Maiatzaren Lehena dugu gaur, langileen egutegian gorriz markaturiko eguna. Data honetan urtero burutzen diren mobilizazioen eskaerek eta aldarrikapenek lan-baldintzen egoeraren eta herrialde honi eragiten dioten gai nagusien diagnostiko zehatza eskaintzen dute. Aurtengoak ere horren adierazle dira.
Sindikatu nagusiek deialdi propioak egin dituzte, bakoitzak bereak. «Antolatu, borrokatu, irabazi» da ELAren mobilizazioak gidatuko dituen leloa. Dioenez, «patronalaren interesen eta botere ekonomikoen kontrako borroka politiko, sozial eta sindikala egitea da aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra».
Aldaketa soziala «borroka politiko, sozial eta sindikalarekin bakarrik» lortuko dela aldarrikatzeko, Bilbon eta Iruñean deitu ditu mobilizazioak.
LABek aurten bere 50. urteurrena betetzen du, eta ospakizuna Anaitasuna kiroldegian egingo du, «sustraiak sendo, enborra tinko eta adarrak zabaltzeko». Egoera osasuntsuan iritsi da sindikatua, 50.000 afiliaturekin, «printzipioak berresteko» hitzordu honetara. «Langileen antolakuntza eta borrokaren bidetik jarraituko dugu herri honen askapen nazional eta sozialerako bidea urratzen eta irekitzen», nabarmendu du.
LABek Iruñean egingo duen mobilizaziora eta Anaitasuna kiroldegian antolatu duen ekitaldi nagusira deitu ditu gazteak Ernaik. «Kapitalari alternatibak loratzeko» Lezon bildu zirela gogora ekarri ostean, orain eskuartean «mugarri berri bat» duela esan du eta «bizitza duinaren udaberriaren alde lehen lerroan egoten jarraituko» duela adierazi du Ernaik.
Bide luze baten joan-etorriak
Urtez urte egindakoari so eginez, gure herriaren eboluzioaren irudia osatzeko elementuak begien aurretik azkar pasatzen dira, lan harremanen, agente ezberdinen eta uneko errealitatearen arteko loturak begi-kolpe batean agertzen zaizkigu. 1978ko manifestazio unitario jendetsuetatik, 1980ko polizia-kargetara, dibisio sindikaletara, 1994ko ELA-LAB unitaterako itzulerara... 98ko edizioan, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek 35 orduko lanaldia eta enplegua sortzearen aldeko eskaerak egin zituzten Bilbon. 20.000 lagun batu ziren manifestazioan.
Batasun sindikala 2001ean apurtu zen berriro. Bi urte beranduago batasun saiakera berria egin zuten, baina berehala hautsi zen berriro. Ordutik aurrera, prekaritatearen eta lan baldintzen salaketaren, aldaketa politikoaren edota 2009ko maiatzaren 21erako ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek deitutako greba orokorraren aldeko mezuek mobilizazioak josi zituzten.
Gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak, berriro bananduta, hilabete beranduago Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak indarrean jarri zuen lan erreformaren kontra aritu ziren 2010ean, eta CCOO eta UGT zentralek honen inguruan hitzik ere ez zuten esan. Madrildik zetozen eraso eta murrizketak hurrengo urteetako mobilizazioen ardatz bilakatu ziren, bide propioak aldarrikatzen ziren. Tartean ziren PPko Gobernuen lan erreforma berriak, pentsioenak...
2020an berriro kalean, koronabirusaren sasoian egin zen lehena. Urte honetan, ZAZPIKAk Iñaki Egañaren erreportajea publikatu zuen, burututako lehen Maiatzaren Lehenei buruz.
2023an eta krisi globalaren testuinguruan, ELAren eta LABen arteko salaketek euren artean dagoen zatiketa sakonaren berri eman zuten. Lan-baldintzak hobetzeko eskakizuna izan zen elementu amankomun bakarra Maiatzaren Leheneko mezuetan. Sindikatu bakoitzak bere deia egin zuen, eta manifestazioak, beti bezala, jendetsuak izan ziren. Mobilizazioetan borroka sindikala aldarrikatzen da, baina defendatutako estrategiak ez dira berdinak. «Hitzarmen onak lortzeko eta herri justuagoa egiteko» tresnarik onena greba dela aldarrikatu zuen ELAk. LABek «lantokietan, kalean eta erakundeetan, espazio guztietan lehiatuko» zela nabarmendu zuen.
Eta Ipar Euskal Herrian, Emmanuel Macronen Gobernuak onartu berri zuen pentsioen erreforma errefusatzeko, jendetza batu zen Baionan.
Eta aurten, arestian esan bezala, banaketak markatuko du berriro ere gaurko eguna.