara heltzen ez bada, porrota da. Orgasmora batera heltzearen mitoa bizirik dago. Horretara heltzen ez bada, porrota biderkatu egiten da», gaineratzen du.

Horrela, emakume «hotzak» edo «klitoridianak» daudela zabaltzen da, penetrazioarekin orgasmora heltzen ez direlako. «Zakilaren glandean bezala, klitorian ere badira orgasmora iristeko mekanikoki estimulatu behar diren nerbio-amaierak. Ia ezinezkoa da zakilarekin egitea. Errazagoa da hatzekin», azaltzen du. Beste ugaztunek ez bezala, gizakiak zutik jartzerakoan sexu-harremanetarako oztopo hori bereganatu zuen.

Sexulapikoan landutako «klitori-bagina polemika» artikuluak hori lantzen zuen. Kontsultan ikusten zituenak jende kopuru zabal bati azaltzea zen helburua. «Kontsultan zortzi lagunekin biltzen nintzen egunean. Urtean kopuru mugatua zen hori. 'Egin'-en bitartez, milaka lagunengana heltzen nintzen, batez ere gazteengana. Irakurriko zuten ala ez, baina hor zeukaten ostiral oro. Abaltzisketa, Orereta, Hernani edo Oiartzungo jendeak kontatzen zidanaren ondorioz ikasitakoa hedatzea zen helburua».

Gaur egun, nabarmentzen du sexu-heziketaren inguruan oraindik ere asko dagoela kontatzeko.

Honi buruzko guztia: 1978